GARA

300 lagunek hartuko dute parte Arabako Bertso Kuadrilla Artekoan, bertsolaritza sustatzeko asmoz

Bat-bateko zein idatzizko bertso taldeak osatuko dituzte, eta, otsailaren 1etik apirilaren 5era bitartean, Arabako herri desberdinetan arituko dira saioak eskaintzen. Azken egunean topaketa egingo dute.

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa aurkeztu zuten atzo Agurainen. Aurtengoan, lehiarik gabe ariko dira bertsolariak, eta, saioak, berriz, autogestionatuak izango dira. Guztira 300 lagunek hartuko dute parte otsailaren 1ean hasi eta apirilaren 5era arte luzatuko diren saioetan. Helburu nagusia Arabako bertsolaritza astintzea da.

Bertsozale Elkartearen ekimenez, 2010ean ospatu zuten lehen aldiz Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa eta herrialdeko bertsolaritzarentzat mugarri izan zen horrelako ekimen bat martxan jartzea. Aurten hirugarrenez ospatuko dute Bertso Kuadrilla Artekoa, ezaugarri nagusi batekin gainera: ez da lehiarik izango. Izan ere, parte hartzea sustatzea dute helburu antolatzaileek, eta, horrenbestez, ez da sailkapenik izango; era berean, apirilaren 5eko azken saioa ez da finala izango, parte hartu duten bertsolari guztien topaketa baizik.

Bestalde, bat-batean ariko diren taldeak autogestionatuak izango dira; hau da, talde bakoitzak erabakiko du zenbat saio antolatu eta zer formatu izango duten saiook. Lankidetza sustatzeko bidean, taldekideek izango dute ardura guztia: eurek bilatu beharko dituzte baliabide teknikoak eta euren ardura izango da antolatutako saioei oihartzuna ematea bertsozaleak bertaratzeko.

Horiek horrela, 300 parte hartzaileak 34 taldetan banatuko dira. Horietatik 15 talde bat-batean ariko dira eta gainontzeko 19 taldeek idatzizko bertsoak prestatuko dituzte. Azken talde horiek bereziki garrantzitsuak dira antolatzaileentzat, Bertso Kuadrilla Artekoaren helburua ez baita bertsolariak plazaratzea, baizik eta bertsotan aritzea, bakoitzak ahal duen neurrian.

Zaletasuna piztea helburu

Bertso Kuadrilla Artekoaren beste helburuetako bat bertsolarien arteko harremana sendotzea eta belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkartzea denez, taldeak bertso eskoletan, gazte asanbladetan, euskaltegietan eta antzeko guneetan sortu dira. Era berean, talde bakoitzean bertsolariez gain bestelako kideak ere badira: gai-jartzaileak, grabatzaileak, sukaldariak, trikitilariak...

Aurtengo Bertso Kuadrilla Artekoak hogei saio izango ditu guztira. Ekimenari hasiera emateko aurkezpen festa urtarrilaren 18an egingo dute Agurainen. Ondoren, otsailaren 1etik 5era Arabako herri askotan ariko dira gazteak bertsozaletasuna sustatzeko asmoz. Honela, eskualdeetako gaztedia aktibatuz, bertso eskola eta talde berriak sortzea espero dute antolatzaileek.