oihana.llorente@gaur8.info

Sexualitatea eta kartzela

Presozainen begi zelatarien aurrean jasotako laztan eta igurtziekin eszitatzea ez da samurra izaten. Ezarritako ordu jakinean gorputzak ez du zertan sexu jolaserako grina eduki. Edo bai, eta orduan maitaleek non dauden ere ahaztu egiten dute. Harresiak eta tabuak zeharkatu eta kartzelako sexualitateaz mintzo gara.

‘Sexualitatea eta kartzela’ RAIDH sareko presidenteorde Arnaud Gaillarden liburuko azalean erabilitako irudia da. (Jane Evelyn ATWOOD)
‘Sexualitatea eta kartzela’ RAIDH sareko presidenteorde Arnaud Gaillarden liburuko azalean erabilitako irudia da. (Jane Evelyn ATWOOD)

Bereziak dira murru arteko harremanak. Espetxealdiak dakartzan neurri bereziek erlazio afektibo sexualetan eragina dute eta zaila izaten da baldintza horietan harremanak garatzea. Erotika eta goxotasunari esker, harresiak zeharkatu eta non dauden ere ahaztera iristen dira batzuetan kartzelako maitaleak. Besteetan, ordea, bisitaren hil-kanpaiak entzuterako, giroa epeldu besterik ez dute egin. Tabuak gainditu eta harresien zoko-mokoetako sexu jolas eta bizipenak ekarri ditugu lerrootara.

Estatu frantseseko espetxe sistema duela berrehun urteko irizpide katolikoen gainean eraikita dago. Historikoki puritanoa izan da libertate, legalitate eta senidetasunaren erreinua. Horren lekuko da lege testu eta espetxe araudietan sexu hitza aipatu ordez, pudorea eta lizunkeria erabiltzea. Zehazki, pudorea atxiki beharra sexu harremanak debekatzeko argudiatzen da.

Gabi Mouescak 17 urte eman zituen presondegi frantsesetan gatibu. Haren ustez, debekua presondegiko kulturari lotuta dago. «Kartzelan plazera ukaitea gaizki ikusia dago eta horregatik debekatzen dute», argitu du. Askatasuna berreskuratuta, Gurutze Gorriko presoen ordezkaria eta Presondegietako Nazioarteko Behatokiko zuzendaria izan da Mouesca. Behin baino gehiagotan salatu du zigor luzeak jasandako presoengan nortasun arazo larriak eragiten dituela sexu harreman ezak. «Espetxean dagoen jende gehiena gaztea da, eta urte luzez harreman sexualik gabe egoteak frustrazio asko sortzen ditu. Gabezia honek kalte anitz eragiten ditu, jendea eri ateratzen da espetxetik eta Administrazioa da horren erruduna», dio ozen.

Espetxeen arkitekturak berak debekatzen ditu sexu harremanak. Izan ere, kartzela bakoitza mundu bat den arren, aurrez aurreko figurarik ez da existitzen. Presoak eta hura bisitatzera bertaratzen denak elkarrekin kristalik gabe egoteko aukera duten arren, gelaren bi aldeetan leihotxoak daude eta kartzelariek etengabe zelatatzen dituzte. Ezegokiak iruditzen zaizkien jarrerak sumatzean, sartu eta bisita eteten dute. Presoa edota bikotekidea maiz zigortu dituzte jarrera hauek izateagatik.

Bizitza Familiarrerako Unitateak

Azken urteetan, Bizitza Familiarrerako Unitateak izenez ezagunak diren bungalow modukoak zabaltzen ari dira Estatu frantseseko espetxeetan. Horietan, presoek 6, 12, 48 eta 72 orduko bisitak izan ditzakete lagun, bikotekide eta familiarrekin. 2003. urtean eraiki zuten lehena, baina hamaika urteren buruan, 181 presondegietatik hamazazpik soilik dituzte era honetako moduluak. Mouescarentzat «iraultza kulturala» izan zen sexu harremanak onartu eta era honetako apartamentuak eraikitzea. Haren aburuz, kartzelarien sindikatuak dira oposizio gogorrena egiten dutenak, maiz salatu dute-eta era honetako ekinbideekin presondegiak «putetxe» bihurtuko dituztela.

