Gotzon ARANBURU
ATAUN

Altxor arkeologikoa

Aralar mendizerrako leku zehatz bat, Ondarre izeneko eremua, gure historiaurrea ezagutzeko leku aberetsanetako bat dela ikusten ari dira adituak. 50.000 urte tarteko piezak azaldu dira toki horretako aztarnategietan, azkenekoak duela oso gutxi, Jose Antonio Mujika buru duen EHUko arkeologo talde baten eskutik.

Jose Antonio Mujika, azalpenak ematen Ondarren. (Gotzon ARANBURU)
Jose Antonio Mujika, azalpenak ematen Ondarren. (Gotzon ARANBURU)

Ondarre Lizarrustiko aterpetxetik bi ordura dago, oinez igota. EHUko taldeak ekainean egin du lan aztarnategietan, ez oso baldintza onetan, eguraldi eskasak ez baitu batere lagundu indusketan aritzeko. Zer ikusi asko dago Ondarren, baina aditu baten azalpenak ezinbestekoak dira begien aurrean duguna ulertzeko, eta Jose Antonio Mujikak hartu du ardura hori, aterpetxetik abiatu garen hogei bat lagunen irakasle bihurtuta egun batez.

Ondarre inguruko lehenengo aurkikuntzak Adan de Iarzak egin zituen, 1879an. Hain zuzen ere, gerora hain ezaguna egingo zen Jentillarri trikuharria topatu zuen, baina ia berrogei urte geroago egin zuten indusketa, 1917an, Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek eta Enrike Egurenek. Garai bertsuan, 1916an, Argarbiko trikuharria arkitu zuen Barandiaranek berak, eta aipatu lankideekin induskatu zuen.

Euskal arkeologiako aitzindari handi horien bideari jarraiki, Mujikak eta bere taldeak bi harribitxi gehitu dizkiote Aralarko altxor arkeologikoari, zista bat eta harrespila bat konkretuki. Horiexen bila goaz mendian gora, Lareoko urtegia atzean utzita. Martxabaleta mendia ezkerrean dugularik, lautada edo sakonune batera iristean, hantxe azaldu da lehenengo harrespila. Eremua itxita dago, inork bazterrak nahastu ez ditzan. Azken Brontze Arokoa da; beraz, duela 3.000 urte hemen zebiltzan gizakiek jarritako harriak dira begien aurrean ditugunak. Harrespila harriz osatutako zirkulu bat da eta erdian gorpuen errausketaren aztarnak arkitu dituzte. Ondo ondoan, beste baten aztarnak topatu dituzte, baina horren indusketak datorren urtera arte itxoin beharko du.

Berrehun bat metro aurrerago joanda, zista dago. Zistak hilobiak dira, trikuharrien antzekoak, baina neurri txikiagokoak. Kontuan izan behar da hilobiratzeak duela 6.000 urte inguru hasi zirela, eta 3.000 mila urtez segitu dutela gizakiek erritu hori praktikatzen, dela trikuharrietan edo dela ehorzketa haitzuloetan, ondoren errausketarekin hasteko. «Inguru honetako hilobiratze zaharrena Argarbiko trikuharrikoa da, hor goran» diosku Jose Antoniok. 5.000 urte inguru dauzka Barandiaranek argitara ateratako trikuharri horrek, eta zerbait gutxiago, 4.100 edo, Mujikaren taldeak txilarrez estalita aurkitutako Ondarreko zista honek. Barruan hezurrak zeuden, ez asko, esan dugun moduan trikuharriak baino txikiagoak baitira zistak.

Balore handiko ondarea

Alegia, metro gutxiren tartean Brontze Aroan barrena gertatutako aldaketa kultural garrantzitsu baten lekuko izan gara: ehorzketatik errausketara, zistatik harrespilara. Funtzio erritualaz gain beste zeregin bat ere ba omen zuten eraikin hauek, norberaren lur sailak markatzekoa hain zuzen, edo hala uste da behintzat. Balore handiko ondarea direnik ez dago zalantzarik, eta horregatik estali dituzte oihal geotextil berezi batekin bisita bukatzean. Gainera, denboraren poderioz hondatu egin dira harri hauek, eta mantentze lanari ekin diote arkeologoek, laborategi baten laguntzaz.

Zista eta harrespila ez dira izan arkikuntza bakarrak. Erromatarren garaiko txabolak ere atera dituzte argitara, sakonune honetatik dozena batzuk metro gorago. Duela 1.700-1.800 urte urtekoak dira. Baina beharbada arkikuntza deigarrienak, gaur arte Aralarren topatu den giza aztarna zaharrenak direlako, bi harri dira, printza bat eta nukleo bat, bat suharria eta bestea hareharria. Erdi Paleolitokoak dira, alegia, duela 50.000 urte ingurukoak. Ez dira inongo kobazulotan edo ehorzketan azaldu, lur azalean baizik, txiripaz. Ezusteko handia izan da, Aralar toki malkartsua baita, eta ez zuten asko espero arkeologoek horrelako arkikuntzarik egitea. Urbasan, esaterako, ohikoagoak dira pieza horiek, lautada izanik errazago kontserbatu direlako.

Printza harri zati landu bat da, tresna izatera oraindik iritsi ez dena, ehizarako punta, edo larrua lantzeko karraskagailu, edo zulagailu bihurtu daitekeena. Aralarrera ehizara edo fruitu bilketara etorritako gizonek landutakoak dela uste du Jose Antoniok. «Levallois» izeneko teknika erabilita prestatutakoa da, eta teknologia hori nahiko zehatza eta identifikagarria denez ez da zaila izan datazioa egitea.

Esan bezala, aurtengo indusketa kanpaina bukatzear dago Aralarren. Egungo krisi ekonomikoak arkeologian ere eraginik ba al duen galdetu diogu Jose Antoniori, beherako bidea hartu aurretik. «Murrizketak badira, bai, eta ez bakarrik indusketan aritzeko, ondoren materiale horiekin egin behar diren azterketak egiteko ere bai. Lanik ezean, gertatu daiteke hainbat espezialistak alde egitea hemendik…» dio, arduratuta.