Iñaki Etaio, Aitor Bikandi, Igor Goikolea
Palestinako 2013ko Askepenako brigadistak
GAURKOA

Boikota, herri borrokaren tresna gisa

«Israelekiko negozioak finantza-arrisku bat izaten hasi dira»; hala diote egileek Palestinan jaso zituzten komentarioen berri emanez. Eta hau guzti hau, BDS nazioarteko kanpainari -Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak- esker lortu dela defendatzen dute, elkartasun ekimen eraginkortzat jotzen baitute. Ez da era pertsonalean egiten den kanpaina bat, Israel finantzatu eta sostengatzen duten konpainien aurkakoa da, palestinar herriaren aurrerabiderako «aukera errealista bat» delako.

Urte batzuk pasatu dira jada Israelgo Estatuaren aurkako boikot, desinbertsio eta zigorren aldeko kanpaina (BDS bezala ezaguna: Boycott, Divestment and Sanctions) martxan jarri zenetik, Hegoafrikako apartheid erregimena nazioartean isolatzeko kanpaina luzearen eredua hartuta. BDS kanpaina Palestinako 170 erakundek bultzatuta dago (http://www.bdsmovement.net/call) eta Palestinako espektro politiko osoak sostengatzen du, ezberdintasun ideologikoen gainetik, Palestinako korronte politikoak banatzen dituzten eta etsai sionistaren (baita bere nazioarteko laguntzaileen) aurkako borroka ahultzen duten ezberdintasunak, hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, kanpaina hau herri palestinarrak berak bere borrokaren aldeko mugimendu solidarioei eskaintzen dien tresna nagusia da.

Kanpainak hiru ardatz nagusi ditu. Alde batetik, produktu eta zerbitzu israeldarrei boikota, akademia -eta kultura- boikota barne. Azken honek Estatu israeldarra nazioartean Estatu moderno eta demokratiko bezala promozionatzeko, akademikoek, artistek eta kirolariek daukaten paper berezia salatzen du. Ekimenak ez du bilatzen boikota era pertsonalean; bideratuta dago Estatu sionistaren enbaxadore bezala aritzen direnei, hain zuzen, beren ustezko aktibitate aseptikoaren atzean Estatu horren finantzaketa eta sostengua jasotzen dutenak eta Israelen irudi positiboa zabaltzera eta okupazioren gaia ekiditera konprometitzen dituzten klausula bereziak sinatzen dituztenak.

Beste alde batetik desinbertsioa dago, Herri palestinarraren eskubideen zapalkuntzan parte hartzen duten enpresen finantzaketa, beren produktuen erosketa eta zerbitzuen kontratazioa bertan behera uztera bideratuta, bai sektore publikotik, baita pribatutik ere. Desinbertsio kanpainen adibide nagusiak Veolia, Alstom edo Eden Springs enpresen aurka burututakoak dira.

Hirugarren osagaia zigorrena da, nazioarteko instantzietan Estatu sionista zigortua izan dadin bideratuta.

2005eko jendarte palestinar zibilaren deialdian jasotzen denez, BDS kanpaina mantenduko da Estatu israeldarrak Herri palestinarraren autodeterminaziorako eskubidea onartu arte eta nazioarteko legediak jasotakoa bete arte: okupazioa eta kolonizazioa bukatzea, harresia desegitea, Estatu israeldarraren barruan dauden palestinarren eskubideen berdintasuna onartzea eta errefuxiatu palestinarren bueltatzea bideratzea.

BDS kanpainaren helburua desitxuratzeko saiakera batzuk egon dira. Maiz erabilitako akusazioa antisemitismoarena izan da, Europako populazioaren zati handi batek juduekiko duen erruduntasun eta zor historikoaren sentimenduaz baliatuz. Hala ere, kanpainaren bultzatzaileek oso argi azpimarratzen dutenez, kanpainak ez du zerikusirik erlijio kontuekin; zerikusia dauka, hots, zapaldutako herri baten eskubideen aldeko borrokarekin, eta zapalketaren erantzulea, Estatu sionista, bera bai dela judaismoa bere oinarri nagusi bezala ezartzen duena. BDS bultzatzen dutenen artean erakun-de eta pertsona ez erlijiosoak badaude, baita fede ezberdinetakoak ere, juduak barne.

