RITXI AIZPURU
MUSIKA ARGITARATZAILEA

Musikaren laguntzak

Musikariak bizipenetatik gero eta gertuago daudenean, errazago lortuko dute euren abestien hitzek konektatzea entzule eta zaleekin. Zalearen bihotzera ailegatzea da helburua, batzuetan nahi gabe lortuarren. Beti dakusagu bizitzaren garaia eta bizitzeko uneak nola doazen etengabean, inolako geltokirik onartu gabe, tartean hamaika pozaldi eta mila malkotan kudeatutako arnas bidea. Galtzen garenean, edota ez dakigunean non egon daitekeen ezaguna dugun gure etxea, dena arrotza egiten zaigunean, bizitza bera zeharkatzeko tantarik gabe geratzen garenean, dena oker eta deseroso ikusten dugunean, bada garden ikusten ez dugun izatearen indarra, bada helduleku zaila bezain neketsua, baina helduleku azken finean, agian istant horretan etor dakiguke kantu jakin baten leloaren zertzelada lanbrotua, emeki kantu osoa bilakatu arte bueltak emango dizkiogu berriro, hemen ere, etengabe, irtenbidea bilatu nahian. Gehienetan kantuaren lelora joango da gure pentsamendua, han aterpea aurkitzeko norberaren zoriontasun ezarentzat. Leloa errepikatuz gogoraraziko diogu geure buruari badela zirrikiturik zurrunbiloari ihes egiteko. Desira guztiek desiratzea ere lan mardula eskatzen diote pentsamenduari. Kantuetan desira asko kulunkatu ohi dira. Kantua hurbil sentitzen dugunean, kantuak transmititzen digunean laguntza, zuzen edo zeharka, konfiantza osoa eskainiko diogu eta talisman bezala har dezakegu. Norberak kantuaren letrari komeni zaion esanahia jarriko dio. Kantuak egilearen ahotik atera bezain pronto milaka zentzu bereganatuko ditu. Kantaria entzulearengandik gertu dagoenean, honek makina bat sekretu jakinaraziko dizkio. Historia bakoitzak bizipen zirraragarriak kontatuko ditu, eta kantariak ikusiko du bere abestiak nola egiten duen ametsen bide egokiena. Inoiz ama bat gerturatuko da eta aitortuko dio musikariari haren kantuarekin sortu zuela alboan duen hogei urteko alaba.