Aimar ETXEBERRIA
Erraustegirik ez Gipuzkoan

«Nik ere gelditu dut», aldarrikatu dute ehunka lagunek Usurbilen

Horrela abestu zuten Zarautz, Lasarte eta Usurbileko abeslariek Errausketaren Aurkako Koordinakundeko, Eguzkiko, Ekologistak Martxaneko, Gipuzkoa Zero Zaborreko eta Greenpeaceko kide banak errauste planta baten maketa bat eraisten zutela irudikatzen zuten bitartean: «Baina guztiok batera, erraustegia botatzera».

Giro goibelarekin hasi zuen atzoko eguna Usurbilek, ondoren zetorkion ospakizunak dena argituko zuela jakitun izan gabe. Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak, Eguzkik, Ekologistak Martxanek, Gipuzkoa Zero Zaborrek eta Greenpeacek deituta, ospakizun eguna zen atzokoa Gipuzkoan, herrialdean errauste plantarik egingo ez dela-eta. Ez zen atzokoa gisa honetako lehenengo ekimena izan, duela hilabete pasatxo ere, azaroaren 16an hain zuzen, antzeko ekitaldi bat burutu baitzen Zubietan.

Egitarauari jarraituz, mendi martxa batek eman zion hasiera ospakizun egunari. Usurbilgo eta Lasarteko mendizaleek bat eginda, errauste planta egitea aurreikusten zen lurretara egin zuten txangoa hamarnaka lagunek. Bertan, lursail horretan eraikitzekoa ziren proiektuaren inguruko xehetasunak elkarbanatu zituzten, eta are aberasgarriagoa den ariketa bat ere burutu zuten, etorkizunean lur horietan egin daitekeenaren inguruan hausnartu baitzuten.

Martxa Usurbilgo frontoian amaitu zuten, egitarauaren zatirik handiena burutu zen gunean. 11.00etan hasi zen bertan mugimendua, zanpantzarren joan-etorriarekin. Horiek izan ziren Usurbilgo herritarrak etxetik ateratzearen arduradunak.

Frontoia festagune

Apurka-apurka, heldu zein ume joan zen gerturatzen guztia preste zegoen festagunera. Pailazoak izan ziren lehenak ekitaldi nagusia burutuko zen taulara igotzen, eta, nola ez, horien artean zen Porrotx. Agertoki aurrean alfonbra bat jarri eta bertan eseri ziren hamarnaka ume, eurek ere festan parte hartu nahi zutela aldarrikatuz.

Une berean, eta goiz guztian zehar bezala, Sutegin jarri zuten bideo emanaldiari begira ziren beste hainbat lagun. Bertan, errauste plantaren aurkako borrokan hain ezagun egin diren bi bideo proiektatu zituzten: bata, Zubietako frontoian egin zen flashmob-arena eta, bestea, Gipuzkoako herri ezberdinetan garatu zen MunduMob ekimenarena. Biak ala biak ere abesti baten inguruan eginiko koreografia batean oinarritzen dira. Zurriolako hondartzan egin zen mosaikoaren bideoa ere proiektatu zuten.

Horiek horrela, eta umeentzako pailazoek eta bideo emanaldiek jarraitzen zuten bitartean, ekitaldi osteko dantza entseatzeko deia entzun zen bozgorailuetatik. Deiari jarraiki, Askatasunaren plazarako bidea hartu zuten hamarnaka lagunek, pailazoak taula gainetik jaitsi eta Andoni Morau kantautoreak bere lekua hartzen zuen bitartean. Aipatzekoa honen errepertorioa, zero zabor politika izan baitzuten bere abesti gehienek oinarri, atzoko ospakizunerako ezin aproposago.

Baina frontoia ez zuten soilik ekitaldiak egiteko erabili. Erakustoki bezala ere erabili zuten, hainbat postu jarriz bertan. Bertan zen, besteak beste, Gipuzkoa Zero Zaborren postua, zero zabor politikaren aldeko haize errota eta pegatinekin. Bertan zen, halaber, EginKlik! taldearen postua ere. Usurbilen bertan sortutako lantaldea da berau, ordenagailu «zaharrak eta ez hain zaharrak» egokitzea helburu duena. Hori gailu informatikoak berrerabiltzeko helburuarekin egiten dute, «birziklatu aurreko pausu bat delako». Eta nola ez, pintxoak saltzeko posturik ere ez zen falta izan barruak berotzeko.

