Amalur ARTOLA BARAKALDO

Euskal Herriko bertsoaren plaza prest da egun handirako

Euskal Herria BECera begira dago gaur, baina atzera kontaketa aspaldi hasi zen askorentzat. Batetik, gaur protagonista izango den zortzikotearentzat eta txapelketan parte hartu duten bertsolari guztientzat. Bestetik, saioz saio bertsolarien emaria neurtu eta kinielak osatzen ibili diren zaleentzat. Eta, azkenik, guztiak eroso egon daitezen mimoz eta tentuz lanean aritu direnentzat. Azken horiek dira 24 ordutan BEC itxuraldatu eta bertsoaren plaza bilakatu dutenak.

Dena prest da. Aulkiak ilaran txukun-txukun jarrita daude; teknikariek amaitu dute argi eta soinu frogak egiten; jangela ere tuperrak jasotzeko prest da. BEC pronto da finalerako sarrerak eskuratzeko zortea izan duten 13.500 bertsolazaleak hartzeko. Baita gaurkoan begirada guztien protagonista izango den zortzikotea ere: Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta, egungo txapelduna, Maialen Lujanbio.

Zortziak prest, helburu bakarrarekin eta norabide berean: «Lehia kendu gabe baina lehiatik harago, denek ahal duten onena eman nahi dute, eta, batez ere, sortu diren espektatiba horiek betetzeko nahia ikusten zaie; jendea gustura atera dadila BECetik», azaldu du Jon Agirresarobe Torrotxok. Bigarren aldia du Txapelketa Nagusiko koordinazio lanetan, eta, azaldu duenagatik, helburuak partekatzen dituzte: «Gure kezka nagusia segurtasuna eraginkorra izatea da, ikuskizunari ematea behar duen indarra eta jendea eroso egotea. Kezka konpartitua dugu, eta hori polita da, eurek alde artistikoa jarriko dutelako, eta, guk, azpiegitura».

Ohi denez, atzokoan ere antolakuntza lanetan buru-belarri sartuta ibili zen, baina izan zuen tarterik GARAri azken ordukoen berri emateko. Gustura zebilen, BEC eraldatu eta bertsoaren plaza bilakatzeko egun osoa zutelako, eta 2009ko finalerako muntaia gauez egin behar izan zutela ekarri zuen gogora: «Orduan Bizkaia Basketek hemen jokatzen zuen eta gauez egin behar izan genuen, hura bai izan zela gehiegi! Korrika eta presaka aritu ginen. Aurten, ezin esan patxadaz gabiltzanik, baina egun osoa eta behar bada gauaren zati bat edukitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen du». Hala ere, goizeko lehen orduan, 8.00etan, 50 laguneko lantaldea jada lanean zen: «Oholtza eta atzeko tela beltza dagoeneko jarrita zeudenez megafonia, argiteria, pantaila eta halakoen ardura duen ekipoa martxan hasi eta, profesionalak lanean jarrita, bazkaritarako mahai eta aulkiak jartzen hasi gara».

Ekitaldia lau haizetara zabaltzen

Arratsaldearekin batera iritsi zen bertsoaren plaza izango den Bizkaia Arenako eserlekuak atontzeko unea. Ez dira gutxi gaurkoan begirada guztiak BECera begira egongo direla ziurtatu dutenak, eta ez da gutxiagorako: bertatik egun osoan zehar zuzeneko jarraipena egiten ariko dira ETB, Bertsoa.com, INFO7 eta Euskadi Irratia, eta Euskal Irratiek ere zuzenean emango dute arratsaldeko saioa. Hori posible egin dadin 130 profesional ariko dira lanean, kazetari, argazkilari eta kameralariak kontuan hartuta.

Horiek ere beharko dute, baina, euren txokoa Bizkaia Arenan. «Komunikabideentzat txokoa, protokoloko tokia, Terraza Zientifikoa eta abar ere prestatu behar dira, eta, oraingoz bederen, dena bere orduan doa», azaldu zuen Torrotxok bazkalorduaren bueltan, eta lan hori guztia aurrera ateratzeko borondatezko langileen laguntza eskertu zuen: «Bertso eskola askotako jendea dago hemen, Algorta, Enkarterriak, Gabiria, Nafarroa...». Bertsozale Elkarteko kideak, borondatezkoak eta teknikariak kontuan hartuta, atzo ehundik gora lagun ibili ziren lanean, «baina hau hain handia da ez duela ematen!», nabarmendu zuen. Aurtengo abantaila handienen artean 2009ko lantalde bera izatea nabarmendu zuen Torrotxok, eta lanik zailenen artean, aldiz, segurtasuna azpimarratu zuen: «14.000 pertsona halako leku batean sartzeak ardura handia ematen dizu eta segurtasunarekikoak ondo betetzea da daukagun obsesioa». Arratsaldeko zazpietan egin zuten azkenengo azterketa, «dena esanda bezala muntatu dugula ziurtatzeko».

