Fernando Mijangos
Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak izeneko graduondoaren zuzendaria

Aldaketa klimatikoa eta hondakinak

Egun hauetan seguru harriduraz eta kezkaz beterik irakurtzen ari gara IPCC delakoak ezagutzera eman duen azken txostena, hain zuzen ere aldaketa klimatikoak Lur planetan izango duen eragina, beroketa globala eragiten duena. Honen arabera, gosea areagotuko da, itsas maila gora egin eta egingo du eta euriak gero eta maizago eta bortitzagoak gertatuko dira.

Nazioarteko erakunde honen lehendakariak, Rajendra Pachauri jaunak, esan duenez «ez jakitea ez da dagoenekoz aitxaki bat», eta gaur egun aldaketa honek eragiten dituen efektuak eta ondorioak nonahi antzeman daitezke; besteak beste, politika migratorioak, uztak gero eta urriagoak eta izotzaren urtzea. Aldaketa klimatiko honen aurrean IPCC honek neurri txiki eta eraginkor batzuk hartu ahal ditugula aurresaten ditu, hala nola edangarritzako ur erabileraren arrazionalagoa eta hondakinen prebentzioa. Honekin batera, nola ez, atmosferara botatzen dugun karbono dioxidoa murriztea eta antzekoak.

Gaur arratsaldean, 2014-04-02an, Bilboko Euskalduna jauregian Basque Centre for Climate Change BC3 delakoak liburu baten aurkezpena burutuko du, ‘Routledge Handbook of the Economics of Climate Change Adaption’ eta euskaraz holan idatzi dute: Klima-aldaketa: inpaktuak eta egokitzapena” . Ekitaldi horretan, Anil Markandya katedradunak klima aldaketaren egokitzapenari buruzko azalpenak emango ditu ekonomiaren ikuspegitik, eta Nuria Oses doktoreak eta Iñigo Losada katedradunak (liburuaren egilekideak) aurkezpenak egingo dituzte gaurkotasun eta interes handiko gaiak hizpide hartuta uholde-arriskuen kudeaketa eta kalteen balioespen ekonomikoa, eta klima-aldaketak kosta-eremuetan dituen inpaktuak. Bertaratzeko erretserba egin dut eta aukera izango banu parte hartu nahi izango nuke galdera xume batekin, BC3 honek antolaturiko aurreko saio batean luzatu nien galdera batekin: Ba al dauka zer ikusirik Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak Ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoarekin?

Burura etorri zait ere Iñaki Errazkin jaunak, Gipuzkoako Foru aldundiaren Ingurumenaren Diputatuak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esandakoa: Gipuzkoa aitzindaria dela Hiri Hondakin organikoen kudeaketa eta Tratamenduetan, hain zuzen ere, organikoa gaika biltzean konposta bidea guztiz irekia geratzen delako, hondakin organiko hauxe deseustatzeko erregai fosilak gastatu baino, lehengaiak bihurtzen baitira berriz ere, eta karbono zikloa ixten delako inolako inpaktu gabe, inolako negutegi efektua sortu gabe, inolako aldaketa klimatikoa eragin gabe.

Bizkaian, dakidan heinean, esperientzia berri batzuk berez agertzen ari dira udaberrian perretxikoak berez agertzen diren bezalaxe; esperientzia hauek herri esperientziak dira, zarata egin gabe hedatzen ari direnak eta emaitzat oso baikorrak lortzen ari dira, ea hauek suspertzen diren. Zertan datzan? Norberak beira, papera, plastikoa, latak eta abar bere birziklatze-ontzira eraman ondoren etxean geratzen den organiko garbia, herrian dauden leku jakinetara eraman eta bildutako organiko garbi horrekin konposta prestatu, herriko ortuetan geroago erabilia izango dena.

Izugarrizko pena ematen dit niri gure etxetan materialak birziklatzeko egiten ditugun ahalegin guztiak burutu eta gero poltsa batean geratzen zaigun hondakin hori, gehien gehiena (ia %100) organikoa dela, ikustea eta berau kontenedore batera bota behar izateak. Kamioiak laugarren kontenedore horretan ipinitako poltsak bilduko ditu eta Zabalgarbirako bidea hartuko du, non urtero berrehun mila tonelada erreko diren eta hauek erretzeko laurogei mila tonelada erregai fosila (gas natural) gastatu behar izango da euren erreketan, honek suposatzen duen negutegi efektua, erregai fosilen erabilera, karbono dioxidoaren gehikuntzak eta honek eragingo duen aldaketa klimatikoa.

Batzuetan pentsatzen dut arazo globala, aldaketa klimatikoa, negutegi-efektua, hain handi handia ikusten dugun ezen norberak ezin duela neurririk hartu pentsatzera eramaten gaituela, hau da, oso arazo handia da eta gu oso txiki txikiak; baina irakaslea naizenez, ikasle gazteekin inguratuta nagoenez, jakin badakit ze nolako arreta ipintzen diote etorkizunari, ze garrantzia ematen diete ingurugiroari, ekologiari. Sarri eurekin batera ikasi eta konpartitu ahal izango dugu filosofia bat: txikia ederra dela, txikia eraginkorra dela eta neurri “espektakularrik” hartu gabe norbarek bere bizian urrats txiki bat emanez izugarrizko eragina izan ahal duela.

Ez dut gehiago luzatu nahi; ea gaur arratsaldean Euskaldun jauregi horretan aukera balego eta nire urduritasunak bide libre emango bazidan ea ausartzen naizen esatera goian kontatutakoa. Ausartzen banaiz eta erantzuna jasotzen badut ez da seinale txarra izango.

Bilatu