AMAGOIA MUJIKA - GAUR8
DONOSTIA

Prostituzioa gurean

Prostituzioa betidanik existitu izan da Euskal Herrian, nahiz eta gizartearen une bakoitzeko tasunak tarteko, forma eta modu desberdinetan eman den aldiro. Itzaleko ofizioa da, existitzen den baino existituko ez balitz bezala hartzen den munduaren ertz ilun bateko lanbidea. Charo Roquerok argitara ekarri du liburu batean.

‘Historia de la prostitución en Euskal Herria’ liburuan garai bakoitzean prostituzioak gure artean izandako formak jaso ditu Charo Roquerok. (NAIZ.INFO)
‘Historia de la prostitución en Euskal Herria’ liburuan garai bakoitzean prostituzioak gure artean izandako formak jaso ditu Charo Roquerok. (NAIZ.INFO)

Soziologia eta Historia ikasi zuen Charo Roquerok, baina ez da historia handiaren eta soziologia handiaren zale. «Gai bat hartu eta ikuskera soziologiko eta historiko batetik aztertzea gustatzen zait», agertu du. Gai handien itzaletan dauden gaien zalea da beraz. Eta, bereziki, emakumearekin lotura duen guztiak ematen dio arreta. «Izugarri interesatzen zaizkit emakumearekin lotutako gaiak; emakume baten jokaera baldintzatzen eta mugatzen duten egoera historikoak ikertzea gustatzen zait. Zerk bultzatzen du emakume bat bizitzan jokaera bat edo bestea izatera?». Eta bere jakinmin eta interes horiei segituz iritsi da Charo Roquero Euskal Herrian prostituzioaren historia ikertzera, itzaleko ofizio bat argitara atera asmoz. Duela aste batzuk aurkeztu zuen Txalaparta etxearekin argitaratuko lana: ‘Historia de la prostitución en Euskal Herria’.

Prostituzioaren aurrean jarrera oso bitxia dauka oro har jendarteak. Gauza jakina da existitzen dela, baina existituko ez balitz bezala jokatzen da, bazterreko ertz horretan gertatzen dena inoren mesedetan edo kaltetan ez balitz moduan. Hartara, ez da erraza prostituzioari buruzko informazio historikoa biltzea, batez ere XIX. mendearen aurrekoa. «Izugarri zaila da dokumentazioa lortzea. Ez dago agiririk edo paperik, ez baita izan publikoki hitz egiteko gai bat. Ez da gai erakargarri bat eta inori ez zaio komeni izan prostituzioari buruz hitz egitea, ez bezeroei ezta prostitutei ere. Erabat klandestinoa izan da hala komeni izan zaielako denei», kontatu du Roquerok.

Horregatik, XVII. eta XVIII. mendeetan prostituzioak egin zuen bidea aztertzea ez da lan samurra izan. «Datu bilketa nekeza izan da. Auzietako dokumentazioa ikertuz topatu dut informazio asko, auzi desberdinei buruzko agiri dezente dagoelako. Ez dira zuzenean prostituzioaz ari, baina tartean agertzen dira gai horri buruzko xehetasunak». Prostituzioaren kontaketa historikoa, beraz, lerro artean jasotakoarekin osatu behar izan du, ofizioa bera halakoxea delako, lerro artekoa, izenburu handirik gabea.

XIX. mendearen aurretiko dokumentazioa topatzea zaila da, baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrian garai horietan prostituzioa existitzen ez zenik. «Bada sinesmen oso orokortua pentsatzen duena Euskal Herrian prostituzioa ez dela existitu edo, izatekotan, oso gauza isila eta gutxi batzuena baino ez dela izan. Zer pentsa ematen du, esaterako, euskaraz ‘puta’ hitza ez existitzeak. ‘Emagaldu’ esaten da, baina asko samurtutakoa iruditzen zait, behartu samarra.

Literatura erromantikoak Euskal Herriaren irudi oso idilikoa marraztu du. XIX. mendeko literaturak deskribatzen zuen Euskal Herrian prostituzioa ez zen kabitzen. Elizak sekulako eragina zuen eguneroko bizitzan, bai kalekoan eta baita etxe barrukoan ere. Herriko apaiza izan ohi zen herriko pertsonarik boteretsuena eta berak erabakitzen zuen zein zen emakume ona eta zein ez. Apaizaren botere bortitz horrek asko baldintzatzen zuen emakumeen bizitza. Gainera, herri txikiak nahiko aparte zeuden, baserrien artean endogamia handia ematen zen eta odolaren garbitasunari garrantzia handia ematen zitzaion», kontatu du Charo Roquerok.

