JON GARMENDIA
IDAZLEA

Muxu

Badira non sortu diren ez dakizun pertsonak, ez eta nondik heldu diren ere, eta gutxiago noren seme-alaba diren. Baina egia erran, ez zaizu axola. Haien jatorriari buruz galdegiten badiozu, beste galdera batzuk nabarmenagoak direla ohartuko zara, hala nola, zergatik sartu diren zure bizitzan eta zergatik bilakatzen zaizkizun hurbileko. Bihotzeko anaia-arreba bezala ikusten dituzu, odoleko lagun. Eta haietako bat oroitzean, kausalitaterik ttipiena kasualitaterik handiena bailitzan oroitzen duzu, ezagutu zenuen unetik hasita. Eta zu, Aitor Renteria, Txato jauna, halako bat izan zinen, barkatu, halako bat izango zara.

Zergatik hurbildu ote zinen zigarreta pizteko su eske bertso batekin? Non eta, Baionan, Santutxuko karrika kantoi batetik edonork entzuteko maneran, boza kantu bihurtuz, eta nehoiz entzun ez nuen doinu arraro batekin. Gero erran zidaten ihesian ailegatu zinela, zeren ihesi ordea, ordurako, kontu guztiei aurpegia ematen zeniela ulertua neukan eta! Eta hau ez zenuela deserri, bihotzeko herri bat baino ez, maitasunezko istorio batek premiazkoa duen lur zoru. Euskara zenuela ardatz, «Euskaldunon egunkaria», «Berria», bertsoa, politika, eta festa. «Arrosako zolan» kantu zirimolan, eta Larraldean ere bai, Onintzarekin, Estitxurekin, Iñaki, Bus, Enekoitz, eta beste zenbatekin!

Baina Baiona Ttipiko zaindari zu, lantokitik munduari so. Enekorekin lehen, Jenofarekin orain, kazetaritzarekin beti, Gure Irratian, Kazeta.infon. Ipar Euskal Herrian gorputza, hego, eki eta mendebaldean arima. Eta bertsotan Ortzirekin, Ellande tentatzeko, lehenago Xanti bezala, edo Aitor, Ekhi eta Eneritz, eta... Ametsekin zergatik ez ba? Sustrairekin bestela, eta Odei, ze ona. Baina Josunerekin bidea ibiltzen, Amaiurri begira. Eta Itziarrekin Bakiora itzuli; urte anitz izan dira. Anitzegi. Eta konponbidean sinetsiz. Beti. Herri bat badela. Izango garela. Bihotza handiegia zeneukala, onegia, horregatik gelditu zaizula, zu gure bihotzean geldituko zaren bezala. Ezin baitzara joan, ez azken agurreko bertsoa kantatu gabe. Muxu.