NAIZ.INFO
DONOSTIA

Fase berri bat irekitzeko Batzar Eratzailea egingo du Udalbiltzak martxoaren 2an Donostian

Prestakuntza zikloarekin amaitu ondoren, fase berri bat irekitzeko Batzar Eratzailea egingo duela iragarri du Udalbiltzak. Ekimena martxoaren 2an izango da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta Euskal Herriko hautetsi guztiak gonbidatu dituzte.

Udalbiltzako talde sustatzaileko kideak, gaurko agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Udalbiltzako talde sustatzaileko kideak, gaurko agerraldian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Udalbiltzaren berrantolaketa prozesuan fase berri bat irekitzeko Batzar Eratzailea deitu dute talde bultzatzaileko kideek Donostian eman duten prentsaurrekoan. «Prestakuntza zikloa amaituta», etorkizuneko Udalbiltzaren «bizkarrezurra» eraikiko dutela aurreratu dute Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotziak eta Ordiziako alkatea den Igor Egurenek.

Prozesua abiatu zutenetik, 1201 udal hautetsi batu zaizkiela azaldu dute eta hauen ekarpena «emankorra» izan dela esan dute. Oraindik egitasmora batu ez diren hautetsiei udalbiltza2012.net webgunera jo dezaketela azaldu diete.

Era berean, Euskal Herriko gizarte eragileen erantzuna ere «ezin positiboagoa» izaten ari dela esan dute eta eurekin kontaktuak jarri nahi duen orok udalbiltza@udalbiltza2012.net helbidera jo behar duela azaldu dute.

Batzar Eratzailea martxoaren 2an izango da, Donostiako Victoria ugenia antzokian. Bertan, Udalbiltzaren etorkizuneko ildoak zehaztuko dituzte, baita erakundea zuzenduko duen talde eragilea izendatu ere.

Batzarrera Euskal Herriko hautetsi guztiak gonbidatu dituzte.