Sexu harremanak izateko eskubidea, baina, xantaia moduan erabiltzen hasia dela ohartarazi du Mouescak. Izan ere, asko dira Bizitza Familiarrerako Unitatea duten kartzeletara lekualdatzeko eskaria egiten duten presoak. Frantziako Justizia Ministroa den Christiane Taubirak iragarri duenez, 2015. urtea bukatu aurretik, 131 presondegik izango dute Bizitza Familiarrerako Unitatea. Ikusteke dago, orain, epeak betetzen ote diren.

Estatu frantsesean, bisita baimenak erabat arbitrarioak dira. Epaileak erabakitzen du, inongo irizpide objektiborik gabe, nori eta noiz eman presoa bisitatzeko baimen agiria. Badira bisitara sartu ezinik bi urtez zain egon diren presoen bikotekideak. Hilargi Jaunarenak, adibidez, lau hilabete eman zituen bere bikotekide zen Iñaki Iribarren ikusteko esperoan.

Gorabeheratsua izan da bi iruindar hauen arteko harremana, espetxeari eta ihesaldiari aurre egin behar izan diote-eta. Lau urte zeramatzaten elkarrekin, sarekada batetik ihesi, Iribarrenek alde egin behar izan zuenean. «Egun batetik bestera, ia azalpenik gabe, bazihoan. Eta hortxe gelditu nintzen –hasi da kontatzen Jaunarena–. Hasieran, lutoaren antzeko prozesu bat egin nuen eta hura gaindituta, bizitzari berriz heltzea besterik ez nuen».

Lutoa gaindituta, zalantzen tartea hasten da. Jaunarenaren aburuz, gainera, ezjakintasuna da gainditu beharreko langa gogorrena. «Ez nekien deus. Ez zenbat denborarako zen, ez nola aurkituko nuen ere... Hasieratik jakinda, norberak erabakitzen du itxaron edo ez itxaron, baina horrela zaila da... Ezjakintasun horri buelta ematea izugarri kostatu zitzaidan. Agian, bikotekide eta seme-alabekin agertuko da eta ni hemen zain! Nik, orduan, 28 urte nituen eta ez nuen alarguna izan nahi», azaldu digu, konplexurik gabe.

Harremana modu naturalean bukatu ez zen arren, egoera gainditu eta aurrera egitea erabaki zuen Hilargik. Aurrera egite horretan, beste pertsona bat ezagutu eta bikote harremana hasi zuen. Elkarrekin bizitzen jarri eta hiru hilabetera, baina, Polizia frantsesak Iñaki atxilotu eta behar bezala itxi ez zen zauria ireki zen Hilargirengan. «Sekulako dilema sentitu nuen orduan. Zer erabaki ez nekiela, bikotekidearekin harremana moztu eta Iruñera bueltatu nintzen. Une batean, ez nuen ez batarekin ez bestearekin egon nahi», esan du argi.

Ikusteko zain

Lau hilabete pasatu ziren Iñaki atxilotu eta epaileak bisitatzeko baimena eman zion arte. Tarte horretan, elkarrekin komunikatzeko, gutunak bidaltzea besterik ez zuten. Iñaki atxilotu zutela jakin orduko idatzi zizkion lehen lerroak. Hala egin zuen Iñakik ere. Eta gutunak elkartrukatu zituzten. «Desastre bat izan zen, oso komunikazio zaila da gutunen bidezkoa», azaldu du.

Klandestinitateak markatutako ia bi urteren ostean, elkar ikusi eta denbora pasatu ez balitz moduan zeuden. Bikote harremanari berriz heldu eta hala gainditu dute ia lau urtez luzatu den espetxealdia.

Iruñea eta Fleury Merogis espetxearen arteko bidea hamabostero egiten zuen Hilargik. Deiak ere ez zituzten hasierako lehen bi urteetan eta asteartero Txalaparta irratiaren uhinak erabiltzen zituen Hilargik, Iñakik bere ahotsa entzun zezan. Gauzak aldatze bidean dauden arren, epaitu gabeko preso askok ez dute dei telefonikoak egiteko eskubiderik.

