Aimar ETXEBERRIA BEASAIN
EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

Hondakinen afera kanpainan sartzeko saioa egin du Bilbaok

Sasieta Mankomunitatean (Beasain) egin zuen geldialdia atzo Izaskun Bilbaok, hondakinen afera kanpainan sartzeko asmoz. Mankomunitate hau da Gipuzkoan birziklatze maila altuenak dituena, eta bertako zabortegi kutsatzaileak itxiera data du: 2015eko amaiera.

«Bihurrikeria» bat iragarri zuen Izaskun Bilbao EAJren Europarako hautagaiak atzoko, bere alderdiak joan den igandean Donostian egin zuen agerraldian. Ondoren ezagutu zen deialdia: 11.00etan Sasieta Mankomunitatean, Beasainen; han agertu zen ordurako buruzagi jeltzalea. Eta, berarekin batera, EAJko aurpegi ezagun ugari, Bilbaori kanpainan laguntzeko prest, Xabier Ezeizabarrena batzarkidea eta Carlos Ormazabal GHK-ko lehendakari ohia, esate baterako.

Kazetari guztiak zain bazituen ere, mankomunitatearen instalazioetara jo zuen zuzenean Bilbaok. Bere prentsa arduradunak adierazi zuenez, mankomunitateak barrutik nola funtzionatzen duen erakutsi behar zioten. Handik ordu erdi ingurura atera zen instalazioetatik, eta mikrofonoen aurrean jarri. Bere lehenengo hitzak ingurumari eta tokiko lanari zuzenduak izan baziren ere, segituan hartu zuen bere atzoko agerraldiaren hari nagusia: Gipuzkoako hondakinen kudeaketa.

Ez zuen, ordea, hondakinen kudeaketaz hitz egiteko Gipuzkoako tokirik egokiena hautatu, Sasieta baita herrialdean gehien birziklatzen duen mankomunitatea. Bertako zabortegiak, gainera, badu itxiera data: 2015eko amaiera. Gauzak horrela izanda ere, ez zuen bere diskurtsoan une bat pasatzen utzi Gipuzkoako foru gobernua hondakinen alorrean egiten ari den lana zalantzan jarri gabe. Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko plan bat zeukala adierazi zuen Bilbaok, gaur egun honek indarrean jarraitzen duela ahaztuta -berau Batzar Nagusietan ez aurkeztu izana ere leporatu zion koalizioari-. Plan hori «aldatzea» erabaki dutela gaineratu zuen, HHKGPI-an (PIGRUG) sakoneko aldaketarik egin ez bada ere. Hala, buruzagi jeltzalearen hitzetan, euren plana egun Bilduk «inposatzen» duena baino «hobeto» egokitzen zen Europar Batasunak hondakinak kudeatzeko proposatzen duenera.

Bilduk «inposatzen» duen hondakinen bilketarako sistema kritikatu zuen -atez atekoari erreferentzia zuzena eginez, garestiagoa eta deserosoagoa dela esan baitzuen-, tratamenduari dagokionez aurrerapenik ez dela egin gaineratu zuen, foru gobernuaren alternatiba bakarra zabortegi berriak irekitzea dela adieraziz -inerteentzako planeatzen den biltokiari erreferentzia zuzena eginez-. «Bien bitartean, tratatu gabeko zaborrak inguruko zabortegietara eramaten dituzte», esan zuen Bilbaok, zabortegi kutsatzaileak ixteko plangintza bakarra duen herrialdea Gipuzkoa dela ahantziz.

Europa eta ikerketa

Europako Batzordeak joan den urtarrilean iragarri zuen ikerketarekin zuen zerikusia Bilbaoren «bihurrikeriak», «zeresana emango duen» albisteak. Orduko hartan Foru Aldundiak Zubietan aurreikusita zegoen errauste planta ez egiteak hondakinen plangintzaren baitan eragiten dituen aldaketak ikertuko dituela adierazi zuten Bruselatik. Eta ikerketa horiek jada abiatu dira, jeltzaleen hautagaiak atzo adierazi zuenez.

Ikerketaren harira, Bilduk «berriro erratu» duela esan zuen, Zubietako errauste plantaren obrak egin behar zituzten enpresen ordezkariak eta GHK eta Aldundiko ordezkariak batu zituen agerraldi baten harira. Agerraldia nork antolatu zuen jakiteak berebiziko garrantzia du Bilbaorentzat, antza. Nolanahi ere, Aldundiak bere plana Bruselan aurkezteko duen asmoa ezin izan zuen ezkutatu, eta ekimen hori «ondo» iruditzen zaiola adierazi zuen. Gauzak horrela, Batzar Nagusiei eskatu zien foru gobernuak Bruselan ematen dituen erantzun guztiak «kontrola» ditzala.

Bestalde, Iruñean egitekoa zuen EAJk hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia. Bertara joatekoa zen Izaskun Bilbao, Andoni Ortuzar alderdiko buruarekin batera, baina ekitaldia bertan behera gelditu zen ordu batzuk lehenago Leongo Diputazioko eta PPko burua, Isabel Carrasco, Leongo erdigunean tiroz eraila izan ondoren.