Hartara, baldintza horiek guztiak tarteko, XIX. mendea baino lehen Euskal Herrian ematen zen prostituzioa nahiko diskretua izango zen akaso, ez zen sareetan antolatutakoa, baina egon bazegoen.

Prostituzioaren arrastoak

Garai bateko erromerien kontakizunetan arakatuz, esaterako, jakin izan du egun bat baino gehiagoko erromeriak debekatu egin zirela Euskal Herriko zenbait bazterretan, «gauak ez zitzan bidean harrapatu, ba omen zirelako erromeriatik bueltan bide izkinetan gizonezkoak ‘galbidera’ eramaten zituzten emakumeak».

Topatu ditu, era berean, prostitutak herrietatik kanporatzeko erabiltzen zituzten errituak ere. «Herriko apaizak behin eta berriro abisua eman arren ‘kaskarina eta urdanga’ izaten segitzen zuen emakumea ilea eta bekainak moztu eta herritik bota egiten zuten txistuaren eta danbolinaren laguntzarekin», jaso du Roquerok bere liburuan.

Ogi puska bat eta errefau pare bat ematen omen zizkioten bidean jateko. Emakume hori herritik botatzea ospakizun bihurtzen zen, dantza eta guzti, eta herriko jende asko bertaratzen zen ikustera. «Herria ohitura eta bizimodu onak irensten zituen piztiaz libratu izana» ospatzen omen zuten. Herriaren mugara bertara eramaten zuten emakume hori, eta handik bota. Eta errituak kanta propioa zuen gainera. Iztuetak euskal dantzen inguruan idatzitako liburuan jasotzen duen ‘Neskagizonkiak erritik botzeko soñua’ deiturikoa zen erritu horren sintonia.

Beraz, akaso ez zegoen prostituzio nabarmena euskal gizartearen moral kristau estuak zeukan pisuagatik, baina baziren ostatuak, kaleetan eskale modura ibiltzen ziren emakumeak eta baita gune estrategikoetan egon ohi zirenak ere; pasabideetan, mandazainak pasa ohi ziren bideetan eta militarren egonlekuen inguruetan kasu.

«Jende askorekin hitz egin dut eta kontatu didate Donostian, adibidez, bazirela ‘moral arineko’ emakumeak tabernaz taberna ibiltzen zirenak konpainia bila eta gizonezkoak euren etxeetara eramaten zituztenak. Hirian denek ezagutzen zituzten eta denek zekiten non topatu emakume horiek», kontatu du Charo Roquerok.

‘Moral arinekoa’, ‘bizimodu alaikoa’, ‘emakume mundutarra’... izendatzeko moduan bertan suma daiteke emakumearen portaera epaitzeko beharra. «Harreman sexualak normaltasun handiagoz hartzen ez diren bitartean, emakumea epaitzen segituko da, bai lehen eta bai orain. Markatutako bidetik ateratzen den emakumearen jokabidea beti da susmagarria», iritzi dio Roquerok.

XIX. mendera arte prostituzioa apartatutako parajeetan, denek ezagutzen zituzten baina inoren begien aurrean ez zeuden etxeetan, kaietako bazterretan eta era guztietako itzaletan eman zen beraz. «Salbuespena izan zitekeen Iruñea. Gauza jakina da bertan bazirela putetxeak, nahiko bistara, eta, gainera, Udalak berak finantzatutakoak. Topatu dut dokumentu bat, 1557. urtekoa, esaten duena ‘dagoen eskaera nabarmenaren aurrean’ egoki ikusten dela ‘emakume mundutarrak’ bilduko dituen etxe bat antolatzea». Baina Iruñeko Udalaren erabakia ez zen inondik inora jarrera ireki baten ondorio, bestelako arrazoiak bultzatutakoa zen. «Horren atzean ‘gaitz erdi’ zioen ideia zegoen. Alegia, pentsatzen zen prostituzioak bazituela bere onurak, freno lana egiten zuela eta neskato eta emakume ondraduen kontrako bortizkeria saihesten zuela».