Tren bidaia luzearen ostean, ostiraletan ordu erdiko bisita egiten zuen eta ordubetekoa larunbatetan. «Eta ordu eta erdirako, aukeratzea beste erremediorik ez dago», esan du ozen.

Hiru multzotan sailkatu ditu bisitako gorabeherak: «Batetik, egunerokotasuna dugu, bi aste horietan zer moduz joan zaigun... Bigarrenik, harremanean sakondu nahi dugu, teorizatu eta filosofatu, eta, azkenik, afektibitate fisikoa dago, noski, zirriak ere egin nahi ditugu».

Estatu frantsesean, baina, sexu harremanak debekatuta egonda eta elkarrekin egoteko tarteak eskasak izanik, preso eta bikotekidearen arteko afektibitate fisikoa asko murrizten omen da. Hala ondorioztatzen du Hilargik, bederen: «Nahitaez hamaikagarren postuan kokatzen genituen sexu harremanak. Bisitaren uneren batean kartzelarien gustukoa ez zen jarrera bat ikusten bazuten, atea jo, sartu eta eztabaida zetorren. Ordu erdiko bisita bat etetea putakeria da. Eta gainera, zigortuak izaten ahal ginen. Ni sei hilabetez bisitarik gabe eta bera mitardarekin».

Presondegi frantsesetan, beraz, harreman sexualak izatea nekeza da. «Biluztea debekatuta dagoenez, azala erraz ukitzeko moduko arropa janzten saiatzen nintzen: botoiduna, gonak... Baina hala ere, ez da batere naturala, ez da espazio intimoa. Leihotxoei etengabe begira geunden, tentsioan, oso egoera behartua da. Alkandorak ireki eta besarkatuta egotea zen nire gustukoena. Pentsa, azala azalaren kontra egotea bakarrik, izugarria zen! Koitoa kasik ezinezkoa da. Espetxean ezkondu eta bi orduko bisita eman ziguten, bada bi orduak leihoari begira pasatu zituzten!», esan du, oraindik haserre.

Estatu espainolean ere urriak dira presoek euren senide eta lagunekin komunikatzeko dituzten aukerak. Are urriagoak euskal preso politikoei dagokienez, haiei ezartzen zaien erregimen berezia dela-eta, baldintzatuago dituzte komunikazio bide horiek. Zehazki, lau dira presoek eskura dituzten komunikatzeko tresnak: bisitak, aurrez aurrekoak, deiak eta gutunak.

Gutunak, barrua husteko bide

Astero, bisita bakarrean batu ditzaketen 20 minutuko bi bisita izaten dituzte euskal presoek. Senideak edota Espainiako Espetxe Erakundeak aurrez baimendutako hamar lagun sartu daitezke bisita hauetara. Presoa eta senidea banantzeko kristal bat duten lokutorioetan egiten da bisita mota hau. Hilean behin, ordu eta erdi inguruko aurrez aurrekoak izaten dituzte euskal presoek. Familiarrak, intimoak edo elkarbizitzakoak izaten dira aurrez aurreko hauek. Lehenengora lau senide sartu daitezke eta mahaitxo baten bueltan elkartzen dira. Bigarrenak presoak eta haren bikotekideak harreman sexualak izateko gune bezala aurkezten dituzte eta gelaren erdian ohe bat dago. Elkarbizitzako aurrez aurrekoak seme-alaba txikiak dituzten presoek bakarrik eduki ditzakete eta hiru hilabetetik behin izaten dira.

Telefono deiak ere izaten dituzte euskal presoek, zehazki, astero bost minutuko zortzi dei izaten dira. «Enkarguen berri eman eta ezer gutxi gehiagorako denbora da hori –esan du Jaunarenak–. Batzuetan, mobila pikutara bidaltzeko gogoa dut, beti koberturaren mende gaude. Mobilarekin eta argazki kamerarekin etengabe nago, neure bidez ikusten baitu bikotekide ak!».

