Ane ARRUTI DONOSTIA

Europako 23.000 musikari gazte bilduko dira Anoetan 2016an

2016ko maiatzean ospatuko da Gipuzkoako hainbat txokotan Europako Musikari Gazteen jaialdia. Hiru egunez, 500 bat kontzertu izango dira eta inauguraziorako espero dute 23.000 musikari biltzea Anoeta estadioan.

Europa osotik iritsitako musikari gazteek euskal musikariekin elkarlanean ospatuko dute 2016ko maiatzaren 5, 6 eta 7an Europako Musikari Gazteen jaialdia. Donostia 2016 kultura hiriburutzaren ekimenen artean kokatuko da eta Gipuzkoa osora zabalduko da. Inaugurazioa Anoeta estadioan izango da ostiral goizez eta musikarien ospakizun jaia izatea nahi dute antolatzaileek.

«Gehienez 23.000 sar daitezke. 15.000 musikari lortuz gero, 8.000 ikuslerentzat egongo litzateke tokia», esan zuen atzo Mikel Matek, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak. Hala ere, ikusle horiek ziur aski eskoletako haurrak izango direla adierazi zuen. Bertan, Juanjo Ocon ariko da koordinatzaile lanetan, Euskal Herriko Gazte Orkestrako zuzendaria. Ondoren, jaialdia Gipuzkoa osora zabalduko da igandera arte, eta 500 kontzertu ireki aurreikusten dituzte. Itxiera saioa Zurriolako hondartzan egingo da.

Europako Musika Eskolen Batasunak (EMU) 2002az geroztik antolatzen duen jaialdia da Xabi Payak «Europako musikaren meka» moduan definitu zuen hauxe. Bi edo hiru urtean behin egiten da eta Donostiakoa seigarren edizioa izango da. Gipuzkoako hautagaitzaren batzorde antolatzailea Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko (EHME) hainbat musika eskolek eta Donostia 2016 fundazioak osatzen dute.

«EMUlagun»

Baina horrelako ekimen bat aurrera eraman ahal izateko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten antolatzaileek eta horretarako abiatu dute «Ni ere EMUlagun» kanpaina. Babesle pribatuak, ekimenari sona ematen lagunduko duten profesional «entzutetsuak» eta logistikoki guztia posible egingo duten boluntarioak bilatzen dituzte. Izan daitezke Europatik iritsitako musikari gazteei ostatu eskainiko dietenak, teknikariak, herri ezberdinetan kontzerturen bat antolatu nahi duten udalak, musika eskola eta elkarteak...

Markatutako helburuen artean, Gipuzkoan gutxienez 70 mikro-egoitza edo agertoki lortzea izango da. «Tokiko interpretatzaileek Europa guztitik etorritakoekin batera emanaldi publiko, doako eta parte-hartzaileak eskain ditzaten», azaldu zuten.

Izan ere, emanaldi guztietan kanpotik iritsitako musikariek eta bertakoek taula gaina konpartitzea da bilatzen dutena. Eta elkarlan ekimenak dagoeneko abian dira. Atzoko aurkezpenean EMUlagun Brass Band-en hainbat pieza entzuteko aukera izan zen. 10 urteko haurretatik hasi eta gazte zein helduz osatutako 43 kideko talde hau Parisera abiatuko da gaur, larunbatean bertan kontzertu bat eskaintzeko.

Kanpainaren informazio guztia, www.donostiasansebastian2016.eu atarian.