JON GARMENDIA
IDAZLEA

«Stoker»

Zertarako zaren egina, zerez, eta baita nolakoa zaren ere. Zergatik nik zurekin bai, eta zuk, nirekin ez duzun nahi. Baina denak garela berdintsu, agian, «tsu» horrek edo «berdin»-ek, biek bereizten gaituztela. Eta lagunak lagun direla. Familia, familia den gisa. Zer zen zer eta zer ezer zen. Eta zer den dena. Ere bai. Hautatu gabeko bizimoldea, hil arte bizi beharko duzun hori. Ezagutzen joanda, eta ulertzen hasita zaudena. Baina nehori fitsik zor ez, eta, nehorengandik fitsik jasotzeko esperantzari heldu gabe. Batez ere, zehaztu ezin duzunari buruz pentsatzera jarri gabe.

«Besteek entzuten ez duten hori entzun dezakete ene belarriek, eta jendeek ikusten ez dituzten gauza ttipi eta gordeak ikus ditzaket nik; zentzumen horiek desiraz betetako bizitza baten fruitu eta ondorio direla erranen nuke, eta erreskatatua izatearen desira dela nirea, osorik sentitzeko premia. Gona batek haizearen beharra dauka puzteko, eta ni, gauza askorekin osatua nago, nireak ez diren gauzekin; gaur, aitaren gerrikoa lotu diot amaren blusari, eta oinetan osabak oparitutako zapatak daramatzat. Lore batek bere kolorea hautatzen ez duen gisa berean, izaten bukatzen dugun pertsona horren arduradunak ez gara gu; eta hori ulertzen duzunean soilik izan zaitezke libre. Eta, jakin behar duzu, heldutasunera iristea, libre izatea dela».

Esaldi horrek ematen dio hasiera Chan Woo Park korearrak zuzentzen duen «Stoker» filmari, eta, hamar bat aldiz ikusita, ahapaldi bakoitzari zentzua hartzea ez da hain zaila. Beraz, ikusi, entzun, eta berriro ikusi eta entzun; gero, hitz egingo dugu. Denbora duenak hala eginen bailuke. Filmak ikustea, denbora galtzea edo irabaztea ote den zalantzan jarri gabe.