Guzman Ruiz Garro
BBK-ko Biltzarkidea
KOLABORAZIOAK

Kutxabank pribatizatu egingo da

Lehenengo kutxa 1838an jaio zen eta 2011n onartutako erreforma batzuek bere bukaera irragarri dute. Aurrezki-erakundeak bazeuden jada banku izateko bidean, Aurrezki Kutxen Lege Organikoak eta Gobernu zentralaren dekretuek bultzatuta

Estatuko oligarkia finantzarioak beti nahi izan du aurrezki kutxak pribatizatzea, baina duela gutxi iritsi zaie horretarako aukera: goraldi ekonomikoak bultzatutako xahutzearen kulturak bete- betean harrapatuta, puztutako proiektuetan kredituak emateko politika okerrak gailendu ziren, higiezinen merkatuan batez ere, eta hori bihurtu da haien hilarri. Lehenengo kutxa 1838an jaio zen eta 2011n onartutako erreforma batzuek bere bukaera iragarri dute. Aurrezki-erakundeak bazeuden jada banku izateko bidean, Aurrezki Kutxen Lege Organikoak eta gobernu zentralaren dekretuek bultzatuta.

Basileak banku bat sortzeko beharra zekarren, eta kutxak fundazio bihurtzekoa. Izaera juridiko hori zuten gogoko, izan ere -Egonkortasun Finantzarioko Foroaren sortzaileen arabera- akziodun elkarte anonimoak gehiago erakartzen ditu inbertsiogileak, baita bankuen kasuan ere. Troikak (Bru- sela-NDF-EBZ) bankuen kaudimena lehenesten du benetako ekonomiaren arazoen ordez, eta kutxak desagertzearekin tematuta dago.

Espainiako finantza-sektorearen zati baten eta troikaren artean hiru hilabeteko tirabira egon zen, Madrileko gobernua tarteko, eta beste horrenbeste behar izan zen legebiltzarrean Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea onartu arte, 2013ko abenduaren 28an. Arau berriak aurrezki kutxen modeloari bukaera emango dio erabat, Caixa Pollensa eta Caixa Ontinyent izan ezik. EAJren eta PPren arteko negoziaketak berriki itxi dira; emaitza, eskasa: EAJk babesa eman dio legeari, Kutxabanken gainean kutxek duten jabetza epe jakin batez luzatzearen truke.

Kutxabanken testuingurua kokatuta, ohiko zalantza batzuk argitzen saiatuko naiz.

Kutxabankek burtsara ateratzeko edo bazkideen kopurua handitzeko beharra al dauka? Banku baten ja- betzaren %50a baino gehiago duten fundazioek erreserba-funts bat eratzeko betebeharra izango dute baliabide propioen balizko beharrei aurre egin ahal izateko. Erreserba-funts hori likidezia eta kreditu-kalitate handiko tresna finantzariotan inbertitu behar izango da, fundazioak behar duenerako eskuragarri. Bost urteren buruan erakundearen jabetza %50etik beherakoa izango dela bermatuko duen desinbertsio-plan bat aurkeztu ezkero, ez dago funts hori eratu beharrik.

Zehaztasun bat: ez da nahikoa BBK-k duen %7,01a desinbertitzea; Kutxen eta Banku Fundazioen Legearen 43.2 artikuluaren arabera, partehartze bakartzat hartuko da kreditu-erakunde berean partehartzen duten fundazio guztiena, eta egoera horretan elkarren artean bete beharko dituzte kapitulu honetan ezarritako betebeharrak. Hau da, Legeak erabaki latzaren aurrean jartzen du Kutxabank: egoera ekonomiko larriaren baitan erreserba-funts bat eratzea ala pribatizatzea, nola edo hala bazkide berriak bilatuz.

Kritikagarriena, nire ustez, etengabeko gezurrak erabiltzea izan da, hiritarrak nahastu eta alternatibak oztopatzeko. Horrela herrialde honetako jendarteari lapurtu egin zaio aurrezki kutxen zereginaren eta balioaren inguruan eztabaida zuzen bat egiteko aukera. Orain, beranduegi, aukera okerrak eta okerragoak bakarrik daude. Bihotzeko minez diot baina kutxen pribatizazio-prozesuan atzera egitea, garai hontan, hiritarren bultzadarik gabe eta adostasun politiko nahikorik gabe, amets hutsa da.

