GARA

Enparantzak eta Zuluetak espetxean bizi duten egoera salatu du Etxeratek

Jon Enparantza eta Arantxa Zulueta abokatuek espetxean bizi duten egoera salatu du Etxeratek. «Ilegala» den erregimen bat ezarri dietela adierazi dute, «guztiz bakartuta» daudela gaineratuz. Hala, pairatzen duten egoeraren aurrean mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.

Etxerat elkarteko kideek, Jon Enparantza eta Arantxa Zuluetaren senideek eta hauen abokatua den Alfonso Zenonek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, Bilbon, aipatu presoek espetxean bizi duten egoera salatzeko. Nahiz eta bata -Zulueta- Puerto III-n egon espetxeratua, eta bestea -Enparantza- Segovian, biek ala biek ere nahiko baldintza berdintsuak pairatzen dituztela azaldu zuten.

Zenon abokatuak azaldu zuenaren arabera, «ilegala» den erregimen batean dituzte biak. Euren errugabetasun presuntzioa etengabe urratua dutela adierazi zuen, eta aplikatzen ari diren neurrien ondorioz, Estatu espainola bere legeria propioa ere urratzen ari dela azpimarratu zuen. «Guztiz bakartuta daude, eta praktikan, erregimen itxi batean baino erregimen berezi batean dituzte biak, diziplinazko zigorrak betearazteko soilik erabiltzen den erregimen mota batean», zehaztu zuen.

Espetxean modu prebentiboan daudela gogoratu zuen, euren aurkako epaiketarik gaur arte ez delako egin, eta beraz, euren aurkako epairik ez dagoelako. Horregatik, eta ihes egiteko arriskurik ez dagoela gaineratuta, datozen egunetan eurak eta eurekin batera atxilotutako gainerako bitartekariak aske uzteko eskaera egingo dutela adierazi zuen. Era berean, bestelako ekinbide batzuk ere planteatzen ari direla aurreratu zuen. Ildo horretan, Arartekora edota antzeko instantzietara jotzeko aukera ez dutela baztertzen esan zuen.

Mendeku politika

Presoen senideek salatu zutenez, «mendeku» politika baten ondorio da Enparantzak eta Zuluetak espetxean bizi duten egoera. «Onartezinak» diren baldintzak dituztela gaineratu zuten eta egoerari erantzuteko mobilizatzera deitu zituzten herritarrak. Presoek bizi duten egoera «guztiz bakartua», gainera, euren aurkako tortura mekanismo bat dela gaineratu zuten, horretarako nazioarteko erakundeen ebazpenetan oinarrituz. «Espetxea bera eta dispertsioa nahikoa zigor ez eta muturreko egoeratan dauzkate gure senideak», salatu zuten.