Maider IANTZI
Altsasuko Topaketa

Hagitz sentsazio onak utzi ditu gazteen buru eta akzio batuketak

Euskal Herri osoko 1.200 lagun Altsasun bilduta, lantaldeetan antolatuta tailerretan ikasten eta hausnartzen. «Burutakzio» topaketek burua eta akzioa uztartu dituzte, eta batuketaren lehen emaitza «oso positiboa» izan da, Ernaik eta Aitzinak nabarmendu dutenez. Gazteek gogotsu parte hartu dute tailerretan, eta bestak lagunarteko izaera lantzea ahalbidetu du.

Parrandazale gutxi ala iratzargailu onak daude «Burutakzioetan»; hala idatzi zuten atzo Topatu.info-n, gazteria gosaltzera puntu-puntuan iritsi zela ikusita. Aritza ikastolan indarrak hartu eta 09.00etatik aitzinera hainbat tailerretan ikasi eta ideiak partekatzeko aukera izan zuten egun osoan. Gaur goizean, aldiz, motxila egin eta trena hartuko dute Altsasu utzi eta elkarrekin Iruñera joateko. Kalejiran sartuko dira, Aberri Egunari gazte ekarpena eginez.

Maialen Etxeberria eta Koldo Etxegarai Ernaiko eta Aitzinako bozeramaileek atzo GARAri azaldu ziotenez, «oso sentsazio positiboekin» zeuden antolatzaileak orokorrean dena primeran ateratzen ari zelako. 1.200 gazte egon ziren kanpatuta. Ostiralean etorri ziren zazpi probintzietatik.

Nafar Gobernuak jarritako oztopoen ondorioz, ostiral goizean egin behar izan zuten harrera ostegunean izan beharrean eta tailerrak atzeratzea ekarri zuen horrek. Eskola erabiltzea debekatu zienez, kalean moldatu ziren. Izan zuen bere alde ona ere, hartara jendeak zertan ari ziren ikusi ahal izan zuelako eta egiten ari diren borrokek isla izan zutelako. Malabareak egin behar izan zituzten 600 pertsonak komunikazio gerrillaren bideoak ikusteko, baina gustura.

Antzuola, Gasteiz, Zuia...

Altsasun sartu eta gazteak ikusten ziren nonahi. Eguerdian hurbildu ginen eta bazkaltzen, kafea hartzen edo eguzkitan deskantsatzen ari ziren. Hainbat herri bildu zituen Altsasuk eta hori hizkeretan ere nabari zen. Eta, kaleetan paseatzean, telak, oinatzak, artilez jantzitako bankuak eta opari itxura hartu zuten estoldak ageri ziren, artearen bidez ere sustatu nahi izan zutelako irudimena. Nekazaritza munduko materialak erabiliz, adibidez lastoa, sare bat josi zuten, gazte mugimendua sare batekin konparatuz eta bertan aldarrikapen batzuk jarriz.

Gorputz adierazpena ere landu zuten, eta dantzan ibili ziren, eta eskalatzen... Tailerrek partaide mugatua zuten eta gehienak bete egin ziren. Jendea gogoz gelditu zen sartzeko. «Beldur ginen egin duen bero honekin poteatzen geldituko ote ziren -erran zuten Ernai eta Aitzinakoek irriz-, baina erantzun egin dute». Sarrera erostean, erregistratu eta ibilbide bat aukeratu behar zuen bakoitzak: urdina, berdea, gorria eta morea. Kolore bakoitzak lehen aipatutako lau lan ildoetatik hiru jasotzen zituen. Gauetan, kontzertuak egon ziren, baina goizeko ordu bietarako txintxo-txintxo kanpinera, biharamunean fresko egoteko!

Akeita guneko karpan, kontzertu batean harrapatu genuen Oier antzuolarra. «Tailerren dinamika oso aberasgarria izaten ari da, batez ere norbanakoaren heziketan eta ahalduntzean ekarpen garrantzitsua egiten duelako», hasi zen azaltzen. Garatu diren lan ildoetatik, mikropolitikaren kontzeptua azpimarratu zuen, «gure baitatik hasi behar dugulako hobetzen».

«Jendea parrandarako bakarrik» joaten den beste topagune batzuek ez bezala, jai «txiki» hauek talde izaera eta lagunarteko izaera indartzea eta lantzea ahalbidetzen dutela deritzo Oierrek.

Handik hurbil, Altxaburu gunerako bidean zeuden Maite, Maialen eta Maider gasteiztarrak. «Eta Zuiatik etorritako Enara», erran zigun siesta orduan etzanda lasai-lasai zegoen eta orduantxe altxatu zen neskak. Tailer batera zihoazen, baina oraindik ez zekiten zeinetara: «Okupaziorako aholkuak» eta «Zer nahi gara»-ren artean zeuden zalantzan. Lantegi ugari eginak zituzten ordurako eta «oso gustura» zeuden.

Eta zuk, zer ikusten duzu?

Atzoko komunikazio gerrilla zen gehien gustatu zitzaiena. Kontatu zutenez, hiru bloketan banatu zuten tailerra. Lehenbizikoan, eurentzat komunikatzea zer zen hausnartu zuten; bigarrenean, adibideak ikusi; eta hirugarrenean, bideoak. «Guk aldrebes egin dugu», moztu zuen Enarak. «Lehenbizi bideoak, gero adibideak eta gero hausnarketa». Bideo bakoitzean agertzen zena zer zen asmatu behar zuten.

Jada Altxaburun, lurrean borobilean eseritako jende pilaren artean zutik zeuden Leioako Antxon eta Plentziako Ibon, hauek ere pozarren tailerrekin. Sormen tailerrean, sortzailea nor den, sormena zer den eta halako kontuez eztabaidatu, eta ariketa dinamiko bat egin zuten.

«Figura bati begira, bakoitzak zer ikusten genuen azaldu dugu eta polita izan da ikuspuntu ezberdinak konparatzea. Adibidez, Arte Ederretako ikasleek sekulako irudia ikusten zuten».

«Iñaki Sotok eta Ion Telleriak hitzaldia emango dute orain eta hara goaz, kazetaritza gustuko dugu-eta», jakinarazi ziguten. Gu ere harantz abiatu ginen, Gure Etxea kultur etxe zaharrera. Bertan, egunkari honetako zuzendariaren eta NAIZeko kazetariaren «Story telling»-az gain, «Okupaziorako aholkuak» tailerra eman behar zuten. Gazte ugari bildu zen atarian, ez zen guztientzako tokirik, ordea, eta antolatzaileek abisatu zuten bigarren txanda bat izanen zela.

«Story telling»-en egin ziguten guri lekua eta gela betean eseri ginen. Deus baino lehen, mugikorrak jaso zituzten poltsa batean, hitzaldia bukatu ondotik bueltatzeko. «Story telling» erratean, «errelatoaz» ari zirela argitu zuen aurrena Sotok, eta herri mugimenduek eta mugimendu iraultzaileek ere kontakizun bat osatzeko beharra dutela agertu zuen. Emozioak transmititzea funtsezkoa dela eta egietan bakarrik ez, botereetan ere pentsatzea komeni dela defendatu zuen. «Pentsatu behar dugu nola garen kapaz komunikatiboki gizartea gure alde jarriko duen istorio bat kontatzeko», hausnartu zuen.

Bideoetan komunikatzeko modu batzuk erakutsi zituzten, eta gazte mugimenduari zuzenduz, ze kontatu nahi duen eta hori kontakizun zabalago batean nola txertatuko duen pentsatzea garrantzitsua dela erran zuten. Adibidez, nola kontatu herriari Altsasun gertatutakoa?