Azkenik, gutunak daude. Lehen, jaso eta bidaltzeko mugarik ez zuten arren, egun, astean bi eskutiz bidaltzeko aukera dute. Gutunak aurrez programatuta ez duten tresna bakarra dira. Telefono deiak, bisitak eta aurrez aurrekoak aurrez ezarritako ordutegian egin behar dituzte, eta, idazten, aldiz, nahi dutenean eta patxadaz aritu daitezke. Presoek eurek diotenez, maiz, barrua husteko modua izaten dira gutunak.

Hilargik eta Iñakik Estatu espainoleko aurrez aurreko intimoak ezagutzeko beta ere izan zuten, Iribarren bi hilabetez egon baitzen Estatu espainolean estraditatuta. Klandestinitatea zela eta Estatu frantsesean preso zeraman denbora zela, urteak ziren Iñakik eta Hilargik lasai egoteko aukerarik ez zutela. Espektatiba handiekin joan ziren biak lehen aurrez aurrekora, baina ohea nagusitzen den gelatxo horretako oroitzapen onik ez dute. «Larrua jotzeko aginduko baligute moduan da», ondorioztatu du Hilargik, «txortan egiteko kristoren gogoa izan behar dugula suposatzen da, horrenbeste denbora eta gero... Gainera, hurrengo hilabetera arte ez dugu beste aukerarik, ezin dugu beste baterako utzi».

Programatuak. Halakoxeak dira espetxeko sexu harremanak Karmelerentzat. Hori ez da bere benetako izena, baina bere esperientziak gurekin partekatuko dituen arren, bere identitatea beretzat gorde nahi du. Bikotekidea preso du Karmelek. Urteak daramatza preso eta urte askotarako zigorra aurreikusten dute. Zazpi bat urte daramatzate elkarrekin eta egun umetxo baten guraso dira biak. Gutun bidez izan zuen batak bestearen berri. «Hainbat presori idazteko ohitura nuen –hasi zaigu kontatzen–, eta lagun batek jarri gintuen harremanetan. Biok margoa gustuko genuen eta elkarri marrazkiak bidaltzen genizkion, joko baten antzera. Hasieratik, sekulako konexioa izan genuen».

Karmelek ez zuen bere bikotekidea denaren irudia ezagutzen. Ondoren etorri ziren argazkiak, deiak, bisitak, eta azkenik, aurrez aurrekoak. «Poliki-poliki maitemintzen joan ginen eta gaur arte», dio, bere semetxoari begira.

Aurrez aurrekoak baimenduko zizkioten paperak heltzear zeudela, baina, destinoa aldatu eta Puerto de Santa Mariara bidali zuten. Gogoan du, oraindik, berri horrek eragin zion mina: «Sekulakoa izan zen. Aurrez aurrekoak egitera animatzeko zalantza asko izan nituen. Inguruak ere ez ninduen animatzen! Gurasoek, lagunek ez zuten honetan sartzea nahi! Eta gainera, Puertora!». Lehenengo aurrez aurrekoaren ostean, baina, zalantzak uxatu zirela dio Karmelek.

Espero ez ditugun une horiek

Estatu espainoleko espetxe sistema ondo baino hobeto ezagutzen du, beraz, eta sexu harremanak planifikatuak direla adierazi du. «Badakigu gertatuko dela eta gertatzen da», esan du, apur bat penatuta. «Egoerak horretara eramaten gaitu. Agurtu, ohea egin, biluztu... Guk iratzargailua jartzen dugu noiz jantzi behar dugun jakiteko eta agurtzeko denbora izateko, dena ohitzea, baina!», dio.

Sexu harremanak noiz izango ditugun aurreikustea ez da idilikoena. Seguruenik, horregatik iruditzen zaio horren preziatua orain gutxi izandako elkarbizitzako aurrez aurrekoa: «Une batean, umea lokartu eta sexu harremanak eduki genituen. Izugarria izan zen! Ez genuen espero eta horrek magia berezia du. Hori da faltan botatzen dena!».

Sekula ez zuen imajinatuko hala gogoratuko zituenik, baina Puerto de Santa Mariako kartzelan egindako aurrez aurreko haiek bere bihotza hartu dute. «Autobuseko bidaia luzea, lo hartu ahal izateko pastilla, nekea, dutxatzeko aukera gabe kartzelara sartzea, urduritasuna nagusi, kanpoko garitako kontrolak... Baina behin barruan berarekin egonda, dena hastea da, ezta?», esan du barrez.