Gizonaren behar sexualak nabarmenak eta kontrolaezinak zirela ulertzen zen, eta prostituzioak behar bortitz horiek askatzeko bidea ematen zuela. Hartara, ezkontzaren barruan behar sexualak ase gabe zituenak edo derrigorrezko zelibatuan bizi zenak –apartatutako baserri batean bizi zelako edo bere bizitza erlijioso edo militarra tarteko, adibidez– prostituzioan topa zezakeen ihesbidea. Eta, arrazoi hori tarteko, onartu egiten zen.

«1479. urteko Bizkaiko zenbait dokumentutan jasoa geratu denez, ulertzen zen ‘prostituzioak ekidin dezakeela emakume ondradu baten bortxaketa’. Hartara, prostituta edo ‘emakume publiko’ bat bortxatzea ez zen delitu jotzen», kontatu du Roquerok.

«Pentsatzen zen prostitutek beharbeharrezkoa zen funtzio soziala betetzen zutela. Ulertzen zen gizonak kontrolatu ezin zituen behar sexualak zituela eta, gainera, inori ez zitzaion burutik pasatzen kontrolatu beharra zuenik ere. Erabateko patriarkatu molde bat da, baita emakumea gauza bihurtzeko saio krudela ere. Emakumea, finean, gizona deskargatzeko bidea da. Eta erabat hipokrita iruditzen zait, ‘emakume ondraduak’ bortxa ez ditzaten prostitutak bortxatzea onartzea. Prostituten aurkako indarkeria izugarria izan da, beldurgarria eta, gainera, jendarteak onartutakoa», iritzi dio Roquerok.

Prostituzioa beti izan da oso gaizki ikusitako ofizioa, eta hala izaten segitzen du. Baina fase desberdinak ezagutu izan ditu. Debekuarena bata, lanbide horretan jarduten zutenak gogor zigortzen zituena. Zer pentsa ematen du, hain juxtu, zigorra beti prostitutarentzat izaten zela, ez bere zerbitzuak eskatzen zituen gizonarentzat. Bazen XVII. mendean moja bat, Juana Ines de La Cruz izenekoa, bere garairako ideia oso berriak zekarkiena. Berak idatzita utzitako hausnarketa bat da honakoa: «Y ¿cúal es más de culpar, aunque cualquiera mal haga, la que pecaporlapagaoelquepagapor pecar?».

Baina mojaren ikuskera berezia zen garairako, historian zehar ‘emakume onaren’ eredu ofiziala oso bestelakoa izan delako. Emakumearen feminitate ideala oso lotuta egon da bere portaera sexualarekin eta, ondorioz, izan zezakeen bertuterik handiena eta baliotsuena birjintasuna zen.

Birjintasunak prezioa zuen

«Birjina izatea oso garrantzitsua zen. Emakume bati ematen zitzaion balio handiena hori zen eta horrek prezio bat zuen merkatuan. Ezkontzerako orduan, emakumearen balioa desberdina zen birjintasunaren arabera. Eta birjina ez zena zigortu egiten zen, jada ez zuen hainbeste balio ezkontza merkatuan eta ez zeukan gizonezko klase gorenarekin lotzeko aukerarik, mailaz jaisten zen alegia», agertu du Roquerok.

Hartara, baziren ezkontza promesa baten truke jarduten zuten emakumeak eta, Roqueroren ustez, hori prostituitzeko beste modu bat zen. «Emakume batek, zeukan baliorik handiena birjintasuna zela jakinda, onartzen zuen gizonezko batekin harreman sexualak izatea baldin eta berekin ezkonduko zela hitza ematen bazion. Emakume horiek kortse azpian eraman ohi zuten papertxo txiki bat promesa hori jasotzen zuena gizonaren sinadurarekin. Horrelako papertxo mordoa topatu dut hango eta hemengo artxiboetan, asko oso letra txarrarekin idatziak. Promesa horri esker lortzen zuten gizonezkoek harreman sexuala izatea eta, gero, gehienetan, ez zuten hitza betetzen. Eta kasu horiek epaiketara eramaten zituzten. XVIII. mendean horrelako kasu asko epaitu zituzten», kontatu du.

