Idoia ERASO
Sarako Idazleen Biltzarra

Liburu azoka baino gehiago eskaintzen duen kultur plaza

Idazleekin buruz buru kalakan aritzeko eta azken argitalpenak erosteko parada baliatu zuten lagun anitzek atzo Sarako Idazleen Biltzarrean. Erramun Bachoc, Manex Pagola eta Patrice Rouleau omenduz, emozioz beteriko sari banaketa izan zen.

31 urteko ibilbidean Sarakoa euskal literatura eta kulturaren hitzordu saihetsezin bilakatua dela zalantzarik ez da. Baina Biltzarra ez da soilik obrak eskuratzeko tokia, badu beste zerbait: idazleekiko hurbiltasuna eta iritzi trukerako aukera nabarmendu zituzten bertaratuek. Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoinek argi adierazi zuen: «Ez da bakarrik liburua, idazlearekin hurbiltasuna hemen atzematen ahal da». Paxkal Indo musikari eta ZTK-ko editorea harago joan zen: «Elkar ikusteko parada bada, hau da Biltzarrak duen gauzetako bat, Durangok ez duena. Hau ez da azoka, biltzarra da».

Lehen urteetatik Biltzarrean parte hartzen duen Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretak kulturatik harago doan hitzordua dela ere azpimarratu zuen: «Euskal Herriak eta euskarak beren indarra erakusten dute hemen. Euskaltzaleen bilgune handia da, euskara eta euskal kulturaren aktore anitzen biltokia».

Idazleak nonahi ikusten ziren batekin zein bestearekin kalakan; mahai gibeletan, noski, baina baita taldetxoetan eta irakurleen galderei erantzunez ere. Bertan izan ziren Eñaut Etxamendi, Jean-Louis Davant, Joseba Aurkenerena, Marie Jose Basurco, Eneko Bidegain, Anuntxi Arana, Jean D'Arago, Julen Madariaga, Emilio Lopez Adan, Koldo Ameztoy...

Mahaietatik harago, taula gainean aurkezpen ofizialagoak ere egin ziren, Euskaltzaindiarena besteak beste. Erakundeak urtero egiten duen ekitaldian, Piarres Charriton, Battittu Coyos eta Xabier Altzibar Aretxabaletak aurkeztu zituzten beren azken obrak.

Erakunde ofizialetatik urrunduta bestela ezagutzeko zailak diren argitalpenak deskubritzeko tokia ere bada Sara. Fred Fortek autoprodukzioan argitaratu duen Euskal Herriko errotei buruzko liburua, edo Herkulesen 12 probak euskaldunen ikuspegitik emanak biltzen duen obra dira horietako batzuk. Bestelako bitxiak ere badira, esaterako, Anuntxi Arana antropologoaren euskarazko lana gaztelerara itzulia, Entreescritores.com webgunean argitaratu berria: «Mitos vascos para pensar».

Sarituak

Eguerdia sariak banatzeko mementoa izan zen. Pantxoa Etchegoinek eta Biltzarreko sortzaile eta arduraduna den Jean-Michel Garatek egin zituzten aurkezpenak. Lehen saria Erramun Bachocentzat izan zen: «Ixil-ixila baina beti lanean segur merezi du Sarako saria». Soziolinguista eta Filosofian doktoreak bere ibilbidea begiratzean bi gauza nabarmendu nahi izan zituen. Alde batetik, Quebeceko eta Euskal Herriko Unibertsitateetan lanean aritu zen garaian bi zentroetako ikasle, irakasle eta ikerlarien artean sortu zituen erlazio eta elkarlanak azpimarratu zituen. Bestalde, Euskal Kultur Erakundearen sorrera ere aipatu zuen, eta Jean Haritschelhar, Jakes Abeberry eta Txomin Heguyrekin batera Jack Lang Kultura ministroa ikustera joan zirenekoa ekarri zuen gogora. «Nire ustez EKE eredu izan da gero sortu diren Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseiluaren sorrerarako», baieztatu zuen Bachocek.

«Hainbeste lan akuilaturik, ohore eta milesker zuri», erran zuen Etchegoinek Manex Pagolari saria ematean. Idazleak Jean Michel Garatek eginiko lana omentzeko baliatu zuen bere hitzaldia: «Sarari eskatzen diot antola dezan besta eder bat bere presidentearentzat».

Patrice Rouleauk «beti umoreari eman dion tokiarengatik» esker ona agertu, eta Kaikou pertsonaia ezagunaren egileari saria eman zioten. Usoarekin metafora eginik, bere «kantua Euskal Herriko jendeak entzuna» izatea eskertu zuen Rouleauk.

Ohiko aurreskua eta «Agur jauna» kantatu ondoren, saridunen berezitasunak programan aldaketa eragin zuen: Pagolak idatzitako «Ez dut bilatzen» kantatu zuten.