Gotzon ARANBURU
ESKORIATZA

Tokiko moneta

Itxura batera, mundu guztia ados dago dendek eta tabernek herriei bizitza ematen dietela esaterako orduan. Kale batetik desagertzen direnean, hutsune handia nabaritzen da, hori ez du inork zalantzan jartzen. Baina merkataritza txikia defendatzeko hitzak ez dira nahikoa, eta Euskal Herriko zenbait herritan tokiko moneta jarri dute martxan helburu horrekin. Horietako batean izan da NAIZ, Eskoriatzan, ‘axtroki’ diruak nola funtzionatzen duen ikusteko.

Eskoriatzan Gabonetan hasi ziren axtrokia erabiltzen. (Gotzon ARANBURU)
Eskoriatzan Gabonetan hasi ziren axtrokia erabiltzen. (Gotzon ARANBURU)

Udaletxe plazako kafetegian ikusi dugu aurreneko aldiz ‘axtroki’ monetarekin ordaintzen. Eneritz Zubia udal teknikariak gonbidatu gaitu eta berak atera du poltsatik 5 axtrokiko billete gorria. 1ekoa urdina da, eta 10ekoa berdea. Azken honetan azaltzen dira axtrokiak, duela urte batzuk Eskoriatzan aurkitutako urrezko ontzi eder batzuk, VII. mendekoak. Irudi hori aukeratu dute merkatariek eta Udalak bilete berriak ilustratzeko.

«Bi axtroki jaulkipen izan dira. Bata merkatari elkarteak egina, joan den abenduan, eta bestea Udalarena, urtarrilean. Berdin berdin balio dute biek emititutako axtrokiek: euro bat, axtroki bat» diosku Zubiak. Merkatari elkarteak kanpaina bat jarri du martxan egunotan, 50 euroren truke 55 axtroki emateko, eta dagoeneko ari dira eskoriatzarrak aukera honetaz baliatzen.

Beñat Herce da Eskoriatzako alkatea eta berak azaldu digu moneta berriaren atzean dagoen filosofia. Hitz gutxitan esanda, axtrokiarekin herriko merkataritza bultzatu nahi dute. Lau mila biztanle inguru dauzka Eskoriatzak eta azken urteotan denda berri gutxi ireki dira hemen; itxi, berriz, dezente. Gainera, neurri honetako herrietan gertatu ohi den moduan, jendeak inguruko herri handiagoetara joateko ohitura du erosketak egitera, kasu honetan Arrasatera edo Gasteiza.

Merkataritza txikia sustatu

Beraz, arazoaren jakitun, merkataritza txikia nola sustatu pentsatzen hasi zen Udala. Publizitate kanpaina? Trukerako bonuak? Zerbait eraginkorragoa eta iraunkorragoa izan behar zen. Hango eta hemengo esperientziak aztertu eta moneta berriaren aldeko apustua egin dute azkenean. Diru hori zirkulazioan jartzeko orduan, Udalak daukan tresna bat erabili dute, «politika fiskala» deitu dezakeguna. Hainbat herritarrek –familia ugariek, ezgaitasunen bat daukatenek, ikasleek, erretiratuek, ingurumenerako iraunkorrak diren etxeak edo instalazioak dauzkatenek…– hobariak dituzte zergak ordaintzerakoan, hau da, ordaindu beharreko kopuruari beherapen bat aplikatu izan ohi zaie, baina hemendik aurrera kuota osoa kobratuko zaie eta hobariengatik dagokiena axtrokitan itzuliko zaie. Hala, Udalak emandako laguntza hori Eskoriatzan berrinbertituko dela ziurtatzen da.

Eider Kortazar ileapaintzailea da eta merkatari elkarteko kidea. Dendari eta tabernari hauek ere badituzte hainbat tresna eskura, eta joandako Gabonetako kanpainan hasi ziren erabiltzen. Mila axtroki zozketatu zituzten bezeroen artean elkarteko dendetan gastatzeko. Udalak ere axtrokitan banatu ditu inauterietako sariak eta, jakina, diru hori nahitaez Eskoriatzako denda eta tabernetara iritsiko da. Orain diru trukaketa kanpaina bati ekin diote merkatariek, 50 eurogatik 55 axtroki emanez. Abantailen adibide praktiko bat geure begiekin ikusi dugu. Zerbitzua jaso duen emakume batek 54 euro ordaindu behar ditu, eta diru aldaketa eginda daukanez, benetan 49 euro bakarrik ordaindu ditu, kontuan edukita axtroki bat itzuli diola Eiderrek.

Beharbada, adineko jendea da moneta berriari mesfidantza pixka batekin begiratzen diona, baina paradoxikoki herritarren sektore hauxe da gertuko dendak galtzeak gehien kaltetuko lukeena. Axtrokia zenbat eta ezagunago eta erabiliagoa izan, orduan eta aldeko jarrera handiagoa izango duela uste dute bultzatzaileek.

Beste herri eta eskualde batzuetan ere antzeko ekimenak martxan jarri daitezkeela sinestuta dago Eskoriatzako alkatea. Erabakia hartzeko ausardia da behar dena. Udalaren parte hartzeari dagokionean, ezinbestekoa da prozesu osoa ondo lotzea lege aldetik. «Gakoa fidagarritasuna izatea da, txanponen arteko ekibalentziak ondo azaltzea, eta herritarrak inplikatzea» dio Beñat Hercek.

Ipar Euskal Herrian, Tolosan, Bristolen...

Dagoeneko hainbat tokitan ari dira erabiltzen tokiko monetak. Ipar Euskal Herrian euskoa daukate, 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoko billeteetan. Guztira, 2013 urtean 343.538 eusko jarri ziren zirkulazioan, horietako herena enpresen eskutik. Bitxikeria moduan, Baionako jaietan garrantzizko erabilera izan zuen euskoak, Patxokin ia 4.000 euro trukatu baitziren euskoengatik. Euskoaren kasuan ere, euroaren baliokidea da, baina moneta berriaren egindako ordainketa bakoitzaren %3 kultura, ekologia edo hizkuntza arloan ari diren erakundeei bideratzen zaie. Beste %2 sistema bera sostengatzeko erabiltzen da. Iaz 10.322 eusko banatu zitzaizkien txanponaren erabiltzaileek izendatutako elkarteei: Txirrind’ola tailerrak 307 eusko eskuratu zituen, Hegalaldiak 471, Integrazio Batzordeak 767, Senpereko Ikastolak 322 eusko, Bizi! kolektiboak 1261 eusko…

Europan, Okzitaniako Tolosako ‘Sol-Violette’ edo Ingalaterrako Bristoleko ‘Bristol pound’ dira ekimen indartsuenak txanpon sozialen eremuan. Sol-Violetteren kasuan, ehun bat elkarte eta enpresak osatzen dute erabiltzaileen sarea. «Tokiko moneta da, gizarte kohesioa indartzeko tresna, aberastasuna eta enplegua sortzeko ere bai» diote sustatzaileek. Azken batean, antzeko filosofia topatzen da moneta alternatibo guztien atzean, tokian tokiko ezaugarriekin.