Jon GARMENDIA Idazlea

Maitemintzen

Saltzaileak irribarre polit bat eskaini dizula ohartu duzu, eta orduan, zure begiradarik amultsuena oparitzen diozu trukean

Hamar bat aldiz maitemintzen zara egunean. Batzuetan, lehen eguzki printzekin batera, karrikan behera jaitsi eta bidean gurutzatutako anitzek, begiradarekin zerbait erran nahi izan dizutela ohartu duzu. Interesa piztu diezu, edo erakargarri atzeman zaituzte, horregatik behatu dizute xarmaz, hori da pentsatzen duzuna. Eta begi-niniak distiraren pean borobildu eta autoestimua goratzen den lekuetara eramaten zaitu memento horrek, urteak pasa arau zailagoa baita xarmatzearen merkatu horretan salneurri egoki bat ukaitea. Konkurrentzia handia dago, eta gizakiaren eboluzioa zure kontra doa, geroz eta ederragoak atzematen dituzulako zu baino beranduago sortu direnak. Beste batzuetan, autobusean edo trenean sentitu izan duzu begiradak zugan pausatu direla, unea izoztu duen, edo, denboraren igaroa mantsotu duen intentsitate handiko zerbait sentitu izan duzunean. Eta jolas horretako protagonista zu zara; maite duzu desirak agerian uzten dituen gurpilari segida eman eta begiradaren fantasiak sortu duen erlazio labur horretan parte hartzea. Okindegian sartu izan zara besteetan, eta saltzaileak irribarre polit bat eskaini dizula ohartu duzu, eta orduan, zure begiradarik amultsuena oparitzen diozu trukean, eskerrak emateko manera bat balitz bezala, eta zuganako duen jarrera atseginari adeitasunez erantzun eta energia maitekor bat telepatikoki helarazteko intentzioarekin. Kiroldegian ere gertatu zaizu halakorik, zineman, supermerkatuan, eta baita egunero kafea hartzen duzun ostatuan ere. Maitagarri atzeman zaituztenez haiek maitagarri direla sentitu duzu hamaika leku desberdinetan. Horregatik guztiagatik zaintzen duzu bereziki itxura, besteek begiratuko zaituztenean eder agertzeko, agian, apain zaudelako begiratzen baitzaituzte. Eta orain beherapenen garaia da, sos anitzik ez baduzu ere arropa polita eskuratzeko garaia, behera penak eta gora bihotzak, maitemintzen segitzeko garaia baita.