Ane ARRUTI
NAFARROAKO TALDEKAKO BERTSO FINALA

Baztango txipiroiek arrastoa utzi dute Lesakan, Bardoen finalean

Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenak Lesakan izan zuen atzo finala. Bertsoa aitzakia, jai giro apartaz eman zioten amaiera bigarrengo edizioari.

Ez zegoen txapelik jokoan, nahiz eta Luzeren izebak hala nahi, berak Leitzako patata-tortilla lehiaketan eskuratu zuen moduan. Otar bana eraman zuten hiru talde finalistek, baita bardoen zapia ere, baina hori zen gutxienekoa atzo Lesakako pilotalekuan jokatutako Nafarroako taldekako bertso ekimenaren finalean. Oholtza gainean, hiru bardo talde: Leitzako Harrapazank, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Baztango Lepanatuek 2 Txipiroien Itzulera. Itzuli ziren bai, duela bi urte bezala, zabor poltsa beltza eta pintxoa sartuta, eta zikintzeko beldurrez-edo, badaezpada fardela jantzita kantatu zuten agurra. Eta ekarri zuten berriro oholtzara duela bi urteko edizioan kantatu eta Baztan aldean ia himno bihurtu duten «baztandarrak, itsasorik gabeko kalamarrak, abangoardista ta baserritarrak, kosmopolita samarrak», Txipiroi doinuan.
Aurtengo ekimenean parte hartu duten gainerako 13 taldeak eta publikoan hautatutako 20 bertsozale izan ziren epaile lanak egin zituztenak eta Baztan aldeko taldea izan zuten gustukoen, guztiak izanagatik irabazle atzokoan.
Nafarroako Gobernuak Bertsolaritza irakaskuntzan ekimena diruz laguntzeari utzi diola salatu duen aste berean gauzatu du Nafarroako Bertsozale elkarteak Bardoen finala. Auzolanean jarraitzen dute lanean eta talde lanari esker egin dira guztira 23 saio, 110 parte hartzailerekin, horietatik 60, bertsolariak. Eta horrelako ekimen batek bakarrik ahalbidetu dezake final batean atzo aurki zitekeen argazkia ikustea. Harrapazank taldean Migel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra eta Joanes Illarregi, azken hau hamabost urterekin baino ez, eskolarteko txapelketatik zuzenean Nafarroako finalera iritsia. Bertze Maldikoetan, Aimar Karrika, Oskar Sanz de Acedo eta Ainhoa Aranburu; azken agurretan aitortu zuten bezala, De Acedo euskaldun berria, Lesakan barnetegian ibilia, eta Aranburu, euskara irakaslea, oholtza lehen aldiz 40 urterekin zapaldu duena. Baztandik, berriz, Xabier Maia, Oier Amiano eta Kotte Plaza aritu ziren.
Bortzirietako bertso eskolaren ongietorriaren ondotik, hasierako agurretan taldekide guztiek hartu zuten parte. Diziplina anitzekoa izan zen, saio guztietan bezala, bazen bertsoa, musika, antzerkia, mozorroa, dantzari hurbiltzen zitzaion zerbait... Luzeren izeba Marian ezagutu genuen, tronpeta eta eskusoinuz lagunduta. Bertze Maldikoak, berriz, Video kill the radio star doinura erroboten gisan kantuan, bost koristek «beste edozein izan zitekeen» errepikatzen zuten bitartean.
Txandan-txandan aritu ziren aurkezleek binaka jarri zituzten lanean, zortziko nagusian, txikian, seiko motzean eta puntu-erantzunean hasieran. Urduritasunak urduritasun, ederki aritu ziren bakoitza berean.
Txapelketa batean ezohikoagoak diren ariketak iritsi ziren gero. Objektu bati kantatu beharrekoa, esaterako. Joanesi binilo disko bat tokatu zitzaion, Oskarri ardo botila erdi hutsa edo erdi betea eta Kotteri bozgorailu bat. «Fernando kutxarekin zuk ze izerdia/ hauxe niri emateko zure ausardia/ zuk eran al duzu ba lehen beste erdia», kantatu zion Oskarrek Anbustegi gai jartzaileari. Joanesena ere ederra joan zen: «Kuadrillakoak holakoekin gu askotan aitu gara/ hau lagunekin hondartzan edo frixbin jokatzeko al da».

