Txillardegi hil zeneko bigarren urteurrena gogora ekartzeko ekitaldi literarioa egingo dute gaur

Idazle donostiarra duela bi urte hil zen, eta honi gorazarre egiteko ekitaldi literarioa egingo dute gaur Donostiako Lasala plazan, Txillardegi bizi izan zen etxearen aurrean, hain zuzen ere.

Gaurko egunez, duela bi urte hil zen Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi euskaltzalea. Bera oroitzeko ekitaldia egingo dute, 11.30ean, Donostiako Alde Zaharreko Lasala plazan. Bertako etxe batean bizi izan zen Txillardegi, eta plazaren erdian kokatuta dagoen lehoiaren inguruan testu bat idatzi zuen 1957. urtean, soldaduska egiten ari zela.

Lehoi hori hiriaren ikurra izan zen behin, Lehorreko Atean (gaur egungo Bulebarreko kioskoa dagoen lekuan) zegoen, leku pribilegiatuan. Harresiak botatakoan lehoia hiriko leku desberdinetan kokatuta egon zen, bere behin betiko txokoa topatu zuen arte: Lasala plaza. Txillardegik lehoi haren inguruan idatzitako testua aitzakiatzat hartuz, haren ondoan eskainiko diote idazleari ekitaldi literario berezia, Fito Rodriguezek gidatuta.

Ekitaldia Txillardegi Liburutegia Ekimenak antolatu du. Ekimen honek Alderdi Ederren kokatutako Liburutegi Nagusiari «Txillardegi Liburutegia» izena jartzea proposatu zuen, hain zuzen ere, idazle donostiarrak euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko, hiriko beste liburutegiek beste hainbat euskaltzaleren izena duten bezala (adibidez, Koldo Mitxelenarena).

2013ko abenduaren 20an Kulturaren Udal Kontseiluan PSEk, PPk eta EAJk kontrako bota eman zuten eta eskaera bertan behera gelditu zen. Proposamen hori Plazara Goaz Euskara Batzordeak bideratu zuen, herritar talde batek, alegia, eta horregatik erabaki horren kontrako ahotsak entzun ziren ordutik aurrera; Nerea Txapartegi Udaleko Euskara eta Kultura ordezkariaren ustez, «gure hiriari, euskarari eta euskal kulturari egin zion ekarpena betiko aitortzeko unea zen», horregatik, udal gobernuak ez zuen ulertu «oposizioko alderdiek proposamena ez babestea».

Iritzi berekoa da Jakes Lafitte ingeniaria. «Enbata» aldizkarian argitaratutako iritzi artikuluaren arabera, bere ustez, «Donostiako liburutegiari Txillardegi izena ematearen aurkako botoa kezkagarria da eta deabru zaharrak arrapiztu nahi ditu». Bere iritziz, harritzekoa da PSE kontra agertzea, «Udaletxeko Domina emateko ados zegoela oharturik, Txillardegiren baitan gizon politikoa baino kultur gizona gehiago kontuan hartzen baitzuten». EAJren ezezkoa ere ez du ulertzen Lafittek: «Alderdi honek, abertzale izanik, euskal kulturaren alde hainbeste egin zuen gizon batek sortu zen Donostia horretan ohorezko toki bat ukan zezan ahalegindu beharko zuen».