GARA

Tratatutako errefusak usainik ez duela ikusi dute Gipuzkoako batzarkideek

Bereizi gabe jasotako hondakinak tratamendu planta batetik pasa eta gero lortzen den materiaren lagin bat eraman zuen Errazkinek atzo Batzar Nagusietara. Horrela, tratatutako errefus horrek usainik ez duela ikusi ahal izan zuten batzarkideek, baita kutsagarria ez dela ere.

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatua Batzar Nagusietan izan zen atzo, hondakinen kudeaketarako Aldundiaren azpiegitura proposamena aurkezteko. Alabaina, ez zen ohiko agerraldia izan. Proposamenaren baitan eztabaida gehien pizten ari den aferetariko bati erantzuten ahalegindu zen diputatua, eta horretarako bereizi gabe jasotako errefusa tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) planta batetik pasa eta gero lortzen den materiaren lagin bat erakutsi zuen bertan.

Agerraldia herrialdeak hondakinen kudeaketaren inguruan bizi duen egoeraren berri emanez hasi zuen Errazkinek. Bereizi gabe jasotako errefusean eta materia organikoan jarri zuen arreta, horientzat Zubietan TMB planta bat eraikiko dela gogoratuz. Zentzu horretan, Gipuzkoan jasotako hondakinen %100 bertan tratatuko dela azpimarratu zuen.

170.000 tona errefus tratatzeko ahalmena izango du azpiegitura horrek eta prozesu guztia burutu ostean 60.000 tonara gutxituko litzateke. Horiek biltegi batera joango lirateke, tratatuta jada. «60.000 tona hauekin ezin izango da konpostik egin eta ezingo dira ongarri modura erabili, baina ez dute usain txarrik, ez dute lixibiaturik sortzen eta errefus hori ez da ustelduko», adierazi zuen Errazkinek.

Azalpen horren froga gisa Austriako TMB planta batetik ekarritako materia erakutsi zien batzarkideei. Leku itxian egoniko materia zela nabarmendu zuen, eta usain txarrik ez zuela jariatzen baieztatu. Hala, bertan zeuden batzarkideen esku utzi zuen Austriatik ekarritako materia, euren zentzumenez egiazta zezaten usainik ez zuela.

Azpiegitura proposamenarekin jarraituz, materia organikoa tratatzeko plantak Epelen (Bergara) eta Zubietan kokatuko direla gogoratu zuen. Aditzera eman zuenez, 131 milioi euroko aurrekontua du Aldundiak garatu nahi duen azpiegitura proposamenak: 71 milioi Zubietako azpiegiturek, 8 milioi Epeleko konpostatze-plantak eta falta diren 52ak lur erosketa eta beste gastu batzuetara joango dira.

Foru diputatuak bere agerraldian nabarmendu zuen aurreko legealdian onartutako plangintzak «hutsune» bat bazuela; ez zela errauts edo hondakin arriskutsuentzat zabortegirik aurreikusten eta 270.000 tonarentzako eraiki zuten erraustegiak 75.000 tona zepa edo errauts utziko zituela. Bizkaian, gaur-gaurkoz, errauts horiek zabortegira eramaten direla adierazi zuen.

«Kontraesanak», EAJren ustez

EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrenak segituan erantzun zion Errazkinen agerraldiari prentsa ohar baten bidez. Bertan adierazi zuenez, «berandu» iritsi zen foru diputatuaren agerraldia eta, gainera, Batzar Nagusiak «nahierara» erabiltzea leporatu zion. Plangintza «ofizial» bat ez aurkeztu izana ere leporatu zion eta, zentzu horretan, Bildurentzat «plangintza» dena eurentzat «hipotesi hutsa» dela adierazi zuen.

«Bilduk ez du bere plangintza Batzar Nagusietan erregistratu nahi; hau da, Bilduk ez du onartu nahi indarrean dagoen legedia eta politika egiteko modua eta, beraz, Bilduren nahia inposatzea da», azpimarratu zuen Ezeizabarrenak. Koalizio independentistaren «ereduaz» ere hitz egin zuen batzarkide jeltzaleak, eredu hau ez dela «ez hain erraza ez hain polita» esanez; izan ere, jeltzalearen esanetan, Bilduk ez du aipatzen zer gertatzen den hondakin-hondarra «egoera zailetan garatu behar denean».

Ezeizabarrenaren esanetan, koalizioak «bere helburua bete du» Zubietan egitekoak ziren errauste planta gelditzea lortuta. Zentzu horretan, Errazkini eskatu zion, «baldin eta HHKGPI hondakin-plangintza aldatu nahi badu», bere proposamena Batzar Nagusietan erregistratzeko, bertan onartutakoa «betetzeko» eta «gauzak inposatzeari uzteko». Bilduk HHKPGPIn aldaketarik ez dela egin berresten duen arren, EAJ-k afera osoko bilkurara eraman nahi du.