Marije Zumeta

Herritarrek dute giltza

Azken bi urteetan abiada bizian jazo dira gertakariak, bata bestearen atzetik, batez ere goi politikan, eta hiritarrok sekulako esfortzua egin behar izan dugu gure burua kokatu eta banako gisa zer egitea dagokigun asmatzeko.

2010eko Irailaren 25ean Gernikako akordioa sinatu zuten eragile, sindikatu eta alderdi desberdinek. Gatazka politikoa aterabide demokratikoetara eramatea zuen helburu itun hark, eta indarkeria gabeko egoera eta normalizazio politkorako puntuak zeintzuk izan behar luketen esaten zuen. Dudarik gabe, ondoren eman ziren urrats garrantzitsuetarako lehen mugarri izan zen, eta egun oraindik, fruitu berriak jasotzeko bitarteko aproposa izaten jarraitzen du. Hala ere, oraindik betetzeko hutsuneak badirela onartu behar da, izan ere, haien jarrera ulergaitza izan arren, oraindik akordioa sinatu ez duten eragileak badira, ELA edo PNV kasu.

“Mitchell Printzipioak” bere egin eta nazio artera akordioaren adukia zabaltzeko konpromisoa hartu zuen Gernikako akordioak eta egindako lanak bere fruituak eman zituen. 2011Ko urriaren 17an, gizarte eragile eta alderdien ordezkaritza zabala (baita ordura arte ezer egin ez eta Gernikako akordioa sinatu ez zutenak ere) biltzea lortu zen, nazio arteko ordezkaritza zabalarekin gainera. Aieteko konferentzia izan zen.

Hiru egun beranduago, Euskal Herriko zein nazioarteko eragileen eskakizunei modu baikorrean erantzun asmoz, ETAk bere ekintza armatuen behin betiko amaiera iragarri zuen.

Ordutik eman diren urratsak ezagunak dira, alde bakarrekoak izan baitira. Euskaldunon eskubide zibil eta politikoak urratuak dira egun oraindik, baina baldintza kaskarretan bada ere, euskaldunoi dagokigu etxean ditugun arazoak konpontzea. Nazio artetik esan digutena horixe izan da hain zuzen ere, beharrrezko babesa jasoko dugu, baina gure arteko arazoak, gure artean konpondu behar ditugu. Zentzuzkoa da.
Goi politika eta hiritar arrunton artean tarte handia dago, ordea. Zer egin dezakegu hainbeste urtetako arazoei irtenbidea bilatzeko gure hondar aletxoa jarri nahi dugunok? Gezurra badirudi ere, norbanakoak du giltza prozesu honetan ere. Hiritarrek ematen dituzten pausuen arabera mugitu dira fitxak goi politikan.Hiritarrak gure artean elkartzeko gai garen neurrian batuko dira goi politikan ere. Eta batez ere, hiritarrak elkartu eta mezu zehatzak igortzeko gai bagara, eskakizunen testigua hartu beste erremediorik ez dute izango orain arte jarrera itxia mantendu edo haien interes partikularrak herriaren beharren gainetik jarri dituztenek.

Herritar gisa, norabide horretan eman dezakegun urrats garrantzitsua urtarrilaren 12an, Bilbon, eman dezakegu: «Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira!».

Bilatu