Aberri Eguneko ETA-ren agiria

ETA-ren 2014ko Aberri Eguneko agiria Euskal Herriari

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, 2014ko Aberri Egunean, Euskal Herriak bizi duen abaguneari buruzko gogoeta helarazi nahi dio Euskal Herriari.

Tamalez, urteak joan eta urteak etorri, Espainia zein Frantziako Estatuen bortxazko ukazio eta inposizioek Euskal Herriaren askatasuna amesten dugunon azterketan eta bizipenean leku zabalegia betetzen jarraitzen dute.

Etenik ez duen enbataren gainetik, ordea, Euskal Herriak bere askapen prozesuaren ostertzari tinko eusten dio. Are, aurrerako erronkei erabakitasunez aurre egiteko gure herrian pilatzen den prestutasunari esker, eskubide osoko nazio aske eta burujabe izateko ate berriak zabaltzen darraigu.

Gaurko egunez, beste behin, herri bat garela sendo agertu eta sentituko da Euskal Herriko txokoetan barrena. Deiadar horren oihartzunak gure mugetatik landa ere entzungo dira. Euskal Herriaren eta euskal herritarren askatasun taupadak bizi-bizirik dauden bereizgarri. ETAko kideonak dauden bezalaxe.

Estatuen dependentzian, etorkizuna ilun

Espainia eta Frantziak, baina, Euskal Herriari etorkizun ilun eta ezkorra baizik ez diote ekartzen. Euskal herritarrok bi estatuotako gobernu, agintari eta epaileek gure herritik urrun hartzen dituzten erabaki antidemokratikoen menpe jarraitzen dugu. Edozein ertzetatik begiratuta, hauek, herri gisa ditugun behar eta desirekin talka egiten dute behin eta berriz.

Euskal Herria aldaketa prozesuan murgilduta dago, gatazka politikoa gainditzeko eta etorkizun askea eraikitzeko ahalegin betean. Alta, Espainia eta Frantziak, beste mendeetako irizpideetan iltzatuta, ez dute egundaino nazio zapalduekiko mantendu duten jarreratik aldentzeko asmorik. Arreta beste norabait desbideratu nahi izaten duenik bada ere, Estatuak eta beren interesen defendatzaileak dira, Euskal Herriaren eskubideak eta nahiak zapaltzen dituztenak.

Gehiengoa konponbidearen alde dagoen bitartean, euskal herritarrak atxilotu, epaitu, espetxeratu eta armaz jazartzeak ohiko izaten jarraitzen dute gure herrian. Indarkeriaren luzapenak eta gatazka modu zibilizatuan konpontzeari uko egiteak begi bistan uzten du ez dutela bakerik nahi. Bide demokratikoak erabiliz Euskal Herriak adieraziko lukeen hitzari egundoko izua diote.

Bake aukera historikoari ematen ari zaien erantzun bidegabearekin batera, herritar langileen eskubide sozial eta laboralak deuseztatzerainoko tartean, identitate nazional eta kulturalaren kontrako erasoak ugaldu dira azkenaldian. Gure herriak jasaten duen demokrazia ezaren segida dira hauek guztiak.

Frantziaren eskutik, besteak beste, hauek nabarmentzen dira:

- Ikastolen eta euskararen egoera larriagotzera datozen mehatxu eta jarduerak.

- Gehiengo politiko, instituzional eta sozialak berezko koadro politiko-instituzional baterako [egindako] eskaerei Gobernuak emandako ezezkoa.

- Euskal Herria desegituratzen jarraitzeko eta barne kohesioa oztopatzeko saiakerak.

Espainiaren eskutik, berriz, ondorengoak:

- Euskara eta euskal kultura zokoratu asmo duen hezkuntza lege-egitasmo atzerakoia.

- Espainiako entseina instituzioetan ezartzeko inposizioak eta euskal identitatearekiko kriminalizazioa.

- Euskal herritarren bizi-baldintzak muturreraino bihurritu eta Bilbon elkartu ziren elite ekonomiko-enpresarialen etekin eta pribilegioak gizentzen dituzten mota guztietako neurri neoliberalak.

Muinean, ukazioa eta inposizioa zeinu dituen joko zelai hau da, Madril eta Parisi, Euskal Herrian nahi adina eraso bideratzeko ahalmena ematen dien tresna. Gaurkoz, kolonizazio eta dependentzia egoera honen euskarri nagusietakoa euren interesak ongi zainduta dituzten sektore ekonomiko-politikoen leialtasunak izaten jarraitzen du. Horien artean, beren burua abertzaletzat duten askorenak.

Botere hegemonikoa, joandako hamarkadetan bezala, estatuen eta gutxiengoa osatzen duten sektore hauen esku dagoen bitartean, gure herriaren etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala arrisku bizian da. Bide zaharkitu horretatik, gutxieneko errespeturik eta aterabide duinik ez da sekula etorriko Euskal Herrira.

Erronka: herri gisa aritu eta erabakiak hartzea

Erasoak eraso, ordea, bi estatuen proiektuak eta bestelako sasi-eskaintzak ez zaizkio gure herrian sustraiturik dagoen askatasun grinari gailendu. Areago, milaka herritarren borroka saiatuari esker, zapalkuntzari aurre egin ez ezik, Euskal Herriaren zutoinak zutitzeko urrats ugari ere egin dira. Horregatik du Euskal Herriak hurrengo urteetan nazio burujabea izateko aukera zabalik.

Azken hamarkadetan indarrean diren marko juridiko-politikoen eta kapitalismoaren menpeko eredu ekonomiko-sozialaren porrota gero eta ageriago geratzen ari da. Ezker abertzalearen azken urteetako erabakiak, gainera, egoera politiko-sozialean astinaldia eragiten ari dira, aldaketa politiko eta sozialerako baldintzak indartzen ari direlarik.

