Aimar ETXEBERRIA

Bizikleta eta Bertsoa, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea aldarrikatuz

Zazpi etapa, zazpi probintzia eta zazpi bertso-saio, guztia Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin aldarrikatzeko. Hori da Bertsokleta ekimenaren arima, azken egunotan Euskal Herria zeharkatzen ari den ekimenaren arima. Era berean, Nafarroako «eremu ez euskaldunean» euskaraz bizi eta ikasteko dituzten zailtasunen berri ematen dute.

Normalean betetzen ez diren» proposamen gisa jaio zen Bertsokleta ekimena, Lodosan egin zuten bertso-bazkari batean. Hausnarketa gehiegirik gabe, «boteprontoan» ateratako ideia bat izan zen, hasiera batean, bederen, etorkizun handirik edukiko ez zuelako ustean. Haren helburua, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea aldarrikatzea, euskaraz bizi eta ikasteko aukera izatea.

Pixkanaka-pixkanaka, ordea, martxa hartzen hasi zen hasiera batean ideia zoro batean gelditzera kondenatua zirudien ekimena. Hala azaldu dio, bederen, Eneko Fernandez iniziatibako kideetariko batek GARAri. Berak esandakoaren arabera, taldekide baten eginahalak egin du posible Bertsokletak Euskal Herriko errepide eta herri ezberdinetara salto egin izana. Aldarrikapen soil batez harago, Nafarroako «eremu ez euskaldunean» euskaldunek -edo hala izan nahi dutenek- bizi duten egoeraren berri ematean ere oinarritzen da ekimena. Horretarako, egoera hori lehen pertsonan bizi duten pertsonen testigantzak zabaltzen dituzte herriz herri.

Hau guztia bizikleta eta bertsoaren uztarketa bidez egiten dute. Fernandezek azaldu duenez, eurak bertsolariak direla eta taldekide batzuei bizikletan ibiltzea gustatzen zaiela aitzakiatzat hartuta otu zitzaien iniziatiba. Hala, zazpi egunetako ekimena osatu zuten, Euskal Herriko zazpi probintziak zapalduz, zazpi bertso-saio antolatuta. Horretarako, helmugako herriko bertso-eskolako kideekin jarri ziren harremanetan, hauen esku utziz bertso-saioaren formatua.

Goiz partean egiten dute bizikletarekin saioa. «Bost pertsona gara finkoak, etapa guztiak egingo ditugunak. Baina, egunaren arabera, jendea gehitzen zaigu», azaldu du Bertsokleta ekimeneko kideak. Une oro furgoneta bat dute eurei laguntza emateko. Bertan, «eremu ez euskalduneko» gurasoak doaz, eurak baitira, lehen pertsonan, herriz herri bizi duten egoeraren berri ematen dutenak. Baina lehen pertsonako azalpenez gain, badute bideo bat ere aipatu eskualdeetan euskarak bizi duen egoeraren berri emateko aprobetxatzen dutena. Formatu ezberdina erabiltzen dute helmuga herriaren arabera: «Agurainen, adibidez, bertso-poteo bat egin genuen eta ondoren eman zen azalpena; Markinan, aldiz, bertso-saio bat antolatu zuten eta saioa baino lehen egin zen esposizioa; eta gaur [astelehena], aurkezpena egin eta gero izango da bertso-saioa; bihar [atzoko jardunaldia], Senperen, bertso-eskolen egoitzan egingo dugu...».

«Helburua testigantza ematea da»

Herri ezberdinetako bertso-eskolen partetik harrera «hagitz hobea» izaten ari direla aitortu du Fernandezek. Hala ere, jakitun da ekimena garatzeko aukeratu dituzten egunak ez direla aproposenak, eta ondorioz, aitortzen du ez zaiela jendetzarik gerturatzen. «Agurainen eta Markinan herriak erdi hutsik zeuden. Jende asko ere ez zaigu gerturatzen», argitu du. Gainerakoan, ordea, harrera bikaina izaten ari direla adierazi du. Azken batean, helburu nagusi bat dute, eta hori da aurrera eramaten ari direna. «Erribera inguruko gurasoek zera nahi dute, nahiz eta jende gutxi izan aurrean euren azalpenak entzuten, euren testigantza ematea, eta bertako jendea izan dadila gero testigantza hori lau haizetara zabalduko duena», azaldu du.

Pasa den larunbatean eman zioten hasiera Bertsokleta ekimenari eta ostiral honetan izango du azken helmuga, Iruñean. Zazpi etapa, zazpi probintzia eta zazpi bertso-saio eginda emango diote amaiera egitasmoari, Nafarroa osoan euskara ofiziala izan eta hizkuntza horretan bizi eta ikasteko aldarria lau haizetara zabalduta eta «eremu ez euskaldunean» bizi duten egoeraren berri lehen eskutik eman ostean.

Azken geldialdi hau, gainera, berezia izatea nahi dute antolatzaileek. Ostirala izanik, ohikoa baino jai-giro traza handiagoa hartuko du Bertsokletak Iruñean egingo duen iritsierak. Ohi bezala, bertso-saio bat egingo dute Nafarroako hiriburuan, berezia izango da, ordea. Bertan, «eremu ez euskalduneko» ikastoletako ordezkariek hartuko dute protagonismoa, Bertsokleta ekimeneko antolatzaileen partetik oroitarri bat jasoko baitute, euskaraz bizi eta ikastearen alde egiten ari diren lana eskertzea izango duena helburu. Jendeari, beraz, Iruñera bertaratzeko deia luzatu diote.