NAIZ.INFO
AZPEITIA

Gallardok enpresa martxan jartzeko asmorik ez duela salatu dute Corrugadoseko langileek

Corrugados Azpeitiako enpresa batzordeak zuzendaritzak negoziaziorako asmorik ez duela salatu eta etorkizunerako mobilizazio gehiago iragarri ditu. «Inposatutako oporraldia» ere salatu du eta erabaki hori auzitara eramango duela iragarri du.

Corrugados Azpeitiako langileek egin duten agerraldiaren irudia. (ARGAZKI PRESS)
Corrugados Azpeitiako langileek egin duten agerraldiaren irudia. (ARGAZKI PRESS)

Corrugados Azpeitiako langileek agerraldia egin dute greba utzi zutenetik gaur arte egin dituzten negoziazio saiakeren berri emateko. Soreasu antzokian egin dute agerraldia, uztarria.com atariak jaso du prentsaurrekoa.

Langileek azaldu dutenez, azken egunotan bi aldiz bildu dira Alfonso Gallardo eta haren aholkulariekin, aurrena Gasteizen eta Burgosen ondoren. Bi bileratan «ezer berririk» ez dutela jaso esan du ELA eta LABek osatzen duen enpresa batzordeak.

«Guk negoziaketen mesederako proposamena egin diegu. Ez dugu onartzen borondatezkoa ez den kaleratzerik, ezta lanaldia luzatzea edora soldatak jaistea ere. Aparteko lan sari bat ez kobratzera konprometitzen gara, etorkizunean bere errekuperazioa adostuta balego», azaldu dute.

«Bidezkoa eta txandakakoa» den Lan Erregulazio Txosten bat lantzeko eskatu diote zuzendaritzari, «langileei zor dizkien soldatak ordaintzera konprometitzen dena, 400.000 tonako industria plana ziurtatzen duena eta akordioak irauten duen bitartean langileen kontraturik murriztuko ez duena».

«Kezkatuta» agertu dira enpresaren jarrera medio, honek negoziatzeko asmorik ez duela eta. Horren aurrean, mobilizazio fase berri bati hasiera emango diotela azaldu dute.

ELA eta LABeko ordezkariek esan dutenez, «inposatutako oporrekin» erantzun dio enpresak «guk negoziaziorako erakutsi dugun jarrerari». Hala, hasiera batean zuzendaritzak hilaren 15 arteko oporrak eman zizkiotela azaldu dute, eta pasa den asteartean, berriz, hilaren 24 artekoak.

Neurri hauek auzitara eramango dituztela aurreratu dute.