Karmelek ez du aurrez aurrekoen inguruko oroitzapen txarrik, denek, ordea, ez dituzte bizipen berdinak. Oihana Etxebarrieta hondarribiarrak ‘Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une?’ izenburua daraman tesina egin du orain gutxi, eta, bertan, bikotekidea kartzelan duten hainbat pertsona elkarrizketatu ditu. Aurrez aurreko intimoetan, guztiaren gainetik, harreman sexualak lehenesten direla ondorioztatzen dute bere elkarrizketatuek. Une hauek «bikotekideen arteko momentu intentsu eta hoberenak» direla nabarmendu arren, hainbat egoera deseroso ere jaso ditu ikerketan.

Kartzelak ezarritako egun eta ordu jakin horretan sexu-jolasetan aritzeko gogorik ez da zertan eduki. Alabaina, hilean behineko tartetxo bakarra hori izanik, maiz, presioa eta antsietatea agertzen dira. Badira aurrez aurrekoetan urduritu eta blokeatu egiten diren bikotekideak eta badira negar egiteko gogoa besterik ez dutenak ere. Lehen aurrez aurrekoetan «puta» gisa sentitu izan diren emakumeak ere badira. Hala jasotzen da, bederen, aipatutako tesinan.

Estatu espainolean edo frantsesean preso egonda, gutxi dira behar fisikoak aseak dituzten preso eta bikotekideak. Hala gogoratzen du Hilargik: «Emozionalki oso beteta nengoen, fisikoki, aldiz, beharrak nituen, noski. Beste bikotekide bat izateko beharrik ez dut sekula izan, baina sexu harremanetarako... Pertsonak gara, azken finean».

Beharrak asetzeko premia horrek zalantzak eragiten dituela argi dute Hilargik eta Karmelek. Maiz, euren buruaren edo harreman monogamo horien artean aukeratzeko bidegurutzean egon baitira.

Bikotez kanpoko sexu harremanak

Kalean bezala espetxean ere, ugari dira bikotez kanpoko sexu harremanen alde egiten duten bikoteak. Tamalez, baina, kanpoan dagoen hori emakumea bada egoera desatseginak bizi ditu, euskal presoen inguruan gorpuzten den babes sarea behar lukeena noiz edo noiz kontrol sare bihurtzen dela sentitzen dutelako. Hala nabarmentzen da Etxebarrietaren tesinan eta gure elkarrizketatuek ere sufritu izan dituzte halako pasarteak. Iribarren alde egin eta bere bizitzarekin jarraitzeko apustua egin zuenean, beste harreman batean hasteko goizegi ez ote zen galdetu zion batek baino gehiagok Hilargiri. «Beste batek hartutako erabakiaren ondorioak sufritzen ditut, eta, gainera, aurrez ezarrita dagoen luto denbora bat pasatu behar al dut?», galdetu du, haserrea ezkutatu gabe.

Mingarria egin zitzaion Hilargiri era horretako komentarioak entzutea. Emakume asko, gainera, era honetako erabakiengatik epaituak direla jakin badakite Hilargik eta Karmelek. «Bikotekidea atxilotzen dutenean, inork ez du zalantzan jartzen neska-lagunak berarekin jarraitu behar duenik. Aukeratzeko aukera ere zalantzan dago. Bikotekidea utziz gero, gainera, askotan sekulakoak entzuten dituzte», diote.

Desberdina da oso barruan dagoena emakumea bada. Gutxi dira, oso gutxi, kalean bikote heterosexualari eusten dioten emakume presoak. Honen gaineko ikerketarik egin ez bada ere, pertzepzio hori dute Hilargik eta Karmelek. «Oso gutxi dira kanpoan zain dauden gizonak. Eta ohartu gabe ere, emakumeon aldetik, sekulako esfortzua egingo balute moduan tratatzen ditugu, –hasi dira hausnartzen–. Mutilak neska uztea oso onartuta dago, eta hor ez dago presiorik. Kulturala dela uste dut, emakumeok, oro har, sufritzeko gaitasun handiagoa dugu, zaintzarako kultura handiagoa...».

