Jon GARMENDIA
Idazlea

Iturri agortua

Munduaren adina galdetu genuenean zaharra zela erantzun ziguten, aspaldikoa, eta sotilki kontatu ziguten irudikaezinak bihurtu zitzaizkigun garaietatik bueltaka ziharduela, baina izan zen aipatu ez ziguten gauzarik, eta horiek, denborarekin ikasi genituen, gure begiekin ikusi ondoren. Zabor artean gosaltzen baitu miseriak egunero, gosea ogiaren eske ibiltzen den tokietan, eta bitartean Gabonetako argi pean distiratsu promenatzen da elkartasuna, nori eta noiz irribarre tipi bat eskaini jakin ezinik, indarge ageri den alaitasuna baino ez den jestu ñimiñoa bezala. Baina urtean behin zintzoak izaten ikasi genuen, desirak urteko garai jakin baterako uzten, fantasiari itxoiten. Eta geometria irakatsi ziguten, aritmetika, eta historia, dena mundu bakarrean bilduta. Gure ametsak ordea karratuegiak ziren borobiltasun horrentzat, batura sinpleegiak eduki nahi eta ezin duenarentzat, edo, soberan duela ere ez dakienarentzat, eta oharkabean, zaharra zen mundua zaharregi bilakatu zitzaigun. Agortutako iturri baten gisako zerbait. Barnea gauzarik premiazkoenez hustua geneukalako ulertu genuen hutsunea zer zen. Bakardadea, samina, eta tristezia. Lehen ikustaldian maitasuna sortzen dela erran zigutenoi, halakorik lehen ukituan ere sentitzen dela agertu zitzaigun, lehen lurrinarekin maitemindu gintezkeela ulertu genuen, desberdinegiak ginela, eta justuki desberdintasun horietan zetzala aberastasunak. Maitasunak baino ez zeukala ahalmena gizartearen zutabeak pitzatzeko, eraikitakoa deseraiki, eta sentikorrago eta justuago den jendarteari hats berria eskaintzeko. Hargatik utzi genuen mundu hura bazterrean. Eta haren xerka abiatu ginenean ohartu ginen mundu berririk badela, samurtasuna zelarik gure bizkar gaineko motxila bakarra, hura sentimenduz bete, ulerkortasunez, eskuzabaltasun eta laztanez, eta mundu berri hori gure barnean dagoela ikusi genuen. Beste mundurik ez delako existitzen.