Idoia ERASO

Gatuzain argitaletxeak ziklo bat itxi eta etorkizunari begira jarri da

Ipar Euskal Herrian erreferente esanguratsua den Gatuzain argitaletxea eraldaketa prozesuan dago. Harpidetzak bertan behera utzi ditu, eta 1999an hasi zen fasea bukatzeko azken liburua argitaratu berri du. Gogoeta prozesuan dira, eta gazteen eskutik helduko litzatekeen ziklo berri bat abiatzea da xedea.

Gatuzain argitaletxea 1998an sortu zen bi lagunen artean, Ipar Euskal Herriko mugimendu eta kolektibo abertzale ezberdinetan ginenak. Egiten zen lanak ez zuela arrasto idatzirik uzten iritzita, ideiak plazaratzeko liburuak tresna egokia zirela pentsatu genuen eta 1999. urtean lehen liburua argitaratu genuen», azaldu zuen Hartzea Lopez Aranak, Patricia Martignonekin eginiko lanari buruz. Lehen liburu hori Bixente Vrignonen «Les années oubliées» izan zen. Elkartea handituz joan zen eta hamabost urteren buruan fase honetako azken liburua aurkeztu berri du argitaletxeak: Gatuzaineko idazle fidela den eta arrakasta handia biltzen duen Marie Jose Basurcoren «Le mur des absents».

Urteotan egindako lanak aztarna handia utzi du, eta idazle zein irakurleek liburuekin segitzeko eskatu diete elkarteko kudeatzaileei. Izan ere, garaian ezarri zuten urteko lau liburuko harpidetzak jarraipena izan du, eta denboraren poderioz bere tokia lortu du argitalpenen munduan. «Ez da inoiz izan beste argitaletxeak bezalakoa, tresna militantea baizik, elkarte funtzionamenduarekin», azaldu zuen Lopez Aranak.

Ezberdina izanda ere, edo izateagatik, atxikimendu handia lortu du: «Idazle askok bidaltzen dizkigute eskuizkribuak, irakurle askok esan digute Gatuzain atxiki behar dela». Argitaletxearen idazlerik ezagunenetariko bat den Basurcok baieztatu du: «Espiritu oso polita dauka Gatuzainek, alternatiba ezberdina da. Aukera politiko bat da, garrantzitsua da horrelako argitaletxeak izatea, lan politiko handia egin dutelako eta aukera ematen dielako beste nonbait argitaratzeko aukera izanen ez luketen idazleei».

Krisi egoera honetako ezaugarrietako bat ekonomikoa da, baina argitaratu berri duten liburua horri aurre egiteko tresna izan daitekeela espero du bere idazleak: «Espero dut liburu berria ongi salduko dela eta hortik lortutako diruarekin berriz abiatu ahal izatea».

Baina krisi honen parte bat besterik ez da diruarena: «Ekipo `zahar' bat gara, hamabost urteko ibilbidearekin, gure ohitura eta egiteko moduekin, baina argitaletxeen mundua asko aldatu da. Ziklo baten bukaera heltzen ari da, eta nahiz eta segitzeko gogoarekin egon, falta dugu hats berri bat eta hori jende berri batek ekarriko du».

«Gogorik ez dugu arrunt uzteko, tresna oso interesgarria baita. Gaur egun identifikatua da, bai forman bai jendeak horrekin kontatzen duelako. Ipar Euskal Herrian argitaletxe gutxi daude eta hutsunea sentituko litzateke», baieztatu du Maialen Camblong elkarteko permanenteak. Etorkizuneko egoera berrietara egokituko litzatekeen egitura berri baten beharra nabarmendu dute elkarteko kideek. «Gazteak etorriko balira beharbada beste forma bat emanen liokete, gaurko egoerarekin bat eginez», adierazi du Camblongek. Lopez Arana bat dator horretan: «Freskotasuna ekarriko liekete egiturari, beste belaunaldi batek atzematen ahal ditu bere baliabideak egungo egoerari lotuak». Hori dela-eta deialdi zabala egiten diete interesa duten guztiei.

Teknologiak, komunikatzeko manerak, liburu elektronikoak... eremu anitz eta galdera gehiago. Etorkizun horri nola aurre egin erabakitzeko lanean ari dira: «Kolaboratzaile eta laguntzaileekin biltzen ari gara diagnostikoa partekatzeko eta ideia batzuk eman dizkigute. Erabaki dugu liburu kopurua murriztea eta eskaera duten obrak berrargitaratzea». Elkarlanaren aukera ere aipatu du Camblongek: «Durangora begira, adibidez, denak elkartu gara, agian beste gauza batzuk ere asmatzen ahal dira mutualizatuz eta elkarrekin arituz». Zalantza formatua da, baina aukera handiak eskaintzen dituzten bideak badirela uste du Lopez Aranak: «Euskara eta haurren liburuetan bada eskari handia, baliteke sail bat betetzeko adina. Hemengo jendearen biografia ere, esaterako, beste eremu bat izanen zen».

Etorkizuneko bideak ez ei dira Gatuzainen sorrerara eraman zuten liburu engaiatu abertzaleak, eta horren zergatia, hein batean, egindako lana dela uste du sortzaileak: «Euskal gai politikoak egun argitaletxe eta liburu-dendetan daude, duela 15 urte baino askoz gehiago. Hori abertzaleek hartu duten tokiarengatik da, baina argitaletxe batzuek hasieratik eman diogun espazioarengatik ere bai. Ziklo bat bukatu da eremu hori popularizatu egin delako».

Euskal Herriko historia eleberri batean aztertu du Basurcok

Bi idazkera elkartzen ditu Marie Jose Basurcoren azken liburuak. «Le mur des absents» Gatuzainen hamabost urteko zikloari bukaera emango dion eleberria da, eta Lucia eta bere biloba Luma ditu protagonista. Arrakasta handia ukan zuen «Sois forte, Lucia» eleberriaren jarraipena den obra honek 2007koaren protagonista eta haren bilobaren idazkerak elkartzen ditu, bi mundu eta bi ikuspegi elkartuz. Euskal Herriko egungo egoeraren eta historiaren irakurketa berezia egiten du urruñarrak bi belaunaldiren bidez: «Maila politikoan esan nahi nuena esateko manera bat ere bada».

Irakurleek egindako eskaerari erantzuteko bigarren parte hau idatzi duela azaldu du Basurcok. Euskal Herriko gatazka abertzalearen azken mendeko gorabeherak azaltzen ditu bertan. «Irri egiten du eta negar ere, Lumak bere gibelean daraman historia pisua eta eramateko zail horren bilduma da», esan du Basurcok liburuaren muina azalduz.I.E.