Publikoa ere lanean

Potokumeen ariketarekin publikoaren bertso abilezia jarri zuten proban. Bertsolariari gaia eman eta honek bertsoa osatu behar zuen baina lehenengo oina bakarrik kantatuz. Gainerakoak publikoak asmatu behar zituen. Luze hasi zen kantari, mikrofonoa eskuan hartuta, bolero kantarien gisan, errimaren garaia iristen zenean publikoari eskainiz. Ainhoak kantatu zuen ondotik, bereak izan ziren ziur asko ozenen asmatutako errimak. Xabik erabili zuen ariketa honetarako neurri izarra, Habanera, haurdun topatu zuen bikotekide ohiari kantatzeko. Bakarren bat ahapeka esan bazuen ere, jendeak erantzun egin zuen: «Kaletik nindoalarik jiratu ondoren ixkiña/ pausuz pausu hortxe nabil hau pausu arin (arina)/ egun ederra daukagu zerua dago (urdina)/ pentsatu dut betikoa hau da rutina (berdina)/ baina bikote ohia da ta bihotzean ze (mina)/ ez zaitut hola ahaztu nahiz ta egin (ahalegina)/ ez zinen ongi portatu a ze nolako (sorgina)/ hau da zoriondu nahia ta zoriondu (ezina)».
Bakarkako gaia eta koplak tartekatuz aritu ziren ondoren hiru taldeak, bigarren kasuan eskusoinu eta panderoz lagunduta. Luzek, bakarka, egunkarian topatu zuen txikitako lagunaz kantatu zuen: «Gizarte honek geroko ere eramanen du kondena/ politikari jartzen bazaigu gelan ginun ergelena». Iñigo agurea, berriz, Joanes medikuarengana joan zen gida baimena berritzera. «Kezka beraz dut galanta/ ta ez dut egingo hanka/ baserritik ekarri dut etxen egindako gazta», saiatu zen Iñigo eskupekoa ematen. «Iñigo gaur zenbat saio/ memoria txarra arraio/ gazta bat ekarri nahi zun ta etxean ahaztu zaio», medikuaren erantzuna.
Ainhoa ume adoptatu berriarekin etxerako bidean aritu zen. «Elkartu gaitu elkartu nahiak hemen ez dago odola/ ta pixkanaka eroriko da oain damakizun oskola/ begira etxea hortxe daukagu eta hor berriz ikastola/ bueno euskeraz egingo dizut nahi bezela ta edonola/ ta zuk ulertzen ez badidazu eskuakin egin hola». Aimarrek eta Oskarrek nahikoa komeria izan zituzten kopletan Lesakara iristeko auto-stop egiten ari zirela: «Entzungo naute beharba Oskar bide luze zabalean/ baina zergatik jarri gara gu Belateko tunelean».
Xabierrek bakarkako polita osatu zuen, bere herritik irten eta iritsi nahi zuen tokira iristea ospatzen ari zela. «Senegaldarra ta hogei urte ta etorkizun baten bila/ bidean zehar zapuztu dira zoritxarrez amets pila/ baina gainditu dut gose handia eta hesiko kutxila/ ta azkenerako bosa oihuka amestutako Melilla/ momentu hontako zoriontasuna betiko izan dadila». Kotte eta Oier, musika eskolako kontzertuko «burrunba» ezin jasan aritu ziren kopletan. «Zenbat nota gaizki jo, bemol, sostenido/ ze belarriko mina ta zenbat pitido», bota zuen Oierrek.
Behin saioa bukatuta, triki-poteoarekin eta sagardotegiko afariarekin jarraitu zuen jaiak.