Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Donostia 2016k herritarrak arte eszenikoen sorkuntza prozesura hurbiltzeko egitasmoa sortu du

«Mugalariak» arte eszenikoko bost proiektu gauzatzen lagunduko duen programa da. Deialdi publikoan hautatutako lanetan esku hartzeko aukera izango dute herritarrek sorkuntza prozesu osoa gertutik ezagutzeko.

Europako Kultur Hiriburutzarako Donostia 2016 Fundazioak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, arte eszeniko arloko proiektuak hiritarren artean ezagutarazteko balioko duen programa bat jarri du abian. «Mugalariak» programak sortzaileen, publikoaren eta kultur ekipamenduen arteko zubiak eraikiko ditu, baita Ipar eta Hego Euskal Herriaren artekoak ere.

Programa honetan parte hartzeko egiten duten lehenengo deialdia izango da honakoa. Maiatzaren 5era bitartean proposamenak bilduko dituzte mugalariak@dss2016.eu helbidean eta horietatik bost hautatuko dituzte. Ondoren, Iparraldeko edota Hegoaldeko kultur instalazio bat egokitu zaio bakoitzari, beharren araberakoa, eta instalazioen arduradunek proiektu eszeniko horiek sortzen dituzten bitartean bitartekaritza artistikoan parte hartu nahi duen jendea bilatu beharko dute. Batez ere ikasleak izango dituzte helburu.

Hala, sortzaileentzat, instalazioetako programatzaileentzat zein publikoarentzat esperientzia aberasgarria izango da: sortzaileek arte eszenikoez kanpoko jendearen iritziak eta ideiak jasoko dituzte eta entseatzeko leku apropos bat izango dute; programatzaileek euren antzokietan eskainiko dituzten lanak bertatik bertara ezagutuko dituzte; eta herritarrak sorkuntza prozesuaz bustiko dira. «Gaztetxoak gai dira antzerki bat ikusteko, baina ez dira euren kabuz eskolatik kanpoko saio batera joaten», aipatu zuen Nando Piñeiro Donostia Kulturako ordezkariak. Iñaki Salaberria bere kidearen iritziz, haur eta gazteak antzezlan bat edo dantza ikuskizun bat egitea lan handia dela jabetzen badira, gehiago baloratuko dute.

Hiru aste

Salaberriak dFeria Donostiako arte eszenikoen jaialdian egindako esperientzia aipatu zuen: «Ttanttaka Teatroa konpainiak `Black Bird' obra prestatu zuen eta jendeak prozesu horretan parte hartu zuen. Oso pozik zeuden guztiak. Horrek frogatu digu eskaintza izanez gero eskaera ere badagoela. Lortu behar duguna da hiritarrek horrelako ekimenak zuzenean eskatzea».

Proiektuak aurkezteko epea hiru astekoa besterik ez denez, jada ikuskizun bat prestatzen ari diren konpainiei zuzendutakoa da. Gehienez 8.000 euro jasoko du talde bakoitzak, ohikoak ez diren proposamenak gorpuztu ditzaten, krisialdian egingo ez lituzketenak, «arriskatu dezaten».