Pozoia, hankak eta beste
Juanma Hernandez Agudo | Ekologistak Martxan
2013/02/05

SEO/BIRDLIFE, WWF eta Ekologistak Martxan elkarteek salatu berri dute Nafarroan izan den pozoitze kasurik larriena. Hiru ehiza barrutitan 120 hegazti harrapari hilda aurkitu dituzte eta delitu honekin zerikusi zuzena duten bost lagun epaituko dituzte. Pozoia da beharbada animaliak hiltzeko tresnarik ankerrena, faunari kalte gehien egiten diona, alegia. Tamalez, iraganeko kontua zirudien arren, pozoiaren erabilerak gora egin du azkenaldi honetan.

Halaber, badira beste «ohitura» batzuk gaur egun segida izaten dutenak, esaterako, baso-igel gorriaren harrapaketa. Igel espezie hau Euskal Herriko haritz eta pagadietan bizi da. Lurtarra da, baina urtarriletik apirilera arte ur-putzuetara jotzen du ugaltzeko asmoz. Debekaturik egon arren, axolagabe batzuek ehunka harrapatzen dituzte gauez eta igel helduekin batera arrautza jarri berriak suntsitzen dituzte. Bi hankako harrapari hauei igela desagertzen joatea bost axola zaie, ustezko gutizia diren igel hankak jatea edo saltzea dute helburu bakarra.

Hemendik aste gutxira, hegazti migratzaile batzuek iparralderako bidea hartuko dute eta bidaia luzean gure hezeguneetan geldituko dira atsedena hartzeko eta indarrak berreskuratzeko asmoz. Igelen kasuan bezala, hegaztiek axolagabe batzuk izango dituzte zain isileko ehiza egin nahian.

Pozoia, igelen harrapaketa edota isileko ehiza egiten dutenak lehengo errudunak dira eta justiziaren presio gogorra jasan behar dute.

Era berean, eraso ekologiko hauen aurrean, EAEko zein Nafarroako Gobernuek oso ardura zuzena daukate ingurumenaren babesean. Izan ere, zaintza zorrozteaz gain, legeak betearazi behar dituzte, naturari kalte egiten diotenek hanka egin ez dezaten.

Artikuluak
Marcos Roitman Rosenmann
2014/04/17
Iñaki Lasagabaster Herrarte
2014/04/16
Eguzki Urteaga
2014/04/16
Gutunak
Ana Colomo
2014/04/16
Pedro José Larraia Legarra
2014/04/13
Mikel Luluaga, Naroa Geresta | Bai Euskal Herriari-ko kideak
2014/04/11
Axun Lasa
2014/04/11
Azken post-ak
Josean Bueno
2014/04/16
Joseba Leizeaga
2014/04/15