EDORTA JIMENEZ ORMAETXEA
Idazlea
40 AÑOS DE LA REVOLUCIÓN PORTUGUESA

Itzuliko dira krabelinak

Ahal dugularik irratia piztuta egiten dugu lan. RTL aditzen dugu gehienetan, tarteka Radio France, Iosuren gogoaren arabera. Ia alferrik nire kasuan, frantseserako belarrimotza naiz eta. Iosuk ostera gaztelera edo euskara baino askoz hobeto menderatzen du hizkuntza hori. Berton eskolatua da, hara! Picardie eskualdean. Frantziako lekurik aspergarrienean, azken iritzi-inkestaren arabera. Gaur, apirilak 25 dituelarik, lanabesak bazterra jaurti eta «Ixi!» agindu dit. Iosuren aginduak jainko hitza dira niretzat. Estatu kolpea Portugalen, txo! Hobekien ulertzen dudan hitza «Espinola» da. Eta «général». Gaurkoan beste inoiz baino bizkorrago itzuli gara Iosuren etxera.

Iosuren etxea haren aitak eta amak lan egiten duten usineari erantsia da. Hormakideak dira. La usine, bertokoek erabiltzen duten hizkeran, eta etxearen hormetako bana. Ez da kasu bakarra. Usinearen inguruan badira honelako beste batzuk. Besteotan portugaldarrak bizi dira. Gaur berton daudenak, alegia. Telebista ikustera etorri dira. Pozaren pozez negar egitera. Bozkarioz malkotan lehertzen dabilena mutil gazteena da. João, bai. Topikoa? Eta zer egingo diogu, ba.

Joãoren pozaren motiboa ez da politikoa. Erabakita ukan du aurtengo udan Portugalera ez itzultzea. Ez eta hurrengoan eta horren hurrengoetan ere. Ez du soldadutzara nahi, Afrikara nahi. Eta hona orain panorama aldaturik. Aita eta ama ez dira guztiz sineskor ageri. Ez dute frantses mailarik erdietsi. Orain etorri den besteak bai. Ederki daki. Hala eta ere hemen guztiek nahasten dituzte norberaren hizkuntza eta frantsesa. Lantegi-ren ordez usine hitza esaten dute, esanda nago. Luisek, dioenez -sortzez Leongoa da bera- jende hauek hona oinetan apretak eta galtzetinik etorri ziren. Hango mehategietan lan eginda lehenik eta Mundakara lantegietara etorri gero, bere burua portugaldarren gainetik ikusten du gizonak. Baita emazte euskaldunak ere. Biak dira horienganako abegitsu, sentibera eta maitakor, ostera. Jende noble eta hurbiltzat baituzte usinekideok.

Negarrak, bada. Eta lotsa ere bai. Nigan, pozarekin batera, horixe nagusitu baita. Lotsa, bai. Hara portugaldarrak! Espainian, esan dezadan argi eta garbi, Espainian egin ez duguna egin dute. Diktadorea tartetik kendu. Oi Franco! Agintean dirau. Eta begira. Begira portugaldarroi! Aske dira, diktaduratik behintzat!

Iluntze zoragarri honetan berton ditut oraingoz estatu kolpea eta laster iraultza itxura izango duen mungimenduaren arrazoi nagusiak. Kolonialismoa eta azpi-garapena. Bigarrena Kapitalismo Ofizialaren terminoa erabiliz diot. Portugaldarrak maite izaten berton ikasi dut. Ezagutu bezain laster ikasi ere.

Urte eta erdi igarota Getafen naukate soldadu. Nire oraingo gartzelaldi hau berau anaia nagusiak Aaiun aldean egin zuen. Gure lehengusu bik bezala. Hurrengo anaiak Ceutan egingo du. Kolonialismoa! Eta azpigarapenaren seinale, hemengo asko eta asko analfabetoak dira. Montxo galiziarrak irakasten die horiei irakurtzen eta idazten. Ene, Montxo! Gaztelaraz irakurtzen dituen liburuetarik oharrak galizieraz idazten dituen luso-galaikoa. Halako batean ez da ba «Grândola, vila morena / Terra da fraternidade / O povo é quem mais ordena / Dentro de ti, ó cidade» kantatzen hasi? «Zergatik ez duzu kantua euskara itzultzen?», diost. Eta halaxe dator nire lehenengo itzulpen lana. «Grândola» idazten dut, negarra begietan ia, orain bezala. Portugal eta iraultza, gure amets zapuztua. Maite zaituztet, portugaldar bipil eta zintzo izaten segitzen duzuenok. Eta maite dut zuen hizkuntza ederra ere. Zinez diot, ba ze, euskaraz idatziko ez banu, zeuon hizkuntza ederrean idatzi nahi nukeela. Hasteko, zueon hizkuntzan idatzi nahi nuke «Itzuliko dira krabelinak». Hala bedi.