@Nagore Belastegi
DONOSTIA

Donostia 2016k arte eszenikoen bost proiektu hautatzeko deia egin du ‘Mugalariak’ programaren bidez

Donostia 2016 Fundazioak arte eszenikoen proiektuak hiritarren artean ezagutzera emateko balioko duen programa bat abian jarri du. ‘Mugalariak’ egitasmoak sortzaile, publiko eta kultur ekipamenduen arteko zubiak eraikiko ditu, baita Ipar eta Hego Euskal Herriaren artekoak ere. 

‘Mugalariak’ egitasmoaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
‘Mugalariak’ egitasmoaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostia 2016 Fundazioak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, arte eszenikoen proiektuak hiritarren artean ezagutzera emateko balioko duen programa abian jarri du. ‘Mugalariak’ egitasmoak sortzaile, publiko eta kultur ekipamenduen arteko zubiak eraikiko ditu, baita Ipar eta Hego Euskal Herriaren artekoak ere.

Programa honetan parte hartzeko egiten duten lehenengo deialdia izango da honakoa. Maiatzaren 5era bitartean proposamenak bilduko dituzte mugalariak@dss2016.eu helbidean eta horietatik bost hautatuko dituzte. Ondoren, Ipar edota Hego Euskal Herriko ekipamendu bat egokitu zaio bakoitzari, beharren araberakoa, eta ekipamenduen arduradunen lana izango da proiektu eszeniko horiek sortzen dituzten bitartean bitartekaritza artistikoan parte hartu nahi duen jendea bilatzea. Batez ere ikasleak izango dituzte helburu.

Iñaki Salaberria Donostia Kulturako ordezkariak esan duenez, haur eta gazteak antzezlan bat edo dantza ikuskizun bat egitea zenbat kostatzen duen jabetzen badira, horiek gehiago baloratuko dituztela. Proiektuak aurkezteko epea hiru astekoa besterik ez denez, jada ikuskizun bat prestatzen ari diren konpainiei zuzendutakoa da. Gehienez 8.000 euro jasoko du talde bakoitzak, proposamen originalak gorpuztu ditzaten. Informazio gehiago www.donostiasansebastian2016.eu atarian.