Jon GARMENDIA Idazlea

Esperantza

Barnean loratu zitzaien grina itxaropena deitzen zela jakin zutenerako, mendi tontorrera ailegatzeko esperantza galdua zeukaten. Ulertu zuten joan beharrak norabait joatea eskatzen ziela, ez edonora, gogoak eramaten zituen lekura baino ez. Eta ametsak eta fantasiak ez direla motxila batean kabitzen, hori ere bazekiten, hegoburuko zelai berde batean ardi zurien artean dabiltzan behitxorien moduan zebiltzalako, galdu samarrik anitzen usterako, iparrizarren xerka, baina hegazti haien hegaldi bakoitzean desira bat gauzatzen zutela, eta zerua herdoilgaitz ageri zela beren buruen gain, besterik ez zuten pentsatzen eurek. Gauza nahasiak, abstraktuak. Nehori idatzi gabeko gutunen, edo, norberari idatzitako oharren zirriborroek daukaten arrazoi moldea zen haiena agian. Sustantzia jakin ez eta konsistentziarik gabekoa beharbada, baina plazerez josia, bizitzaz betea. Eta herrian erotzat zeuzkaten, edo bai behintzat, arrarotzat. Jakina baita, herri ttipietan, aurrekoen ohiturak eta bizi manerak segitzen ez dituztenek kolore desberdin bat dutela, besteengandik bereizi eta aparte sailkatzeko zeinu bat balitz bezala. Hiru mutil ziren, hiru lagun, eta beti, hirurak elkarrekin. Ez aurre eta ez atze, herritarrenganako juzkurik gabe bizi ziren hiru gazteak, beraienganako ordea, aieru guztiak ziren libre. Eta epaitua izatea zer den, eta begiratua, inbidiaren ertzetan, edo jelosiarenetan. Baina bakantza garaietan herritik ospa egiten zuten, ongi kateatutako planari segida emanaz, eta beren kateetarik apur batez askatzeko. Azken oporlekuan, ordea, herritar askorekin egin zuten topo, eta haiekin gurutzatu zirenetik, etxera sartzeko desira baizik ez zuten ukan.