Euskal Presoen Kolektiboaren baitan gorpuzten den babes sareak alde positiboak dituela ez du inork zalantzan jartzen. Presoak neurri zorrotzagoak sufritu behar dituen arren, kolektibo baten parte sentitu eta maila batean ziurtatua du babes juridiko, ekonomiko eta emozionala. Senideek ere eskertzen dute Etxerat moduko antolakundeen egitekoa eta babestuta sentitzen dira haren gerizpean. Senideak, eta bikotekideak bereziki, baina, maiz, presoaren luzapen gisa sentitzen dira. Nahi gabe bada ere, lehenik beti preso dagoen horretaz kezkatzen dira eta senidea zokoratu egiten dute. «Bat-batean, jada ez naiz Hilargi, ez dakit noren neska-laguna naiz. Inor ez da gogoratzen gurekin eta guk pasatzen dugunarekin», dio kezkatuta.

Presoa aske gelditzean, gainera, bai presoa bai senidea inguratzen duen babes sarea lausotu egiten da. Kartzelatik ateratakoan arazo guztiak bukatzen direla dirudi, eta, maizegi, arazoak hasi besterik ez dira egiten.

Senidearen irudi oso estereotipatua ematen da. Hala uste du Etxebarrietak: «Marinelaren zain dagoen emakumea irudikatzen dugu maiz. Kasik lutoz jantzita, triste... Errealitatea ez da horrelakoa, baina bestelako emakumeek ez dute ia lekurik eraiki dugun imajinario kolektiboan».

Espetxealdiak ere rol konkretu batzuei eustea dakarrela nabarmentzen Etxebarrietak. Bertan kokatzen ditu zaintza lanak. Paketea egitea, bisiten zerrenda kudeatzea, bisitak hartzea, ikasketak, arropa erosi, enkarguak bete... Asko dira presoak eragiten dituen lanak eta horiek, oro har, bere bikotekideak edo bere amak betetzen ditu; emakumeek, azken finean.

Espetxealdiaren hasieran gustura egiten diren lanak omen dira horiek, bikotekidearengandik gertuago sentiarazten duten egitekoak. Denbora pasatu ahala, baina, zama bihurtzen diren beharrak dira.

Presoaren senideen arteko harremanak ere beti ez dira samurrak izaten. Kartzelak aurrez ezezagunak ziren pertsonak ezagutarazten ditu eta bikotekide eta gurasoek ez dute zertan ondo moldatu. Presoak senide eta lagunekin komunikatzeko dituen aukera urriak banatu egin behar dira, gainera, eta huskeria banatzea ez da aise egiten den lana. «Behiak ez du denen gusturako esnea ematen –dio Hilargik, grafikoki–. Ni hamabostero baldin banoa, bi bisita daude libre eta bat 30 minutukoa da».

Grisik gabeko mundua

Bikotekidearekin espetxealdi erdian hasten diren presoen egoera korapilatsuagoa izan ohi da. Hori izan zen Karmeleren egoera eta bere bikotekidearen lagun eta senideekin tirabira ugari izan ditu, dei edo bisita kopurua dela-eta. «Neska-lagunek, oro har, nahiko gaizki daramagun gaia da hau. Bisitak geureganatzeak modu batean erruduntasuna eragiten digu», aitortu du Karmelek.

Dena, baina, ez da beltza harresien artean eta harremana beste bide batzuetatik orekatzen dela argi dute Hilargik eta Karmelek. Argi dute biek, hala ere, ezin dela kaleko harreman batekin parekatu. Are gehiago, halako harremana izatea espero dutenek porrot egingo duten uste sendoa dute biek. «Ezin gara lagunekin afaltzera joan eta haiek bikotekidearekin doazelako gaizki sentitu. Ezin diogu hori eskatu harremanari. Gureak ez du egunerokotasunik», esan du Hilargik.

Une gogorrak daudela ez dute ukatzen. Bikotekidearekin gelditzea plan nagusia den igandeetan edo Gabonak moduko data seinalatuetan, hutsuneak hutsuneago direla dirudi. Mugak onartu eta dauden aukerei zukua ateratzea omen da gakoa. Eta bizitzan jarrera horrekin egin dute aurrera Hilargik eta Karmelek.

