Euskal pilota
Juan Luis Mugertza Idazlea
2012/10/16

Umetan enparantzako arkupeetan txandaka aritzen ginen pilotan: «Orain zuek, gero gu». Inork ez zuen inor gutxiesten. Inork ez zuen inor baztertzen. Honelaxe erakutsi ziguten aurrekoek, eta honelaxe egiten genuen besteok. Guk, orduan, ezer gutxi genekien parte hartzeaz, baina guztiok hartzen genuen parte. Guk ezer gutxi genekien politikaz, baina elkar hartzen genuen. Guk ezer gutxi genekien demokraziaz, baina elkar errespetatzen genuen. Hori bai, geuk aukeratzen genuen gustuko pilota. Geuk erabakitzen genuen norekin jolastu. Orduantxe ikasi genuen pilotan txukun egiteko ezkerra ondo erabiltzea ezinbestekoa zela eskumari irabazteko, paretaren kontra jartzeko. Baina hori dena, umeak ginelarik. Gero, koskortzen joan ginen, eta orduko jolasak joko itxura hartu zuen. Egunero inposatutako arauek pilotalekuaren motz eta luzeren arteko lerroetan bizi izatera mugatu gintuzten, eta gustuko pilota aukeratzeko abagunea ere galdu genuen. Harrezkeroztik, eskuma baino erabiltzen ez duten mandatariek aukeratutako erdipurdiko pilota motelak baino ez ditugu aukeran izan. Halarik ere, ezin gara itxurako kaiola batean bizi. Ezin gara pilotaren jabeari begira egon. Ezin gara kanpoan gelditu. Herri honek pilotari oso onak izan ditu beti, arerioaren aurrean duintasuna erakusteko prest egon direnak, tantoa aldez aurretik inoiz galdutzat hartu ez dutenak, galdutako jokoaren bizitasuna bestelako norabidetik ekarriko dutenak. Bai, horrelakoak behar ditugu. Ez dakit ordukook praka motzak jantzita jolasteko moduan egongo garen, baina geure ondorengoei erakutsi behar diegu oraingo joko motelak herri honen geroa galbidera eramango duela. Ea asmatzen dugun ezkertiarrok eta euskaldunok indarra metatzen, eta euskal pilota gogor astintzen. Unea da txandaka aritzeko, ilusioa pizteko, eta saskian urte askotan preso dituzten pilotarik onenetakoak berriro herriko frontoietan ikusteko. Baina horretarako joko ona erakutsi behar dugu: zabalera, txokora, atzera, aurrera, bildu euskal herritarrok.

Artikuluak
Mario Zubiaga
2014/04/16
Ion Andoni del Amo
2014/04/15
Joxe Manuel Pagoaga ‘Peixoto’
2014/04/14
Gutunak
Pedro José Larraia Legarra
2014/04/13
Mikel Luluaga, Naroa Geresta | Bai Euskal Herriari-ko kideak
2014/04/11
Axun Lasa
2014/04/11
Beñat Elosegi Ortiz de Zarate
2014/04/10
Azken post-ak
Joseba Leizeaga
2014/04/15
Joseba Leizeaga
2014/04/15