Jon GARMENDIA Idazlea

Heteroklitoak

Lapurdi itsas hegian eguraldi onak beste kolore bat ematen dio ingurune bakoitzari. Baina esaldi hau erran eta eguraldi ona zerk determinatzen duen heldu zaizu burura, kontzeptu unibertsal bat izan ote daitekeen, adostasunezko printzipio bat, euri-langarrak belar zelaiak emeki bustitzen dituen eguraldia maite duen pertsonak ez baitu nehoiz irudikatuko, zu, eguzki egunaz mintzo zarela. Edo bai. Bera, gutxiengoaren zati dela onartutzat izanen baitu, eta orokortasun bati beha, beti, gehiengoaren nahiei erreparatzen zaielako. Gainera, beste kolore bat esanda, zer adierazi nahi ote duzun pentsatu duzu gero; beste, ez argi eta ez ilun, ez hori eta ez urdin, beste kolore bat baizik, desberdina, arraroa, bitxia, Getarian aurkitu duzun Heteroklito bezala, anitza. Ostatu horren izenak halakorik agertu nahi duela azaldu baitizu zerbitzariak, eta itsasoari beha, surflariek uhainak menderatu nahi dituzten eremuan, kokaguneak aniztasunari indar ematen diola ohartu duzu. Burgesak, jende xeheak, turistak, eta euskaldunak, denak nahasian, nor den nor jakin ezin den tokian. Gaur egun dena globalizatzen ari dela iduri baitzaizu, baita ostatu jakin batzuetara joateko ohitura ere, asko ordaintzen den tokietan badakizu ze jende mota aurkituko duzun, selekzio natural bat egiten du patrikako diruak, baina denen tokiak diren toki ederretan denak elkartu daitezke. Eta Heterokliton pentsatuta Heraklito heldu zaizu burura azkenik, «panta rei, gauza oro doa jarioan», mugimenduan dabilela dena, eta ezerk ez duela betirako irauten; horregatik ezin omen da «ibai bera birritan jaitsi», beraz, onena, heteroklitoak garela onartu, eta norberak politak atzematen dituen garai eta lekuetatik betirako izanen den oroitzapen bat gordetzea izango da.