NAIZ.INFO
BILBO

Euskal musikagintzako ahots berezienetako sei elkartuko ditu ‘Sortuko dira besteak’ ikuskizunak

Euskal Herriko hainbat eszenatokitan izango da aurki ‘Sortuko dira besteak’ ikuskizuna. Euskal musikagintzako sei ahots ezagun batuko ditu taula gainean, hainbat euskal kantariren obrak zein nazioarteko klasikoak berreskuratzeko.

Euskal Herriko eta euskarazko kantagintzan itzal handia eta ahots bere-berea duten sei kantari bildu dira ikuskizun berria eskaintzeko: ‘Sortuko dira besteak’.

Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Alex Sardui (Gatibu), Mikel Urdangarin, Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaitzen asmoa da, alde batetik, Euskal Herriko kantari klasikoen abestiak berreskuratzea eta, bestetik, nazioarteko zenbait ahots handiren doinuak euskarara moldatzea, besteren artean, Jacques Brel, Leonard Cohen, Pablo Milanes edo Rolling Stones.

Emanaldiek beste hainbat une zirraragarri ere tartekatuko dituzte, esaterako, Amets Arzallus bertsolariak eta Bernardo Atxaga idazleak testu argitaragabeak, propio egokiera honetarako prestatuak, errezitatuko dituzte emanaldian.

A&M promotoraren eskutik, hilaren 25ean Elgetako Espaloia Kafe Antzokian izango da ikuskizuna; abenduaren 1ean, Bilboko Arriaga antzokian; 15ean, Gasteizko Principal antzokian; eta, azkenik, abenduaren 22an, Donostiako Kursaalen.

Bilboko kontzertua gaur aurkeztu dute Arriaga antzokian, eta bertan bildu dira emanaldian esku hartuko duten zenbait abeslari (Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin), Bernardo Atxaga idazlea, Joxan Goikoetxea musika-zuzendaria eta biraren sustatzailea, Joxeanjel Arbelaitz.