Berez Elizak gizonok ezkontzera derrigortzen zituen eta, bestela, emakumeoi kalteordainak ordaintzera emandako hitza ez betetzeagatik. «Baina askotan eta askotan ez zituzten kalteordain horiek ordaintzen eta ez zen ezer pasatzen». Charo Roquerok garbi dauka, «ezkontzeko promesa horiek prostituzio mota bat dira. Emakumea gauza bihurtzen zuten eta ulertzen zen emakume batek ez zuela ezer egiterik ez bazuen gizon bat ondoan. Berak bakarrik ez zuela ezertarako balio, ez zuela ez eskubiderik, ez baliabiderik, ez aurrera egiteko inongo modurik».

Liburua osatzerakoan amorratu eta haserrarazi duten gauza asko topatu ditu Roquerok. Bere hitzetan, bereziki mintzen dute emakumearen erabateko mendekotasuna eta babesgabetasun beldurgarria bistaratzen duten kasuak. «Etxeko lanetan aritzen ziren neskatoen kasuak oso mingarriak ziren. Asko baserritik hirira etortzen ziren etxe batean zerbitzatzera. Askotan adin txikikoak ziren eta gurasoek etxe horretako jabeen esku utzi zituzten konfiantzan. Beren kargu uzten zuten alaba eta maiz etxeko jauntxoak, bere botere egoera baliatuta, bortxatu egiten zuen neskatoa. Askotan birjinak ziren eta horrek gehiago tentatzen zituen jauntxoak. Asko haurdun geratzen ziren, ez zeukaten abortatzeko inolako aukerarik... Erabat babesik gabe geratzen ziren», esan du Roquerok. Egoera latz horretan, emakume askok jotzen zuten ondoren prostituziora, bizitzan aurrera egiteko aukera bakarra bide horretan ikusten baitzuten.

Neskame etorritako emakume horien kasuak dezente ziren kopuruan. Horren adibide da Donostian 1900. urtean egindako azterketa bat. Horren arabera, hirira neskame etorritako emakumeen %60k harremanak izaten zituzten etxeko nagusiarekin eta prostituzioan zebiltzan emakumeen %27 aurretik neskame lanetan aritutakoa zen.

Bitartekaritzan aritzen zirenak

Bistan denez kasu gehiegitan ez zuen emakumeak erabakitzen noiz eta nola utzi birjintasuna. Horretan min handia egindakoak dira bitartekari lanetan aritzen ziren adineko emakumeak. «Normalean modu jakinean aritzen ziren. Tratua egiten zuten gizonezkoarekin, eta hark emakume birjina jakin bat eskatzen zien. Bitartekari lana egiten zuen emakumeak engainatuta eramaten zuen neskatoa, gizonezko hura maiteminduta zegoela edo ezkontzeko asmoa zuela esanez. Eta behin toki bakarti eta aparteko batera iritsitakoan, bakarrik uzten zuen gizonezkoarekin, babesik gabe eta galduta. Bortxaz harreman sexualak izatera behartzen zituen horretarako espresuki diru bat ordaindu zuen gizonezkoak. Dirua, noski, bitartekariarentzat izaten zen. Eta egoera hartan, birjintasuna galduta, emakume askok jotzen zuen berriz bitartekari harengana laguntza eske, beren egoera berrian geratzen zitzaien bide bakarretako bat prostituzioa zelakoan». Halaxe jasotzen da liburuan.

Apaizen inguruan aritzen ziren prostituten kasu sonatuak ere jasotzen ditu Roqueroren liburuak. Harreman ezagunak ziren, epaiketara eramanak kasu askotan, baina beti emakumearen kaltetan eta apaizaren izena ahalik ondoen gordeaz.

Debekua eta zigorra ziren nagusi beraz. Prostituta asko eta asko izan ziren galeretara bidaliak. Izan ere, zigorrak norabide bakarra izan ohi zuen beti: emakumea.

Arautzearen lehen ahotsak

XIX. mendearen erdialdetik aurrera hasi ziren sumatzen prostituzioa arautzeko lehendabiziko pausoak, baina ez emakume horien egoera latza eta tamalgarria samurtzeko helburuz, gaixotasunak, kutsatzeko arriskua eta osasun publikoan izan zezaketen eragina kontrolatzeko asmoz baizik.

