Jon Garmendia
Idazlea

Bikaina

Non harremanak iruten diren, eta nehoiz guti eztabaidagai izandakoak artoa bezala zuritzen diren, alez ale. Ezagutzera iritsi gabeko lagunez beteta dagoela mundua. Hori ere bai. Eta plazera belardietan ezkutatzen dela, sorgin-belarren artean, muinean nektarra gorde eta erleak noiz etorriko zain dagoen bitartean. Berariaz, eta berari ez, baina begira egoten dela. Gau hartan, dena izan baitzen ustekabekoa. Eguzki argiaren denbora arranguraz bete zitzaion, oilar kantutik beretik. Elkartean afaltzeko plana zeukan egina, afalkide batzuk ez zituen ezagutzen ordea, beste batzuk bai, baina haiekin elkartzeko ohitura handiegirik ez zuenez, gaualdia zer moduz joango zen kezkarekin igaro zuen eguna. Ttipitan galderak egiteko ohiturei eusten diegula, hori pentsatu zuen, baina ailegatzen dela momentu bat non galderak egiteari uzten diogun, eta badirudien jadanik dena dakigula, fitsik ez dakigula badakigun arren. 27 urte emanak zituen kartzelan batek, eta besteak urte gutxitan kartzela gehiegi paseak. Eta halako pertsonei galderak egitea burutik pasatzen den lehen pentsamendua izaten da. Nola aurkitu ote zuten sorlekua itzuleran, zein ziren aldaketa nagusienak, erraietako lurrikarak, iraganaren ordaina eta modernizazioaren faktura nola pagatzen den, eta horrela. Hiru afalkide iheslariak ziren, egunero bizitzeko motiboei estuki hertsiak, eta egunero irri egitekoen lemazainak, esperientzien itsasoan igeri.

Iritsi zen gaua, baina ez zen galderarik agertu. Zertarako aurretik kezkatu, zertarako hizketagaiak prestatu. Sozialismoa, aberria, metafisika, eta literatura, itsasertzak eta munduaren bazterrak. Denak izan zituzten aipamen. Ardo onarekin bustita, eta txuletekin lehortuta. Irribarreekin hasi, barreekin bukatu. Bikaina izan zen. Eta horrela ohartu zen zein onura dakarren errutinatik irteteak, hizketagaiak aldatzeak, ezezagunak ezagun bilakatzeak, eta, oro har, planifikatu gabeko bizitza bizitzeak.