IKUSMIRA
IKUSMIRA

Euskararen erabilera: Carlos Urquijoren erasoez gainera, Mariano Rajoyren adarjotzea

Gaztelaniak eta euskarak «trataera bera» izatea nahi duela esan zuen Gobernu espainoleko presidente Mariano Rajoyk atzo Madrilgo Senatuan, Carlos Urquijok hainbat instituzioren aurka aurkeztutako helegiteak hizpide zituztela. Rajoyk esan zuenez, gauza bera nahi du Gobernuaren ordezkariak ere. Eta esan zuen, halaber, Gernikako Estatutuak eta beste lege batzuek euskararen erabilera bermatzen dutela. Hala ere, herri honetan bizi den edonork badaki berme hori ez dela inondik inora betetzen. Etengabeko lege-urratze horrek, ordea, ez du Urquijo, «legalitatearen defendatzaile» hori, arduratzen, ezta Rajoy ere, jakina. Are gehiago esan zuen presidente espainiarrak, hizkuntza dela-eta inor ezin dela baztertu, alegia. Baina Euskal Herrian egunero jende asko baztertua izaten da hizkuntza dela-eta. Bere lurrean bere hizkuntzan bizi nahi izateagatik.

Hainbat udalek euskararen erabilera sustatzeko edo besterik gabe errespetatzeko hartutako neurrien aurkako helegiteak ez direla erasoak edo errespetu falta esatea, onenean, adarjotzea da. Galde diezaietela udalerri horietako herritarrei Urquijoren «babesa» sumatzen duten.