NAIZ.INFO
BILBO

Iñaki Lejarreta txirrindularia harrapatu zuen gidariak positibo eman zuen droga kontrolean

Iñaki Lejarreta txirrindularia igande goizean autoz harrapatu zuen gidariak positibo eman zuen egin zioten aurreneko droga kontrolean, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Ertzaintzaren iturriek baieztatu duenez, igande goizean Iñaki Lejarreta autoarekin harrapatu zuen gidariak emaitza positiboa eman zuen istripuaren tokian bertan egin zioten aurreneko droga kontrolean, Efek eta Europa Pressek jaso dutenez.

Polizia autonomikoak ez du xehetasun gehiago eman. Ikerketak zabalik jarraitzen du eta azterketa gehiago egingo dizkiote gidariari. Izan ere, positiboa botika bat hartu izanak eragitea bateragarria dela diote Ertzaintzaren iturriek, agentzia horien arabera.

Ezbeharra igandeko 9.30 aldera gertatu zen Iurretan. Auto batek entrenatzen ari zen Lejarreta harrapatu eta txirrindularia hil egin zen jasotako kolpearen ondorioz.