Ikoitz Arrese, Haizea Solagurenbeaskoa
Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaileak

Euskal Eskola Nazionala helburu, aurrera goaz

Iraultza egin nahi badugu eta sistema bera errotik aldatu nahi badugu, ezinbestean gu ere berritu beharrean gaude. Eta antolakundeak ere garai berrietara egokitu behar ditugu

Azaroaren 17a, Ikasleon Nazioarteko Eguna. Ikasleok gure eskubideak aldarrikatzeko eguna. 1936an naziak Pragako Unibertsitatearen kontra oldartu izana gogoratu nahi da data honekin. Bertan, okupazio alemaniarraren kontrako manifestazio batean ikasle bat hil eta heriotz horren ondoriozko protestetan beste 9 ikasle erail eta 1.200 izan ziren Kontzentrazio Esparruetara eraman zituztenak. Bi urte geroago, 1941ean, Londonen, hainbat errefuxiaturekin batera, Nazioarteko Ikasle Kontseilua batu eta azaroaren 17a Ikasleon Nazioarteko Eguna izendatu zuten.


Euskal Herrian ere, Ikasle Abertzaleak-en aitzindaritzaz, urte luzez antolatu izan dira manifestazio, mobilizazio egun, ikasle jaialdi eta abarrak. Eta aurten ere, gaurko egunez, Euskal Herriko hamaika txokotan mobilizazioak antolatu ditugu, izan ere, inoiz baino beharrezkoagoa da ikastetxean, fakultatean eta kalean, ikasleon borrokarako grina eta aldarrikapenak azalaraztea.


“11x12”an erakutsi genuen. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hezigune gehienak hustu genituen. Ikasleria kalera irten eta espainiar Estatuak inposatu nahi digun hezkuntza herreformari ezezko irmoa adierazi genion. Werten rreforma frankistari ezetz esan eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza aldarrikatu genuen. Boterearen menpeko hedabideek errealitatea ukatu nahi izan zuten arren, Euskal Herria aitortu eta dagokion hezkuntzan erabakitzeko eskubidea aldarrikatu genuen 16.000 ikasletik gora kalean. Eta greba orokor arrakastatsu hori zapalduak diren espainiar Estatuko gainontzeko na- zioetako ikasle antolakunde ezkertiar eta abertzaleekin burutu genuen gainera. Aurrerapauso kualitatibo handia eman genuen ikasle borrokan.


Eta orain indar hori guztia, haserre, ilusio eta grina guzti hori baliatu eta Euskal Eskola Nazionalaren alde lerrokatzeko tenorea dugu. Horregatik gaude hausnarketa prozesu baten murgilduta ikasle eta abertzaleok. VI. Kongresu prozesuan ari gara.


Errealitatea etengabean ari da aldatzen. Sistema kapitalista patriarkarraren mesedera egokitu egiten da errealitate hori eta iraultza egin nahi badugu eta sistema bera errotik aldatu nahi badugu, ezinbestean gu ere berritu beharrean gaude. Eta gure tresnak diren antolakundeak ere garai berrietara egokitu behar ditugu. Zaharkitutako edota agortutako jarrerak, ohiturak, lan lerroak, ereduak, bitartekoak edota mol- deak egungo testuingurura moldatzea dagokigu guri ere.


Urtarrilean ekin genion prozesu honi. Orduan, errealitatearen gaineko egoeraren azterketa bat burutu eta Euskal Eskola Nazionalaren aldeko hautuan berrestuko zen eztabaida bati ekitea erabaki genuen. Gainera, Ikasle Abertzaleak antolakundeak datozen urteetan garatu beharrekoak birdefinitu eta gure helburuak lortzeko ikasle estrategia eraginkorrena diseinatzeko lanetan ari gara. Ikasle antolakundearen egiteko nagusiak ikasle problematikan, hezkuntza arloan eta Euskal Herriaren eraikuntzan kokatuko ditugu, gainera.


Euskal Herria abagune politiko berri baten murgilduta da-goela inork gutxik uka dezake egun. Uka ezin daitekeen bezala bi proiekturen arteko talka gero eta nabarmenagoa dela. Bi bide daude mahai gainean: herri hau frantziar eta espainiar estatuen menpeko izaten jarraitzera garamana edo Euskal Herria askea eraikitzeko marrazten ari garena. Ikasle eta abertzaleok gure hautua aspaldi egin genuen. Euskal Herria burujabearen aldeko hautua, alegia.


Eta Ikasle Abertzaleak antolakundearen jarduna horretara bideratu da urte luzez, gure proiektu politikoak horri erantzuten baitio bete betean. IAk helburu duen Euskal Eskola Nazionala Euskal Herria askatasunera eramango duen eskola izango baita. Baina ez hori bakarrik.

Euskal Eskola Nazionala ikasle aske eta burujabeak hezteko proiektua izango da. Merkatuen mesedetan diseinatuta dagoen sistema basati honek ikasle sumiso, akritiko eta infantilizatuak nahi ditu. Etorkizunean, deus esan gabe, lan prekarioetan eta enpresen zerbitzura lanean burumakur arituko diren langile-robotak sortzea du helburu. Eta hori borrokatzeko eraikiko dugu Euskal Eskola Nazionala, baita sistema kapitalista patrarkar hau eraldatzeko eta jendarte parekide eta justuago bat eraikitzeko ere.


Eta honengatik guztiagatik, VI. Kongresu prozesuak duen balioa azpimarratu nahi dugu. Urte betez 700 militanteren artean luzatu den eztabaida honek inflexio unea izanen du datorren abenduaren 14 eta 15ean, Atarrabian. Bertan, ikasle antolakundeko militanteok aurrera begirako egitekoak adostu eta Euskal Eskola Nazionalaren aldeko apustua berretsiko dugu.


Garaia delako eta Euskal Herria bidegurutze erabakigarri batetan dagoen honetan ikasleok egoera baliatu eta aurrera egin behar dugulako, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko indarrak biltzen jarraituko dugu. Euskal Herria hezkuntzatik eraikitzen jarraituko dugu.

Bilatu