Nolanahi ere, baldintzak izatea ez da nahikoa. Euskal Herrian burutu behar den trantsizio prozesuak orain arte ezagutu gabeko urratsak egitera behartzen gaitu guztiok, bai eta kanpotik datozkigun erasoen aurrean babes sendoagoa eratzera ere. Hurrengo urteetan burujabetzan oinarrituriko antolaketa politiko eta sozial berria osotasunean gauzatuko bada, gaur artekoa baino ahalmen eta iniziatiba kolektibo handiagoa artikulatzea ezinbestekoa da.

Orain da herri gisa jardun eta herri prozesuan indarrak bat eginda jauzi kualitatiboak emateko unea. Euskal Herrian alor guztietan metatzen den esperientzia eta sormen maila prozesu horren mesedetan jartzea izango da aldaketa prozesuaren arrakastarako gako nagusietako bat. Horregatik, euskal lurralde guztietako eragile eta herritar orok aldaketa prozesuari egin beharreko ekarpena eraberritzea berebizikoa dela uste dugu. Euskal Herriak bizi duen aldaketarako uneak guztiok interpelatzen baikaitu.

Bidegurutze honetan, beraz, estatuen oldarraldiari aurre egin eta batez ere, Euskal Herria bere erabakien jabe izan dadin, agenda eta erreferentzia berriak izango dituen ibilbide zehatza egin behar da. Euskal jendarteak dituen arazo eta erronkei begirako irtenbide justu eta duinak Euskal Herriaren hitza eta erabakia aintzat hartzen dutenen arteko urrats bateratuetatik etorriko direlako, ez estatuei begira egotetik, ezta bakoitza bere aldetik ibiltzetik ere.

Azken hilabeteetan burutu diren iniziatiba eta mobilizazio ezberdinek erakutsi dute, konponbidearekiko ez ezik, Euskal Herriaren burujabetza prozesuarekiko dagoen herri gogoa. Interes orokorraren eta herri eskubideen alde erabakitasunez jardunez gero, aurrerantzean transzendentzia handiagoko urratsak egingo dira. Ildo horretan, aro politiko berriarekiko eragile ugari agertzen ari diren konpromisoa azpimarratu nahi dugu.

Ziurra da, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko apustu bateratu orotan egiaztatu izan den bezala, euskal jendarteko esparru gero eta zabalagoak halako erabaki politikoak gogotik bultzatu eta babestuko dituela.

Estatuen ezezko eta etsipen saiakerei begira baino, herriaren hitzari, eskubideei eta itxaropenari proposamen berriekin bideak zabaldu behar zaizkie, erantzukizunez.

Aitzitik, ez da ulergarria, gaurkoa bezalako egun seinalatuetan PNVren buruzagiak erabakitzeko eskubidearen alde mintzatzen ikustea eta hain zuzen, eskubide hori mespretxatzen dutenekin porrot egin duen markoari eutsi nahi izatea. PNVk herriaren aurrean hautu garbia egin behar du: gehiengo sozial eta politiko sendoarekin, behingoz Euskal Herriaren berrantolaketa eta burujabetza prozesuaren alde egin, edo berriro gatazka luzatuz gure herria ukatzen dutenekin zatiketaren eta menpekotasunaren bidetik ibiltzen jarraitu.

Gure herriak bizi duen une historikoan, abertzaletasunak du, bere eragiteko eta antolatzeko esparru guztiak barne hartuta, burujabetza prozesua zuzentzeko ardura nagusia. Ezaguna da, iraganean abertzaleon artean bat gatozen oinarrizko helburuekiko elkarlanaren aldean, sarriegiak izan direla hautsitako zubiak. ETAren ustez, hurrengo urteetan Euskal Herriaren burujabetza politiko-ekonomikoa, lurraldearen batasuna eta euskalduntzea lortzeko, abertzaleen arteko lankidetzan urrats esanguratsuak egin behar dira, nazio mailatik herrietaraino.

Goizago edo beranduago, Euskal Herriak bere askapen bidea portu onera eramango du eta horretarako, Europan estaturik gabeko nazioetan indartzen ari diren burujabetza prozesuen bilakaerari erreparatu behar dio. Duela urte batzuetatik hona, gure mugez kanpo ere aldaketa nabarmenak gertatzen ari baitira. XXI. mendean independentzia proiektu gisa iraungita dagoela diotenen gainetik, herrien independentziarako aukerak gaurkotasuna eta etorkizuna duela baieztatzen ari da.

Testuinguru honetan, beraz, gure nazio izaera eta buruaren jabe izateko borondatea irmoki paratu behar da nazioarteko plazan ere. Ahal bezainbat baliabiderekin plaza horretan ateak zabaltzea zinez da garrantzitsua, gainerako herriekin harremanak sakondu eta askotariko aliantzak egiteko. Aurrera begira jarriz, Euskal Herrian herri ordezkaritza zabala osatu beharko litzateke, munduan ahots bakarrez herri interesen eta eskubideen alde nazio gisa aritzeko eta beharrezko zaigun errekonozimendu politikoa eskuratzeko.

Euskal Herriak, euskararen herriak, egundaino bide luze eta gogorra egin du. Bi estatu inperialista boteretsuri aurre egin eta XXI. menderaino bizirik irauteko gai izateak, belaunaldiz belaunaldi, bere herriarekiko euskal jendeak izandako konpromiso maila erakusten du.

Gaurko euskal jendearen esku dago gure aurrekoek amestu eta ereindako askatasunerako aukera errealitate bilakatzea. Lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian, 2014ko apirilaren 20an

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.