IKUSMIRA
IKUSMIRA

CANen artelanak ere legez desagertu ote dira?

Kontuz Nafarroako Kutxako (CAN) erabiltzaileen eta bezeroen plataformak atzo salatu zuen ondasunen desagerpena kudeaketa zital baten azken atal lotsagarria da. Zitala baita Kutxa horretako Administrazio Kontseiluko kideen jokaera, Nafarroako ekonomiarako tresna garrantzitsu bat hondoratu ahala beraiek poltsikoak betetzea, alegia. Eta zitala da Euskal Herriko beste kutxekin bat ez egiteagatik, Nafarroakoaren dirua desagerraraztea. Orain, CAN Fundazioak argitaratu duen inbentarioaren eta 2011n argitaratu zenaren arteko aldeak agerian utzi duen artelanen desagerpena arduradun horien zabarkeriaren ondorio izan liteke; hala ere, nafarrek nahikoa arrazoi dute dagoeneko, zabarkeriaz gainera, besterik ote den pentsatzeko. Izan ere, CANeko Batzorde Iraunkorreko kideek jasotzen zituzten dieten eskandalua ez zen zabarkeria izan, zerbait larriagoa baizik. Esango al dute orain ere ez dutela legez kanpoko ezer egin? Beren ardurapean zeuden balio handiko 157 artelan horiek legez desagertu direla? Kontuz elkarteak ondasun horien desagerpenari buruzko azalpenak eskatu dizkie arduradun horiei, eta hala egin beharko lukete lehenbailehen. Zer gertatu den argitu, alegia. Nolanahi ere, ikusitakoak ikusita, ez da espero izatekoa beren erantzukizunei aurre egingo dietenik, ez bide judizialetik ez politikotik. Oraingoz, behinik behin.