Idoia ERASO
Elkarrizketa
Elorri Arin
EH Bildu-ko hautagaia europako parlamenturako

«Nazio bat gara eta zazpi probintzietako biztanleria ordezkatu nahi dugu»

Elorri Arin azkaindarrak 22 urte ditu, eta «Lapurdiko neska gazte bat» dela esanez definitzen du bere burua. Lekorneko Seaskaren ikastolan egiten du lan goizetan. Aldi berean masterra bukatzen ari da Donostian, ikerketa feministari buruz, Bilbon lehen hiruhilekoa egin ondoren.

Lanaren eta ikasketen artean tarte bat atzeman du Elorri Arinek Donibane Lohizuneko terraza batean bere engaiamendu politikoari buruz GARArekin mintzatzeko. Orain arte mugimendu feministetan ezaguna zen gazte azkaindarrak politikara egin du salto, nahiz eta oraindik ez dakien epe luzera begirako delibero bat izan den, edo momentuko behar bati erantzuteko. Ipar Euskal Herriko EH Bai koalizioak Arin partaide duen zerrendari bere sostengua eman dio, bere partaidetza agerian emanez.

Nolakoa izan da bidea Europako Parlamenturako hauteskundeetako EH Bilduko zerrendan agertu arte?

Eskaera egin zidaten Lapurdiko biztanlea naizelako. Parte hartzeko asmoa nuen galdetu zidaten, eta ea prest ikusten nuen nire burua Josu Juaristirekin zerrendan izateko; eta baietz esan nuen.

Zergatik esan zenuen baietz?

Eman ditut hilabete batzuk erabakitzeko, baina azkenean atzeman dut EH Bilduko zerrendan Lapurdiko biztanle bat ere izateak garrantzia ematen diela koalizioak defendatzen dituen balioei; hau da, nazio bat garela eta zazpi probintzietako biztanleria ordezkatu nahi dugula.

Lapurtarra izateaz gain beste zein ezaugarrirengatik deitu zintuzten?

Nik esango nuke beste bi elementu badirela: batetik, gaztea naizelako, gaztetasunak ere izan dezan bere hitza Europan eta zerrendan. Bestetik, emaztea eta feminista naizelako. Zerrendan saiatzen gara parekotasuna defendatzen gure programan eta horrek ere ematen dio beste puntu bat gehiago.

Teknikoki nola da posible Estatu frantseseko biztanlea izanik Hego Euskal Herriko zerrenda batean parte hartzea?

Donostian erroldatua naiz ikasketendako errazagoa zelako; duela urtebete egin nuen. Horrek ekartzen dit Europako Parlamentuko hauteskundeetan bozkatzen ahal dudala eta aurkezten ahal naizela, baita herriko etxeko hauteskundeetan ere. Ez ditut bi estatuetako nazionalitateak.

Ipar Euskal Herriak zein toki dauka Euskal Herriaren baitan?

Euskal Herriko hiru probintzia dira, nahiz eta administratiboki zatituak garen, baita hauteskunde hauetan ere. Estatu espainolaren eta Estatu frantsesaren baitan ordezkatuak gara, nahiz eta guk sentitzen duguna den «zazpiak bat». Nazio mailan inportantea iruditzen zait Iparraldeak bere hitza izatea, baita programan ere, Europari begira. Azkenean, Europan diputatu bat izatea lortzen badugu Euskal Herriaren izenean hitz egingo dugu batez ere, eta esan nahi du gure lurraldearen osotasunari egokituak izango garela.

EH Baik Ipar Euskal Herrian ere EH Bildu koalizioa sostengatzen du. Zergatik egin dela uste duzu?

Saiatu garelako EH Bildurekin Euskal Herria biltzen duen koalizio bat osatzen, eta horri esker herri guztia errepresentatzen. Zerrenda Euskal Herriaren aldekoa da, ezkertiarra da eta nazio osoa hartzen duena kontuan.

Zerrenda horretan Ipar Euskal Herriaren ordezkaria zara, nola ikusten duzu zeure burua horretan?

Beldurra ematen dit horrela esateak, ordezkari osoa ez nuke esango. Saiatzen naiz ezberdintzen Lapurdiko biztanlea naizela. Azken batean, Hegoaldekoek, eta guk ere bai, Iparraldeari probintzia bakar bat izango bagina bezala begiratzen diogu. Gehiago goraipatzen dut Lapurdikoa naizela, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herritarra ez naizela.

Nahiz eta beldurra ematen didan esatea ni naizela Iparraldeko bakarra, erakusten du guk ere parte hartzen ahal dugula zerrendan eta erakusten duela Euskal Herriko aniztasuna.

Hogei zarete zerrendan, zu zara lapurtar eta Ipar Euskal Herriko bakarra, aski ordezkapen badela iruditzen al zaizu?

Ez, badakit saiakerak egin direla Iparraldeko beste herritar batzuk topatzeko, baina ez dira denak ni bezala bien artean bizi; beraz, zaila da. Bakarra ez da aski, izan beharko ziren bi, hiru edo ez dakit zenbat esango nuke, baina bat baino gehiago ziur.

Zein da Europara eraman nahi duzuen programa?

Gure programa justizia sozialean oinarritu nahi dugu, eskuineko Europa aldatu, eta ezker aldera eraman, Troikaren aurka eginez. Parekidetasunean ere oinarritzen da. Euskal Herriari bere tokia ematea eta Estatu mailan galiziarrekin egiten dugunez zerrenda ere, herritartasun eta eskubide sozialetan oinarritzen gara. Euskal Herriari zuzenduta bake prozesuan indar bat eman dezala Europak, eta hori ozenago erran.