Azken ordukorik gabe

Antolakuntzako kide gehienek Barakaldo eta inguruetan pasa dute gaua eta gaur 07.00etan ziren elkartzekoak: «Bederatzietan irekitzen ditugu ateak, eta, orduan, zortzietarako bakoitzak bere lekuan egon behar du: DIA, segurtasunekoak, postu zehatzetan egongo direnak, harrerakoak...». Guztira, 350 pertsona ariko dira gaur bertsoaren festa ahalik eta erosoena izan dadin lanean.

Bertsolariekin zita, aldiz, 08.00etan jarri dute, «zozketarekikoak eta gai-jartzaileekin hitz egin beharrekoak hitz egiteko. Bakoitza bere autoan etorriko da eta merkantziak sartzen diren lekutik, atzeko atetik, sartuko dira». Batzuk familia edo lagunekin etortzen badira ere, segidan lona beltzaren beste aldera pasa behar izaten dutela azaldu du Torrotxok, eta, hala, egunean zehar ez omen dute hartu-eman handirik izaten: «Aurreko txapelketetan bazkalorduan euren lagunengana eta abar joaten ziren, baina orain zortziek kamerinotako gela batean jango dute, goizean etortzen diren unetik elkarrekin egongo dira». Bertsolariak, oro har, «diskretuak» direla dio Torrotxok, eta ez dituztela gauza asko eskatzen: «Ura, fruta, bazkaria... Eskatzen dituzte gauzak, baina ez asko, eta, gero, bakoitzak dituen maniak etxetik ekartzen ditu. Egia esan, ez digute lan askorik ematen».

Bisitari «bereziak»

Ekitaldi guztietan bezala, Bizkaia Arenan palkoa ere erreserbatua egon ohi da, eta, Bertsozale Elkarteko prentsa arduradun Gontzal Agotek azaldu duenez, gaurkoan bisitari berezi asko espero dituzte: «Elkarteko ohorezko bazkideak, txapeldun izandako bertsolariak, euskalgintza eta herrigintzako ordezkariak eta erakundeetako hainbat ordezkari ere izanen dira bertan». Horiez gainera, Mintzola Fundazioaren Terraza Zientifikoan 80 kide inguru bilduko dira: Kuba, Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak, Gales, Katalunia eta Mallorkatik iritsitako 38 ikertzaile eta inprobisatzailek Euskal Herriko hainbat ikertzaile, bertsolari eta Bertsozale Elkarteko kiderekin biziko dute Txapelketa Nagusiko finala.

Datu praktikoak

ORDUTEGIA

09.00: Ateen irekitzea.

11.00: Goizeko saioaren hasiera.

14.00: Bazkaria. Bizkaia Arena hustu egingo da eta 6. pabiliora joan beharko da. Txartela dutenek han izango dute bazkaria; etxetik eramaten dutenentzat mahaiak eta eserlekuak egongo dira.

15.00: Ateen irekitzea.

16.00: Arratsaldeko saioaren hasiera.

20.00-20.30: Sari emate ekitaldia.

BERTSOLARIEN ARIKETAK

Goizean: 15 bertso puntuagarri.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

- Kartzelako lana: Banaka, gaia emanda, hiru bertso.

Arratsaldean: 10 bertso puntuagarri.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

- Banaka, gaia emanda, hiru bertso.

Buruz burukoa: 10 bertso puntuagarri.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

- Kartzelako lana:

- Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.

- Banaka, gaia emanda, hiruna bertso.

Bazkaria eta autobusak

Bertso ikuskizunaren bere-berezkoak diren alorrez gainera beste asko ere aintzat hartzea eskatzen du Txapelketa Nagusiko finalak. Horietariko bi dira bazkaria eta garraiobideak. Bazkaria BECen alboan dagoen 6. pabilioian izango da. Aurrez 2.000 lagunek hartu dute bazkarirako txartela -gaur ezingo da hartu-, eta janaria etxetik ekarriko dutenentzat bazkaltzeko leku berezia ere atondu da. «Mahaiak eta aulkiak prestatu ditugu, eta, gutxi gorabehera, aldi berean 6.000 lagun egoten ahal dira», azaldu du Bertsozale Elkarteko prentsa arduradun Gontzal Agotek. Garraioari dagokionean, elkarteak antolatutako 55 autobusetan 2.500 bertsozale inguru iritsiko dira BECera, eta, bertako aparkalekuan eta inguruetan «nahiko leku» egongo bada ere, Barakaldora garraio publikoan joateko deia egin dute. A. A.