Jon Garmendia
Idazlea

Itzultzen

Nola itzultzen da inoiz joan ez dena? Eta itzultzen bada, nora itzultzen da? Mailuak jo dio iltzeari, eta burdinazko punta zorrotza bihotzean sartzen ari zaizula nabaritu duzu. Zulatu zaitu, eta zulatzen segituko du, sakonago, bi galdera horiek nekez kenduko baitituzu burutik egunotan. Ongi zihoan afaria, umoretsu, baina gaia atera da mahai artetik, iheslari politikoena, eta hor, umorerako tarterik ez dago, nehor ez da aiherga gaiarekiko, eta bera gutiago. 30 urte daramatza sorlekutik kanpo, ttipitako artadi, pinudi eta soroak irudikatzen, imajinazioaren bidez lagun eta hurbilekoak koadro bilakatzen, non margolanak taupadarik amultsuenak diren. Zerua ez baitzen izan heien jomuga, ezta lurra ere, eta itsasoa urrun gelditzen zen hatzekin oratzeko, urrunegi. Ortzemuga lausoei so egiteko talaiak, hiriak eta herriak, oinarriak, dokumentazio berriak, eta erlojurik gabeko garaiak. Izan ziren hangoak, eta ondokoak berantago, baina, azkenean, urrunekoak izaten amaitu zuten. Hizkuntzaz betetako jendeak, ordenez betetako ordenak, orenak, izanik gabeko izenak, eta memoria ahanzteko mendeak. Bakardadea bizitzaren istantetan, pobrezia, beharra eta premia; non, gerran senarra galtzen duzun, baina betirako irabaziz, denik eta maitasun istoriorik ederrena delako haren oroitzapen. Baina adi, gerran. Gerra zikinean. Eta senarrari deitu emazte, eta ulertuko duzu dena. Haurrak handik hona, eta medikurik gabeko gaitzak geroago, nahasmena, desoreka, ulertzeko errazena traba denean, eta etorkizuna txanpon bakar batekin erosi nahian, eta hara joateko autoa hartzeko beldur, eta erraiak hutsik, eta erroak betiko lekuan. Konfinamenduak, estradizioak, euroaginduak, deportazioak, kalanbrea ematen duten hitzak. Nahas-mahas hau izan da bere hitzetatik ulertu duzuna halere. Eta herria duela arnas, herria duela amets, hori ere garbi ulertu diozu. Itzultzeko garaia dela aitortu du azkenean, eta bera bezalako asko daudela, gehiegi.