Idoia ERASO BAIONA

Garro Art-ek Lekorneko gaztelua margolanez inguratuko du

Garro gaztelua kulturaz inguratzen ari da azkenaldian. Iaz, EHZ festibalari harrera egin zion eta aurten, beste kultur ekimen bat ere hartuko du; hots, Garro Art. Mendi Ondoan Lekorneko elkarteak margolaritzari eskainitako eguna izanen da hori, apirilaren 21ean.

Bazko astelehenez eginen den egunaren xedea Garro gazteluaren inguruan margolariak biltzea da, beren lanak erakuts ditzaten eta beren zaletasuna partekatzeko asmoarekin.

Egun horrek, alde pedagogikoaz gain, beste bi helburu ditu. Alde batetik, margolaritza artea sustatzea eta, bestetik, Garroko jauregia ezagutaraztea. Garroa Arte Egunaren lehen edizio honetan, 40 artista amateurri eginen zaie ongietorria. Arratsaldean, margolari ezagun batzuek beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte lehiaketa baten baitan.

Bazkalondoan eginen den lehiaketan, hala nola Xabier Soubelet, Irkus Robles, Josette Dacosta, Julie Lagarde Hizelaya, Albert Proux eta Thomas Loyatho artista ezagunek beren sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Epaimahaiak irabazle hautatzen duen artistak 1.000 euroko saria eskuratuko du eta trukean bere obra Lekorneko herriari eskainiko dio.

Artistak lanean

Garrora hurbiltzen diren artista amateurrei beren obra egiteko askatasun osoa eman nahi izan diete antolatzaileek. Hori dela-eta, margolana egina eraman dezakete erakusketara, baina nahi izanez gero, egunean bertan ere buka dezakete ikusleen aitzinean edo osoki margotu Garro gazteluaren inguruetan.

Antolatzaileek artisten artean adin ezberdinetakoak biltzea nahi lukete, eta hori lortzeko 40 urte arteko hogei artista eta 40 urtetik goitiko beste hainbeste izanen dira.

Erakusketaren baitan ezberdintasun handirik izan ez dadin, margolari guztien obrek neurri bera izango dute (60x80). Horretaz gain, artistek beraien bildumako beste beste bi obra ere eramaten ahalko dituzte erakusketara.

Gaztetxoenen obrek ere bere txokoa izanen dute Garro gazteluaren kanpoaldean, herriko bi eskoletako haurren margolanak ere erakusketaren parte izango baitira. Eskola publikoko eta ikastolako ikasleek arte plastikoko aditu batekin aurretik egin dituzten lanak ere izanen dira.

Eguna bertan pasatzeko aukera izanen da, horretarako eguerdirako zikiro jana antolatu dute eta egun osoan irekia egonen den ostatua ere izanen da. Euria egingo balu, goizeko erakusketa ezeztatuko litzateke, baina edozein kasutan bazkaria eta arratsaldeko lehiaketa eginen dira.