Idoia ERASO

Bortizkeria matxistak haurrengan duen eraginari buruzko eguna, Baionan

Bortizkeria matxista eta horrek haurrengan duen eraginari buruzko sentsibilizazio eguna izango da maiatzaren 5ean, Baionako Elkarteen Etxean. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko bertako laguntza sareak antolatuta, ideia trukea, eztabaida eta gogoeta bultzatuko dituzte.

Bi helburu nabarmen ditu hausnarketa egunak: batetik, profesionalak, gurasoak eta publiko zabala sentsibilizatzea indarkeria sexistak familiako kide guztiengan dituen eraginei buruz; eta bestetik, gurasotasunaren ikuspegitik lantzea haurrek zer leku betetzen duten bikote bortizkeria kasuetan.

«Bikote bortizkeriak eta gurasotasuna: ama babestu, haurra babestu» du izenburua Baionan antolatu duten sentsibilizazio egunak. Ondorio traumatikoei, biktimen laguntzari eta gurasotasunari buruz arituko dira bertaratutako profesionalak.

Bi adituk beren esperientzia partekatuko dute. Batetik, Muriel Salmona psikiatra-psikotraumatologoa. Memoire Traumatique et Victimologie (Oroimen Traumatikoa eta Biktimologia) elkarteko presidentea da. Elkarteak bortizkeriaren ondorio psikotraumatikoen gainean formatu, informatu eta ikertzen du, helburutzat duela bortizkeria borrokatzea eta prebenitzea.

Bestetik, Edouard Durand magistratuak hitz egingo du. Bouches du Rhônen familia eta haurren aferetako epaile izan da 2004tik 2012ra bitarte. «Bikote bortizkeriak eta gurasotasuna, ama babestea haurra babestea da» liburua argitaratu berri du.

Claire Sabalo CIDFF64-ko juristak eta Colette Capdevielle abokatu eta Baionako diputatuak ere parte hartuko dute. Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza ere han izango da, 9.30ean, irekiera ekitaldian.

Antolatzaileak

Emakumeen aurkako bortizkeriari aurre egiteko bertako sareak Planning Familial, ACJPB (biktimei laguntza) eta CIDFF64 (emakumeen eta familien eskubideen informazio zentroa) eragileak bere baitan biltzen ditu. Sareak informazio eta sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu nahi du egun honen antolakuntzarekin.