Ekimen hau estaltzeko eta zilegitasuna kentzeko saiakerek ez dituzte ekidin aurrerapauso garrantzitsu batzuk. Horien artean, entitate publiko batzuek Veolia eta Alstomekin sinatzear zituzten milaka milioi euroko kontratuak bertan behera uztea dugu adibide nagusia, enpresa frantses hauek Jerusalem eta kolonia sionisten arteko tranbia-linean parte hartzeagatik. Beste adibide bat G4S segurtasun enpresa britainiarraren kontratu galerarena da, kartzela-sistema sionistari eta check-point sareari hornikuntza emateagatik, bai eta Co-Operative Group supermerkatuen sare britainiarrak produktu israeldarrak inportatzeari uztearena ere.

Akademia -eta kultura- boikotari dagokionez, israeldarren emanaldien aurrean nazio batzuetan izandako protestek lortutako bertan behera uzteek, bai eta Estatu sionistan bertan egitekoak ziren ekimenetan artista eta izen handiko pertsonalitateek parte-hartzeari errefusatzeak (Pink Floyd edo Stephen Hawking kasu) ere, BDSren zabaltzea eta ikuspena handitu dute. Kanpainak hartu duen garrantziaren beste adierazle bat Kanpo Harremanetarako Ministerioan kudeatzetik (nagusiki Israelen aldeko nazioarteko propagandaren finantzaketa handitzen) Alderdi Estrategikoen Ministerioaren kontu bat izatera pasatu izana da.

Emaitza zehatz hauek erakusten dute, seriotasunez eta iraunkortasunez garatuta, boikota tresna eraginkorra dela. Estatu sionista oso boteretsua da militarki, baina ez dago prestatuta halako borroka molde honi aurre egiteko. Palestinan komentatzen zigutenez, BDSri esker Israelekiko negozioak finantza-arrisku bat izaten hasi dira.

Zentzu horretan, gara dezakegun Palestinarekiko elkartasunik eraginkorrena, herritik herrira elkartasun-harremanak eraikiko lituzkeen Euskal Herri libre bat lortzeaz gain, BDS kanpaina bultzatzea da. Palestinaren okupazioa ez da gaindituko internazionalistak bidaliz (nahiz eta beren presentzia ezinbestekoa izan elkartasun mezua eramateko eta lekukoak izateko), ezta dirua edo materialak bidaliz ere (kasu batzuetan beharrezkoa izan daitekeena, nahiz eta beste batzuetan borondateak erosteko pozoitutako karamelua izan; segun eta nork, nori eta zertarako bidaltzen duen). Kontua da Herri palestinarraren gehiengoaren deialdiari erantzutea, begirada epe ertain-luzean jarrita, arlo guztietan (ekonomia, diplomazia, kultura, kirola, hezkuntza, ikerkuntza...) arituz erregimen sionista nazioartean isolatzeko; Herri palestinarraren kanporatzean, okupazioan eta apartheiden oinarritzen den erregimen espantsionista eta arrazista, hain zuzen ere. Bakarrik modu honetan gatazka historiko honi irtenbide bat emango zaio, era berean inperialismo yankiak eta europarrak zonaldean duten esku-sartzea ahulduz.

Palestinatik haratago, BDSren esperientziak, oraindik nahiko laburra, erakusten digu munduko gainontzeko herrioi boikoterako gaitasuna borroka-tresna gisa, herriaren parte-hartze masiboa bidera dezakeela. Hala ere, tresna hau erabiltzeak aurreko eztabaida behar du, boikotatzeko produktu eta zerbitzuen balizko hautabideei buruz eta, urrunera joaten, ea benetan hautabide bat behar dugun. Coca-Cola enpresako Kolonbiako sindikalisten hilketengatik boikotatutako Coca-cola-ren aurrean, alternatiba bat ezinbestekoa dugu? Kola-edarien kontsumoa gure bizi beharra eta euskal idiosinkrasiaren parte da? Honen harira kuestionatu behar dugu zein punturaino gure kontsumo-ohiturak ez ote diren artifizialki sortuak. Zentzu horretan, kontzientzia militantea ezinbestekoa da; gure kontsumo-patroiekin nor finantzatzen eta nori kalte egiten ari garen inguruko kontzientzia. Borroka eta elkartasuna inoiz erosoak eta merkeak ez diren kontzientzia, baina, aldi berean, herrien askapenean aurrera egiteko bide errealista bakarra direla jakinda. Che-k oso ondo adierazi zuen: «Gure sakrifizioa kontzientea da, eraikitzen dugun askatasunagatik ordaintzeko kuota».