NAIZ.INFO
Tolosa

Negu beltzeko izotzak kolorez urtuko dira Tolosako Inauterietan

Gaur zortzi abiatuko dira Tolosako Inauteriak, sei eguneko kolore festari hasiera emanez. Aurretik, larunbat honetan, Hungariako kaldereroak helduko dira Tolosara.

Tolosako Inauterien egitaraua aurkeztu dute. Erdian, Ibai Iriarte alkatea. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Tolosako Inauterien egitaraua aurkeztu dute. Erdian, Ibai Iriarte alkatea. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Tolosa motorrak berotzen ari da. Gaur aurkeztu dituzte hurrengo ostegunean abiatuko diren Inauterien nondik norakoak. Herriko eragile ezberdinen arteko elkarlana nabarmendu dute jaia antolatzerako orduan. Txosna batzordeak prestatutako egitaraua, esaterako, Udaleko egitarauaren barruan sartuko da aurten.

Aurtengo berrikuntzen artean, haurrei eskainitako txoko bat egokituko da Alondegian. Bestetik Inauterietako doinu eta kantuen liburuxka kaleratu du Udalak.

Zezen-plazako ikuskizunei dagokionean ere, zenbait aldaketa egin ditu aurten Udalak. Batetik, herritarrek txarangarekin batera zezen-plazara sartzeko aukera izango dute. Baina segurtasun neurriak bermatzeko, gonbidapenak banatuko dira. Interesa dutenek datorren astelehenetik aurrera (otsailak 4) eskaera egin beharko dute Udaltzaingotzan eta egunean bertan, zezen plazako sarreran erakutsi.

Egun horretatik aurrera, eta toki berean ere, eskatu ahal izango dira zezenen aurrean ibiltzeko paseak. Horretarako egokitu den ordutegia ondokoa da, 09:30etik 20:00etara.

Ikuskizunetarako sarrerak ere datorren astelehenean jarriko dira salgai.

Interneten ere eskuratu ahal izango dira, www.barrabarra.eu webgunean.

Zerbitzu publikoa erabiltzeko gonbita luzatu du bestalde Tolosako Udalak. Ildo horretatik, eta Tolosara gerturatzen den jende andana ikusirik, tren zerbitzua zabaldu egingo dela iragarri du.

Ostegun gizenaren aurretik, ordea, larunbatean Hungariako kaldereroak helduko dira Tolosara, urtero legez.