Irensgarriagoa» al da bankuaren %30eko partehartze soil bat? Mario Fernándezek Deustuko Komertzialean etorkizuna iragarri zuen berriro. Bertan, BBK-k, Kutxak eta Vitalek Kutxabanken %30a kontrolatuko lukete «bukaeran», gainerako %70a kanpoko akziodunen eskutan geratuz. Zergatik ez da jada %92,99a, ezta %49,99a ere, eta bai %30a? Ulertzen dudanez, «irensgarritasuna» %29,9an legoke, %30etik gorako partehartzea duten fundazioek oraindik ere kudeaketarako protokolo bat aurkeztu behar dutelako eta hori ez duelako inork atsegin. Beldur naiz, hala ere, %30aren leloa jendeari sartzeko beste ziri bat ote den. Kutxen eta Fundazioen Legearen izpiritua da hauek ez izatea inolako zerikusi edo harremanik Kutxabankekin, eta Legea sinatu dutenek oso ondo dakite hori.

Zein eragin du Basilea III-ak Kutxabankek partehartzeak sal ditzan eta zein eragin du honek gure produkzio sarean?

Pasa den urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen eraentzak jarraika izango du eragina eta kalte egingo die enpresen partehartzeei bankuen kalitate goreneko kapital-maila neurtzeko orduan. Kutxabanken zorroaren garapena hau izan da: 2011. urtean, 266 enpresa, inbertsiotan 4.800 milioi; 2013. urtean, 118 enpresa, inbertsiotan 3.000 milioi. Kutxabanken zuzendaritza-taldearen asmoa 2015erako 100 enpresa geratzea da, 2.600 milioitan balioztatutako partehartzeekin. Hauetako batzuekin konpainia bat eratzen bada, zenbatekoa askoz txikiagoa izango da.

Partehartutako enpresen administrazio-batzordeetan presentzia izatea garapen-ekonomikoaren giltzarrietako bat izan bada, euskal kapitalaren irteerak ekar litzakeen kalteak nabarmenak dira (gogoratu Euskaltel, adibidez).

Zer gertatuko da kutxen Gizarte Ekintzarekin?

Epe laburrean, Bankuaren dibidendua ez da askorik izango. Murrizketaren adibide bezala: 2010ean BBK-k iragarri zuenez, 5 urtetan 370 milioi euro bideratu zituen Gizarte Ekintzara. Aldiz, ekitaldi honetarako Kutxabankek 27,9 milioi eman ditu hiru kutxen Gizarte Ekintzetarako. Kutxabanken jabetzako partehartze batzuekin konpainia bat eratzeko ideia lehen ere zapuztu zen, baina burutuko balitz ere ez litzateke nahikoa izango. Euskal-andaluziar bankuaren presidenteak otsailaren 27an aurkeztutako datuak egiazkoak badira, partehartze guztiek 25,2 milioi eman zuten; honek esan nahi du zorrorik garrantzitsuena (Iberdrola, Petronor, CAF edo Enagás) Kutxabanken geratu ezkero ez litzatekela iritsiko Gizarte Ekintza mantentzeko. Ala bai, asmoa balitz lankidetzan dutena bakarrik mantentzea, baina honek berezko 170 lanpostu suntsitzea ekarriko luke. Finantza arloan suntsitu diren 1000 hoiei gehituta badira batzuk.

Zeintzuk izan litezke Kutxabanken bazkide berriak?

Hasteko, kanpoko edozein kapitalek Kutxabanken «izaera» baldintzatuko luke. Sineskaitza den arren, barrutik entzuten da konpainia katalandarren izenik Catalunyabanc-en ziria sartzeko (kutxen ezkontzetan bakarrik geratu zen ezkongai bakarra), edo Unicajarekin balizko fusiorik. Hauek ipuinak bakarrik badira, Fernández jaunak nahi dituen 150.000 milioitako aktiboetara iristeko bazkide gehiago behar izango dira, edonola ere, eta Kutxabanken sakela nola dagoen ikusita ez dago fusiotarako edo erosketetarako tarterik. Bestalde, bitxia da oraingo egoeraren kakoetako bat CajaSurren zorigaiztoko erosketa izatea eta, hura argitzeke, ezerk ez inork ez oztopatzea makroeragiketa berriekin espekulatzea.

Jatorrizko akats bat: Kutxen eta Fundazioen Legetik lehen aipatutako bi aurrezki kutxak bakarrik libratu direla adostu ezkero, BBK, Kutxa eta Vitalen bankarizazioak hutsegite bat izan zuen eta galanta: berau onartzea. Izan ere, erabakia hartu zenean alderdi politiko eta sindikatu gehienek haren alde egin zuten, saldu ere bikain saldu zitzaion jendarteari. Fusioa goraipatzen zuten adierazpen asko gogoratzen ditut, bankuak eta kutxak izaera juridiko oso desberdina dutela oraindik ere ulertu ez duten pertsona ugarirenak. Gutxi batzuen «parte txarreko» ekarpenek ezik, guztiek nahi izan zuten Kutxabank elkarte anonimo izan zedin. Orain, kutxen sortzaile izan ziren erakunde publikoek haien protagonismoa galduko dute eta, haien atzetik, agian, hona ekarri gaituzten arduragabeak ere aterako dira bankuaren kontseilutik.