Joxe Manuel Pagoaga «Peixoto»
Iheslari politikoa
KOLABORAZIOAK

Hitz «bestelakotuak»

Errekaren bi ertzak lotuko dituen zubi hanka bakarrik eraiki ezin den bezala, ezin da lortu alde bakarreko adiskidetzerik. Erabakitzeko eskubidea lortzen ez dugun bitartean, errespetuan oinarritzen den gizarte bat lortzea ez da izango gutxi

Demokrazia»: «Demokrazia demograzia bilakatzen denean, lehengo faxistak gaur- ko demokrata bihurtu eta orduko antifaxistak oraingo faxista bihurtzeko grazia du». Joxe Azurmendiren gogoeta hori bakoitzak ikusiko du noraino datorren bat aspaldian Euskal Herrian bizi dugun egoerarekin. Barkatu Joxe trakets aipatu bazaitut.

«Anitz»: Gizarte anitzean bizi garela ukaezina da. Madrilek eta hemengo hangotiarrek tai gabe eta era guztiak erabiliz aniztasunaren izenean aniztasuna bera ukatzen digute. Demokraziaren eskutik ideia eta asmo guztiak zilegi dira eta lor daitezke, soilik euskalduna izatea ezik. Azken hori eskularru zuriz eta goxoki-paper politenean bildurik esan diguten arren, 13 urteko neska-mutikoak ere ederto ohartuta daude ukoaz, ezezko mingarriaz.

«Kontuz jaun-andere agurgarriak, ez ahantzi Konstituzioaren zortzigarrena». Indarraren gorazarre hori ere beraiena da, beraiena baizik ez balitz, ez genuke ezer esateko. Menpe gauden bitartean kontuan hartzekoa da.

Eta gehiengo demokratikoaren bermean baletor? «Tenemos que decidir si queremos vivir juntos». Hauxe izan zen Ibarretxe lehendakariak eman zion erantzuna Madrilgo ate-danbateko demograzikoari. Aupa Ibarretxe!

«Oroimena»: Guztiz kontrakoak diren bi asmok hain bortizki talka egiten dutenean, Euskal Herrian gertatu den bezala, alde bakoitzak bere zergatiak argi eta askatasunez idatzi ezik, historia «bestelakotu» baizik ez genuke egingo. Beraz, bederen bi kontaera edo narrazio behar dira. Ororen buru eta adituek diotenez, ezin omen da historia neutrorik idatzi.

«Biktimak»: Gai minbera honetan, ea lortzen dudan hitzak taxuz neurtzea. Bakoitzak bere egia trinkoa borobiltzat jotzen dugularik, inoiz ertz minkorrak izaten ahal dituztela jakinik, 2014ko aldi honetan denok saiatu behar genuke balizko ertz horiek kamusten. Duintasuna zutik eta sendo atxikiz, apalki ibiltzeko garaian gaudelakoan bainago. Torturatuen zerrenda zehatza lehenbailehen egin ezik, beldur naiz ez ote den lanbropean galduko. Alta, jendeari egiten ahal zaion krudelkeriarik latzena tortura da. Torturatuen zerrenda arretaz egiteko, gai horietaz arduratzeko Euskal Gobernuaren baitan dagoen antolakundeak prestatu behar lituzke protokolo edo beharrezko arau eta egite moduak, gauzatzen lagundu ere bai.

Alde bakoitzak eskubidea edukitzeaz gainera, bere egitekoa du hobekien iruditzen zaion moduan hildakoak omendu eta zaurituak laguntzea, gizarte guztiaren errespetuan. Nola bermatu gizarte guztiaren errespetua? Erantzun ziurrik ez dudan arren, hurbildu beharra sentitzen dut. Gaia horren minkorra izanik, pauso ttikiak ere arreta handia eskatzen du.

Txabi Etxebarrietaren argazkiaren alboan Meliton Manzanasena jartzea biak iraintzea da. Honetan ados gaudelakoan, halaxe bat gatoz biktimak ezin direla konparatu diozuenean. Bortizki eraso diozuen «biktima» hitzari zor zaion errespetuarekin, zuek biktimekin bi multzo edo talde egin dituzue, hau da: biktimak eta besteak. Besteak diot, izendatzeko darabilzuen hitz zerrenda, luzea izateaz gain, arras minkorra eta iraingarria delako. Egin ote daitezke biktimekin bi talde beraien artean konparatu gabe? Gizarte osoaren errespetua bermatze bidean, ez ote da lehen pausoa aipatu dugun bereizkeria ezabatzea?

«Adiskidetzea»: Errekaren bi ertzak lotzeko zubi hanka bakarrik eraiki ezin den bezala, ezin da lortu alde bakarreko adiskidetzerik. Erabakitzeko eskubidea lortzen ez dugun bitartean, errespetuan oinarritzen den gizarte bat lortzea ez da izango gutxi.

«Bakea»: Indarrez ezartzen den bakeak, bere baitan dakar oldarraren hazia.

Bost mende daramatzagu indarrez ezarri diguten bakearen eztena Ebrotik hara bota guran. Aturri aldekoak ere ez daude lo.

Gure bakea lantzen, zuzenago esanda, gure bidea egiteari lotu garela Madril konturatu denean, harritzekoa da nola bat egin duten hango gorrotozko ezpata, luma eta mikrofonoek.

Hemengo hangotiarrak ere bide beretik doaz, harroxko gainera, eta dena, demograzia alboratuz demokrazia hautatu dugulako. Ea oraingoan asmatzen dugun.

Hitz bestelakotu malapartatuen sasitza malutza dela-eta, hitz hauek idaztea nire igitai zaharra zorrozteko modu bat da. Oraindik ez diot herdoila kendu, nola ote diat aitzurra?

Oharra: Idatzi hau makinaz jotzen didan lagunak eskuetan zuela, martxoaren 28an, ETBren bitartez jakin nuen Jonan Fernan- dezek zuzentzen duen lantaldeak erabaki duela torturatuak ikertu eta zenbatzea. Zinez berri ona, zorionak bihotzez.