Jon GARMENDIA Idazlea

Damuak

Kontua da noiz pentsatu behar duzun egin beharreko gauza oro, edo aitzinetik, edo mementoan, edo ondoren. Hirurak baitira posible, baina ez dute zama bera.

Badakizu denok daukagula arantza ttipi bat sartua. Ilunpeetan babesturik, kanpora ateratzeko tunelik aurkitzen ez duen zerbait ondo gordea daukagula, besteei ezkutatu, eta agertu nahi ez diegun zerbait; egindako garaia pasata, damu gisako sentimendu bilakatu zaigun zerbait. Eta batzuk, egiteko parada ukan, eta egin gabe utzi dutenaz damutzen direla, hala entzun zenuen, beste damu sentsaziorik ez dagoela, baina zuri, egindakoekin gertatzen zaizu halakorik. Izango da inertziaz funtzionatzen duzulako gehienetan, mementoan sentitutakoaren arabera, eta hor, pausarako astirik ez da, ez behintzat gauzak behar bezala pentsatzeko. Edo tira, nork daki, agian horretan datza bizitzaren sekretua, desira eta gogoko duzun hura egin eta plazeraren arropak soinean eramatean.

Kontua da noiz pentsatu behar duzun egin beharreko gauza oro, edo aitzinetik, edo mementoan, edo ondoren. Hirurak baitira posible, baina ez dute zama bera, eta ezta ardura bera ere. Pentsamenduek aldakorrak izan behar dute gainera, alferrik baita ideia eta asmo batekin luzaroan tematzea, hertsidurak ireki eta fermuki oratutako printzipioei aske izaten utzi behar zaie, sanoagoa da hori, zintzoagoa, halako irudipena daukazu batzuetan, baina ez beti, soilik batzuetan. Eta zalantzek gaina hartzen dizute eskuarki, hodei beltzenek irensten zaituzte, eta filosofatzen hasten zara, moralitateak gaztigua besterik ez duela ezartzen, eta tabuak ditugula hurrean, muga anitz barrunbeetan zehar, nahinoiz eta nahinon aurkitzen ditugun mugak, poliziaz josita, norbere agindupeko poliziez. Horregatik ez duzu fitsik egingo, desirak erreprimitu, eta zure horretan mantenduko zara. Baina zaude, zaude! Ez ote du honek guztiak erran nahi egiten dituzun gauzak ez dituzula zuretzat egiten?