Bazen Donostian Justo Maria Zabala izeneko mediku sonatu bat, prostitutekin lan egiten ohitua zegoena eta haien lanbidea arautu behar zela ozen esan zuena. Hark proposatzen zuen osasun txartel bat izan zezatela, maiztasunez mediku azterketak izan zitzatela, non eta nola bizi ziren kontrolatzeko ahalegina egin zezatela... «Neurri horiek guztiek bezeroa zuten buruan, haren osasuna eta garbitasuna ziurtatzea. Prostitutek berme txartel bat izan zezatela, label moduko bat alegia. Ez zuen arrakastarik izan, inork gutxik nahi zuelako prostituten zerrenda horretan agertu», esan du Roquerok.

Arautzearen aldeko joeraren atzean garai bateko ‘gaitz erdi’ haren usaina zegoen. Beharrezkoa denez, arautu dezagun prostituzioa. «Ondo antolatuta, gizonen behar bortitzak asetzeko modua eman dezake eta hain izugarriak diren gaixotasun benereoak ekidin daitezke». Ideia hori nahiko orokortua zegoen, eta, ondorioz, Euskal Herriko herri eta hirietan onartzen joan ziren araudiak oso antzekoak ziren toki guztietan.

Maila desberdinak

Bazen beharrak, ezbeharrak eta babesgabetasun egoera batek ekarritako prostituzioa. Eta bazen luxuzko prostituzioa, puntako bizitza maila eramateko aukera ematen zuena. Biak jarduera bera izanagatik, ez ziren begirada berdinarekin neurtzen. Bata tamalgarri ikusten zen, lotsagarri, ezkutuko. Bestea, distiratsu eta prestigio handiko. «Emakumea gauza bat balitz moduan hartu izan da beti. Eta prostituta bazen, are ezgauzago. Dirua zeukan gizonezkoarentzat maitale bat izatea, ordaintzen zuen prostituta bat izatea, prestigio keinu bat zen, kasik auto on bat eta etxe izugarri bat izatearen pareko», kontatu du Charo Roquerok.

Maila bateko eta besteko prostituten egoerak muturrekoak ziren alor batzuetan. 1914. urtean Irungo Udaleko Osasun Ikuskaritza batek hala deskribatzen du herrian zegoen prostituta etxe bat: «Eraikin oso zahar batean dago, logelek sabai oso baxuak dituzte eta oso-oso txikiak dira. Aireak zikin usaina dauka eta kiratsa jasanezina da. Ez dauka komunik eta zikina lurrean eta altzarietan zabaltzen da». Prostituzio etxe hori ixteko agindua eman zuen Udalak. Berehala zabaldu zuen berriz jabeak, bizpahiru konponketa txiki egin ondoren eta berriz egoera oso tamalgarrian.

Beste muturrean dago garai bertsuan (1929. urtean) Julian Zugazagoitia idazleak bere testuetan egiten zituen Bilboko «tolerantzia etxeen» deskribapenak: «Giro alaia eta kezkarik gabea da abiada bizian aberastu den gizarte batean. Aberats berriek bazekiten nola dibertitu eta Bilboko aberatsen eta ‘mantendutako’ emakumeen arteko liskarrak nabarmenak dira; nork bitxi gehiago eta distiratsuago, nork etxe luxuzkoago... Aberats berrien garai honetan prostituta armada batek hartu ditu kaleak. Hasieran hiriko emakumeak eta, berehala, Frantziatik etorritakoak, diru berriaren usainera. ‘Zuga’ esaten zaie emakume frantsesei eta erabat aldatu dituzte bilbotarren gustu eta joera sexual zaharkituak».

Prostituzioari begira

Esaten da prostituzioa dela munduko esklabotza modurik zaharrena. Beste batzuen begietara, aldiz, munduko ofiziorik zaharrena da. Arautzearen eta abolizioaren artean dagoen labarrean mundu bat kabitzen da, lehen bezala orain prostituzioaren existentziarekin berarekin prostituten egoerarekin baino gehiago asaldatu ohi dena.

Charo Roqueroren ustez, «arazoa emakumearen aurkako indarkeria legitimatuta dagoela da. Zerbitzu sexual baten truke ordaintzen duen gizonezkoak ez dauka bidea libre bortizkeriaz jokatzeko eta nahi duen guztia egiteko prostituta horrekin. Eta arazoa da gizarteak hori normaltzat jotzea. Jarrera horiek amorrarazi egiten naute, eta kezkarazi. Tartean ordainketa bat egoteak ez du bortizkeria justifikatzen».