Koldo Tellitu Mejia
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Legealdi berrian hezkuntzan, zer?

«Sarritan hitz egiten da hezkuntzaren garrantziaz, bere hobekuntzaz. Noizko ekimen ausartagoa atal honetan? Anbizioa eta ausardia, lidergo politiko eta sozialarekin batera, aldaketarako ezinbesteko baldintzak ditugu»

Hezkuntza Sistema propioa eraikitzen urrats esanguratsuak egiteko, arrazoi desberdinak tartean, EAEn hastear dagoen legealdia oso garrantzitsua izan daiteke. Artikulu honetan, datozen lau urteetarako iradokizun orokorrak aurkeztu nahi ditugu.


Proposamen zehatzak aurkeztu baino lehen, bi gaien inguruko iritzia adierazi nahiko genuke:


-Legealdi osoan zehar edozein talde gobernuan dagoela, gure aburuz hezkuntza politikak ardatz egonkor eta argiak behar ditu. Eragingarriak izan daitezen ildo gutxi eta esanguratsuak.


-Bestalde, lan ardatzak emankorrak izan daitezen, legealdiko lehen urtean adierazi beharko lirateke, ahal izanez gero, hezkuntza komunitatearen gehiengoarekin adosturik.


Gure ustez, euskal hezkuntzak, Euskal Herri mailan eredu eta traktore bihurtu nahi baldin badugu, aldaketa sakonak behar ditu. Aldaketa orokortasunez planteatu behar dugu. Kanadako Michael Fullan adituaren arabera, «Gabonetako zuhaitzean» ez dugu bolatxo (apaingarri) gehiagorik eskegi behar, «zuhaitz osoa» landatu behar dugu. Berriz diogu, ildo gutxi, aldaketa orokorra sustatzen dutenak.
Proposamen zehatzetara jota, gure ustez bi ildo edo ardatz lehenetsi beharko genituzke:


1.- Ikasleriaren eskola emaitzen hobekuntza. EAEko ikasleriak Europar Batasunaren batez besteko emaitzak eskuratzen ditu, «Europa 2020» egitasmoaren adierazleak, hain zuzen ere. Hala izanik, zergatik diogu emaitzen hobekuntza lehenetsi behar dugula datorren legealdian? Ahal eta behar dugulako.
Hezkuntza atalean beste maila batzuetan eskuratzen ditugun adierazleak lortu behar ditugu. Beste atal batzuetan Europako batez bestekotik gorako emaitzak eskuratzen baditugu, zergatik ez hezkuntzan?
Hobekuntza ildoa nabarmendu behar dugu, agian bikaintasuna. Izan ere, zeregin edo jarrera hau guztiona da, herri ikastetxe, ikastola edo beste titulartasun mota bateko ikastetxe edo ikastetxe taldeena, gure testuinguru soziala edo soziolinguistikoa edozein delarik.


Denok hobetu behar ditugu gure emaitzak, denok eta arlo guztietan areagotu behar dugu gure ikasleen gaitasuna (konpetentzia). Herri edo nazio desberdinetako esperientzia bat dator proposamen honekin.
McKinsey Agentziaren arabera, mundu osoko hogei hezkuntza sistemen funtzionamendua aztertu ondoren, hobekuntza egonkortasunez kudeatzea posible da, norberaren abiapuntua edozein izanik. Gure ustez, EAE mailan helburuak bikaintasuna izan beharko luke. Aipatu Agentziaren ustez, EAEko ikasleriaren eskola emaitzak Finlandiako ikasleen parekoak izan litezke (hobekuntza gaitasuna, hezkuntza inbertsioa ikasleko, irakasleriaren formazio eta kalitatea edo hezkuntza eragileen inplikazioa kontuan hartuz). Azterketari jarraituz, Nafarroako ikasleen erreferentzia Kanadako hezkuntza sistema litzateke. Helburu horietatik urrun gaudela, zergatiak kolektiboki aztertu beharko genituzke eta epe jakin batean lortzeko bidean jarri.


Herri honetan, beste «lehengairik» ez dugularik, hezkuntza gure erronka kolektibo bihurtu behar dugu, «euskal balio erantsia». Krisialdiak, hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa edo lidergo politikoen aldaketak abagune interesgarriak izaten dira hezkuntza sistemen aldaketa sakonak bultzatzeko. Eta gakoa ez da inbertsio kontua bakarrik.


Helburu kolektibo partekatu bihurtu behar dugu. Horrek aldaketa ikasleriarekin, irakasleriarekin, familiekin batera saiatzea dakar, estamentu eta eragile guztiak deituz helburu honen atzetik, helburua bere egin dezaten. Gure ustez, herri gisa ezinbestekoa da. Ahal dugulakoan gaude.


2.- Hobekuntza eta aldaketarako politikak garatzeak Hezkuntza Sistema Propioa behar du, berariazko lege-markoa, hots, Hezkuntza Lege propioa. Ez da une honetako burutazioa edo gutizia. Ikastolen Elkarteak ahalegin horretan dihardu 2004. urtetik; hasieran bakar bakarrik, eta ondoren, azken bolada honetan, gero eta eragile gehiagok bat egin du proposamen honekin.


Proposamena oinarritzeko ez dut uste arrazoi zerrenda luzeegia egin behar dugunik. Herri gisa, hezkuntza, gizarte, ekonomia edo erakundetze mailan berariazko ezaugarriak ditugu, babestu eta garatu beharreko hizkuntza propioa dugu, batez ere erabilpen mailan, inguruko beste herrietan ez bezala, gure kasuan 2020ko hezkuntzarako europar helburuak eskuratu ditugu, bikaintasunerako urratsa egin behar dugu (gurea ezin da izan kaskarkeriaren ekitatea). Bide honetan, hezkuntza ikuspegia (paisaia) sakontasunez aldatu beharra dugu, herrigintzan jardun, eta horretarako eraldaketa sustatzen duen lege tresneria behar dugu gure eskuetan. Hobeak izateko gugan sinetsi behar dugu, hezkuntza helburuak hobeto betetzeko berariazko lanabesak behar ditugu.


Orain artekoa ez da nahikoa, batez ere, Espainiatik datorkiguna «LOMCE» delakoaren tankerakoa baldin bada. Halako planteamendu atzerakoietatik aldentzea hezkuntzaren autoantolaketa eta hobekuntzarako ezinbesteko baldintza da.


Ondorioz, bi hanketan oinarrituriko Hezkuntza Lege Propioa nahi dugu:


-Sozialki eta organizatiboki hezkuntza zerbitzu publikoaren proposamena.


-Hezkuntza edukiaren ikuspegitik, aspaldi euskal hezkuntza komunitatearen gehiengoak adosturiko konpetentzietan oinarrituriko Euskal Curriculuma.


Sarritan hitz egiten da hezkuntzaren garrantziaz, bere hobekuntzaz. Noizko ekimen ausartagoa atal honetan? Anbizioa eta ausardia, lidergo politiko eta sozialarekin batera, aldaketarako ezinbesteko baldintzak ditugu. Denok behar dugu, baita herri honek ere, hezkuntzarekin engaiaturiko Gobernua, hezkuntza lehenesten duena, eragile politiko eta gizarte eta hezkuntza eragileekin elkarlanean. Prest al dago Gobernu berria bide honi ekiteko? Artikulu honetan adierazitako aukerak jorratze aldera, dagoeneko gure kolaborazio zintzo eta leiala aurreratzen diogu.

Bilatu