Iñaki Iribarrenek joan den azaroan berreskuratu zuen askatasuna. Sinestezina dirudien arren, Hilargik ez ditu kartzelan emandako urteak aldatzen. «Ez dizkiot inori opa, noski! Baina ni, pertsonalki, izugarri bete naute», nabarmendu du. «Bisita bakoitza energia txute bat zen, gogortasunari goxotasuna ateratzen nion», dio.

Karmelek baietz dio buruarekin: «Zintzotasuna da harremanaren oinarria. Zintzotasuna eta sakontasuna. Kanpoan ezin da horrelako harremanik garatu». Espetxeko harremanak bereziki emozioetan oinarritzen direla ondorioztatu dute Karmelek eta Hilargik.

Bikote hauek elkarrekin ematen duten denbora hain da urria, ezen intentsitatez bizitzera behartuta baitaude. Dena zuria edo beltza da. Ez dago grisik. «Denak emozio sakonak eragiten dizkigu. Onerako edo txarrerako. Telefonoz ari garela eztabaidan sartzea oso gogorra da. Deia bukatu egiten da eta akabo», ekarri dute gogora.

Irudimena izan ohi da harresiak gainditzeko modu zuzenena. Hala uste zuten Hilargik eta Iñakik eta haien harremana ondo irudikatzen duten hainbat pasarte partekatu dituzte gurekin: «Nik gertu sentitzeko eta harremanari berari bizitasuna emateko ahalegin handiak egin zituen –kontatu digu Hilargik–. Nire udako oporrak Paris inguruan pasatu behar nituenean, paperez egindako lepokoekin eta aloha esanez egiten zidan ongietorria. Gure hizkuntza propioa genuen, gure eraztunak, gure lemak... bere esku zegoena erabiltzen zuen errutinan ez erortzeko».

Espetxealdia bukatutakoan ere ez dira samurrak izaten harreman hauek. Kartzelan emandako urteek pertsonak aldatu egiten ditu. Barrukoak eta kanpokoak, hortaz, askotan ez dira elkar maite zuten horiek.

‘Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g) une?’ tesinan, kartzelako harremanak bizitzeko modu desberdinak daudela ondorioztatzen da. Aurrez bikote zirenen arteko harremanak aztertu ditu Etxebarrietak, eta, espetxe sasoian, kanpoko bikotekideak harremana lehenaldian eta barruan dagoenak geroan bizi duela uste du: «Kanpokoak, iraganean proiektatzen du harremana. Oroitzapenak idealizatuz eta momentu goxoak gogoratuz ateratzen du indarra. Kartzelan daudenak, aldiz, geroan proiektatzen dituzte harremanak, aske izatean zer egingo duten amestuz egiten dute aurrera». Behin kalean daudela, baina, iragana eta geroa orainaldian elkartzea egiteko nekeza izan ohi dela dio Etxebarrietak.

Batetik, zaintza lanak dakarren zamaren, eta bestetik, dispertsioak eragiten duenaren, edo besterik gabe, askatasunaren zain egote hutsak eragiten duenaren ondorioz, kanpokoak harremanean gehiago inbertitzen duela pentsatzen du askotan. «Kanpoan dagoenak, nahi gabe, kartzela bukatzean bere momentua iritsi eta jaso eta jaso arituko dela pentsatzen du. Kartzelaldian desoreka handia dago, baina kanpoan ere ez da imajinatzen den bezalakoa, agian presoa oso gaizki dagoelako edo irudikapena erabat okerra delako», ohartarazi du.

Kartzelatik atera ahala, gainera, bikoteak elkarrekin bizitzera joaten dira sarri. Etxebarrietak bildutako testigantzen arabera, baina, agian hori ez da aukera egokiena. «Elkarbizitza, oro har, gogorra bada, pentsa ia elkarrekin egon gabe denbora luzea eman dutenen artean... Kartzelan, ordu luzez bakarrik egotera behartuta daude eta bat-batean 24 ordu elkarrekin igarotzea gogorra izaten da. Adaptazio fasea behar izaten da, biek behar dute, kanpokoak eta barrukoak», ondorioztatu du.