«Usteltzen hasia dago eta...»

Ekitaldi nagusiari 13.00etan ekin zioten, frontoia eta inguruak jada lepo zeudela. Gisa honetako ekitaldietan ohikoa bihurtu denez, Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zaborreko kidea izan zen lehena hitza hartzen. Errauste planta bertan behera geratuko zela jakin zuten egunetik «pozez» dagoela adierazi zuen, eta albiste hori posible izan zedin herritarren parte hartzea «ezinbestekoa» izan dela aldarrikatu zuen. Horren adibide gisa jarri zuen bere hitzen ostean taula gainera igo zen pertsona kopurua.

Zarauzko, Lasarteko eta Usurbilgo kantariak ziren, «Aitona zaharraren abestia» kantatzera igo zirenak, Asier Azpirozek eginiko moldaketa batzuekin, ordea. Frontoi guztia jarri zuten elkarrekin honakoa abesten: «Baina guztiok batera, erraustegia botatzera, usteltzen hasia dago eta laster eroriko da». Hala, eta aipatu abestia tarteko, errauste planta baten maketa baten eraistea irudikatu zuten atzoko eguna antolatu zuten eragileetako kideek.

Asier Azpiroz berak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ere hartu zuten parte ekitaldian, nahiz eta bertsoak ez zituzten taula gainetik bota, bi etxebizitzetako balkoietatik baino. Erraustegiaren proiektua bertan behera geratu izana «amesgaiztoaren bukaera eta bide berri baten hasiera» zela abestu zuen Azpirozek. Gaztelumendik, aldiz, «erokeria hau bukatu da eta zorionak Gipuzkoa» kantatu zuen.

Beasaingo Zero Zaborreko Ruben izan zen eragileen partetik hitza hartu zuena. Burua eta bihotza izan zituen hizpide, burua ondo daukanak ez errauste plantarik ez erraustegirik ez duela nahi esanez. Aldiz, bihotz ona duenak, besteen etxe ondoan ere ez duela nahi gaineratu zuen. Era berean, asko kostatako lana izan dela adierazi zuen. «Unerik beltz eta etsigarrienetan lanean segitu izanak, une hobeak eta aukera berriak sortzeko balio izan du. Kemena eta baikortasuna aldarrikatzen ditugu», gaineratu zuen. Hala, bidea ibiltzen egiten dela gogoratu zuen, proiektu kaltegarriei ezetza ematea nahikoa ez eta bide berriak gauzatu behar direla aldarrikatuz.

Ekitaldiaren amaieran askatu zituzten poztasun denak, nola ez, aurrez entseatzen ibili ziren bi dantzaldiekin batera. Errauste plantaren aurkako mobilizazio gehienetan partaide izan diren Mikel Erguin eta Urki buru, azken aldiz MunduMob ekimeneko abestia eta flashmob-a dantzatzeari ekin zioten, frontoia lepo zela, poztasun denak askatuz. Erguin berak agertokitik onartu zuenez, negarra ere eragin dio errauste planta bertan behera geratuko dela jakiteak. Zerbaitegatik izango da.

Zozketa batekin eman zioten amaiera «Nik ere gelditu dut» lelopean ospatu zuten ekitaldiari. Hiru sari banatu zituzten: bi lagunentzako otordua Usurbilgo Patri jatetxean, bertako produktuekin osatutako otarra eta «berrerabilpen kit-a». Azken horren irabazlea atzo bertan agertu bazen ere, lehen bi sarien irabazleak falta dira oraindik. 7.828 zenbakia da lehenengo sariaren irabazlea, 1.089 zenbakia, aldiz, bigarrenarena. Hilabeteko epea dute Gipuzkoako herri ezberdinetan zero zabor zozketak erosi dituztenek beren txartelak begiratu eta irabazle izanez gero Gipuzkoa Zero Zaborreko kideekin harremanetan jartzeko.